2020ko herri hauteskundeetarako urte bat falta delarik, lasterketa abiatzeko seinalea eman zuen EH Baik atzo goizean, Lekornen (Lapurdi). Lan eta prestakuntza goiza antolatu zuten militante, kide eta hurbilekoekin, eta agerraldia egin zuten ondotik, koalizio abertzalearen dinamikan parte hartzeko gomita eginez EH Bairen balioetatik hurbil sentitzen diren guziei. Helburu argi batekin: ahalik eta auzapez eta herriko hautetsi gehiena lortzea heldu den urteko bozetan. «Kudeaketa postuetan izatea eta tokiko gobernuetan sartzea da gure asmoa», adierazi dute.
Orain dela sei urteko formula bera errepikatzeko xedea dutela esan dute, «posible eta egoki» den herrietan zerrendak aurkeztuta, eta prest agertu dira beren oinarrizko balioak partekatzen dituzten indar politikoekin «bidearen parte bat» batera egiteko. Atzoko agerraldia EH Baik defendatuko dituen ideiak zerrendatzeko aukera ere izan zen.«Ondoko hamabi hilabeteetan, hautagai abertzaleek gure proiektua lau haizeetara zabalduko dute».
Herrietatik Euskal Elkargora
2020ko agintaldi berria «erabakigarria» izanen dela uste du EH Baik. «Euskal Elkargoa lehen urratsa besterik ez da, ongi kausitu beharreko urratsa urrunago joan ahal izateko, Ipar Euskal Herriaren errealitateari gehien egokitzen zaion estatus bereziko lurraldeko elkargoa eraikitzeko».
2020ko herriko bozetarako bere dinamikan parte hartzera deitu du EH Baik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu