Euskal selekzioari ofizialtasuna ukatzen zaion bitartean, gure zapaltzaile zuzenak diren Espainiako eta Frantziako estatu burgesen selekzioek Bilbon jokatzeko aukera izango dute, euskal burgesiaren babesarekin nahi ez dugun txapelketa inposatuz". Ez dute 2020ko Eurokopako taldeen faseko hiru partida eta final zortzirenetako partida bat Bilboko San Mames zelaian jokatzerik nahi. Eta ez dute Espainiako eta Frantziako selekzioek Euskal Herrian jokatzerik gura. Horregatik, Eurokopa honi ez! izeneko dinamika ipini dute martxan. San Mames zelai parean aurkeztu dute gaur arratsaldean 50 bat lagunek.
"G7arekin edo Espainiako Itzuliarekin egin duten bezala, Espainia eta Frantziako estatuek aukera guztiak baliatuko dituzte euskal langileriaren proiektu nazionala berriz ukatzeko", ohartarazi dute. Salatu dute Eurokopa "euska-espainiar burgesiak" Bilbora ekarriko duen hurrengo "makroekintza" izango dela. "Oraingoan, futbola izango da negozioa egiteko aitzakia. Baina ezin dugu analisia futbolera mugatu. Hau guztia estrategia konplexuago baten baitan dago: burgesiak haien klase interesen neurrira eraikitako hiri bihurtu nahi du Bilbo".
Euren iritziz, Eurokopak ez die aberastasunik ekarriko langileei. "Haien argi distiratsu, irribarre hipokrita eta lelo hutsen atzean langile klasearen esplotazioa, gure bizitzen prekarizazioa eta espazio publikoaren merkantilizazioa eta pribatizazioa baino ez da egongo". Andre prekarizatuen egoera "larriagotu" egingo dela ere iruditzen zaie: honelako ekitaldietan lan baldintzak okertzen zaizkiela eta egiten duten beharra gehiago gutxiesten dela esan dute. Garbitzaileak, ostalariak eta prostitutak aipatu dituzte.