«2020ko hamarkadan gertatutako sexu eraso baten seinalamendua» atzeman dute Betharramgo (Okzitania) ikastetxe katolikoko artxibo dokumentu batean, Frantzia Intsumisoko Paul Vannier eta Rennaissance taldeko Violette Spillebout diputatuek. Betharramgo aferaren harira Frantziako Asanblea Nazionalean sortu zuten eskoletako indarkeriari buruzko ikerketa batzorde parlamentarioaren kideak dira biak, eta, honako honetan, beraz, Betharramgo kasuen aztertzeko abiatu den inkestaren bi txostengileak.
Betharram ikastetxeko ikasle ohiek iazko urri hatsarrean sortu zuten Facebook talde bat eskolan zirelarik bizitako sexu erasoak eta bortizkeriak salatzeko. Ikastetxe katolikoko apez eta zaindari ohi batzuen kontrako 150 salaketa inguru bildu dituzte dagoeneko. Betharramgo inkesta parlamentarioaren harira, zenbait lekukori entzunen diete ostegunean, Frantziako Asanblea Nazionalean: Alain Esquerre Betharramgo ikasle ohia, biktima eta Facebook taldearen sortzailea bertan izanen da, lehena mintzatzen.
Seinalatutako erasoa joan den bost urteetan gertatutakoa denez, elementu oso garrantzitsua da Betharramgo aferaren bilakaeran, zeren orain arte ezagutarazi dituzten 150 salaketa eta seinalamenduak 1950 eta 2004 bitartekoak baitziren. Gainera, Elizako administrazioak behin baino gehiagotan osatu du bere defentsa indarkeria horiek gertatu ziren garaiaren aitzakiarekin. Marc Aillet Baionako apezpikuak joan astean egin zuen prentsaurrekoa lehentze, argudiatuz: «Zenbait gauza bagenekizkien, segur aski, baina erranen nuke Eliza ez dela ohartu. Omertá bat gertatu da, nolazpait». Isiltasunaren legea, alegia.
Halere, behin eta berriz errepikatu zuten biktimen zerbitzura direla orain, ahaleginetan ari direla halakorik gehiago gerta ez dadin: adibidez, Betharramgo kongregazioak komisio bat sortzeko ardura eman dio Louis Joinet institutuari, eta Anne Bisagni Faure Bordeleko akademiako errektoreak Betharramgo ikastetxearen kontrola abiarazi zuen astelehenean —ostegunera arte iraunen du—. Ordea, bada horien engaiamendua zalantzan jartzekoa: Aillet apezpikuak bere artxiboak partekatzeari uko egiten jarraitzen dio, eta behin eta berriz adierazi du Betharramgo gertakari horiek gaur egungoak ez direla; ikerketa parlamentarioak, haatik, bestela dio. Dena dela ere, Vannier eta Spillebout diputatuek zehaztu nahi izan dute horiek egiten duten lanak «ez duela justizia ordezkatzen».
Artxiboak eskas
Bi diputatuek inkestarendako egin behar duten lanaren gehiena artxiboak aztertzea da. Zera da arazoa: «Artxibo anitz eskas dira, zeinek gordetzen baitituzte salatuak izan diren zenbait apez eta zaindarien izenak». Eskas diren dokumentu horiek 2000. urtea baino lehenagokoak dira, hots, salaketen gehiengoari dagokion garaikoak. Vannierek azaldu du: «Elkarrizketarik ez omen da ikastetxearen eta akademia ikuskaritzaren, errektoretzaren edo ministerioaren artean. [2000. urtea] aitzineko garaiko dokumentuak jaso ezinak zaizkigu mementoko».
Spilleboutek zehaztu du gero ikastetxean gaur egun diren dokumentu guztiak eskura ukan dituztela, baina, «badela galdekatzekoa eskas direnei dagokienez». Adibide gisa, ikastetxeko erizain edo medikuaren txostenak aipatu ditu: «Izan dira langile batzuk aritu direnak aitzineko urteetan, hautatuak ikasleen lehen harremana izateko... Gaur egun dosier horiek ez dira eskuragai».
Datozen asteetan Betharramgo kongregazioko kideengana joko dute segur aski, haiek ukan ditzaketen zenbait informazio gehigarriren bila.