Herbehereetako Toxicowatch ikerketa zentroa 2019an hasi zen toxikotasuna neurtzen Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) eragin eremuan, erraustegia bera piztu aurretik. Ordutik hona, urtero aritu dira inguruko oiloen arrautzetan, hainbat motatako zuhaitzetan, sedimentuetan, uretan eta amen esnean laginak hartzen, eta ondorioztatu dute erraustegia martxan jarri zenetik nabarmen handitu dela hainbat toxikoren proportzioa lagin horietan. Erakunde independente horretako bi buruek —Abel Arkenbout eta Kirsten Bouman— eman dituzte emaitzak, Hernanin: Arkenbouten arabera, arrautzetan eta hainbat landaretan «dioxina kantitate handia» topatu dute 2022an eta 2023an, 2019. urtearekin alderatuta.
Toxicowatchen emaitzak, baina, oso ezberdinak dira Biogipuzkoak egindako ikerketarenekin alderatuta —Osakidetzaren menpekoa da erakunde hori—; duela bi aste adierazi zuten ikerketa horren arabera ez dutela ikusi epe motzeko eraginik osasunari dagokionez.
Arrautzei dagokionez, dioxina kantitatea nabarmen igo da 2019tik, Herbehereetako ikerlarien arabera: hamar leku baino gehiagotako arrautzak ikertu dituzte —batzuk erraustegitik hurbilago daude besteak baino—, eta lau urtean izugarri handitu da dioxina kantitatea. Erraustegitik 2,5 kilometro ingurura dagoen baserri bateko arrautzetan, adibidez, 4,7tik 11ra igo da dioxina kantitatea, eta bost kilometrora dagoen Hernaniko baserri batean 7,6tik 35era (ia lehen halako bost). Erraustegiaz gain bestelako aldagaiak ere hartu dituzte kontuan: trafikoa, egur industria, industria kimikoa...
Landarediari dagokionez, erraustegitik metro gutxira dagoen leku bateko goroldioan 0,13tik 29,38ra igo zen dioxina kantitatea (226 bider gehiago). Pinuen arantzetan ere antzeman dute mota guztietako dioxinek gora egin dutela, baita gorostietan ere. 2019an detektatu ezin ziren kutsagarri batzuk ere detektatu dituzte 2022an eta 2023an, PAHak eta PFASak.
Erraustegitik gertu dagoen Arkaitzerrekako bi gunetan hartu zituzten ur laginak: batean litroko 63 nanogramo eta bestean 140 nanogramo PFOA topatu zituzten 2021ean. Datu horiek Herbehereetan duten mugarekin —litroko 0,3 nanogramo— alderatu dituzte: «Zubietan muga hori 210 eta 466 aldiz gainditu da», azaldu du Boumanek.
Ikertzen jarraitu beharra
Herbehereetako bi zientzialariek ondorioztatu dute Zubietako erraustegia piztu zenetik handitu egin dela hainbat gai kutsatzaileren presentzia, baina gaineratu dute gutxienez 2025era arte jarraituko dutela ikertzen. Izan ere, Zero Waste Europe sareak zazpi erraustegi ikertuko ditu zer-nolako eragina duten jakiteko, eta tartean da Zubietako erraustegia; Madrilgoa, Pariskoa, Belgikako bat, Txekiako bat, Lituaniako bat eta Herbehereetako bat ere ikertuko dituzte.
Zubietako erraustegiaren kasuan, 2019an hainbat amaren esnearen laginak ere hartu zituzten, baina gerora ez dute lortu gauza bera egitea; Boumanek eskerrak eman dizkie orduan parte hartu zuten emakumeei, eta nabarmendu lanean jarraituko dutela 2025ean halako beste laginketa bat egin ahal izateko.