2019. urteko Zinemira saridun Txepe Lara atxilotu dute Madrilen

Arriya, Aupa Etxebeste! eta Zigortzaileak filmak ekoitzi ditu, beste 70 filmen artean. 75 urte ditu.

Txepe Lara, Donostiako Zinemaldiko Zinemira saria jasotzeko ekitaldiaren aurretik, 2019ko irailaren 24an. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Edu Lartzanguren.
2023ko apirilaren 17a
16:56
Entzun

Bideo bat sareetan bolo-bolo zabaldu da asteburuan. Horretan, Madrilgo udaltzain talde bat agertzen da, adineko gizon bat lurrera botatzen eta atxilotzen. Azken orduetan jakin da gizonezkoa Txepe Lara zinema ekoizlea dela, euskal zinemako film askoren bultzatzailea.

Larunbat arratsaldean atxilotu zuten Lara. Lekukoen arabera, udaltzainek bi gazte magrebtarren kontra jo zuten Lavapies metroaren inguruan, eta haiek defendatzen saiatu zen Lara. Udaltzainen bertsioaren arabera, gazteek agenteak iraindu zituzten, eta Larak borra kendu zion horietako bati. Lekukoek jasotako irudietan ikusten da poliziak lurrera bota zuela Lara –75 urte ditu–, eta eskuburdinak jarri zizkiola.

Poliziaren atestatuan adierazi dute Larak bere burua bota zuela lurrera, «konortea galdu izanaren plantak egiten, ingurukoak asaldatzeko asmoz», nahiz eta bideoan argi ikusten den polizietako batek zangotraba bat eginez bota zuela zinemagilea.

Donostiako Zinemaldian Zinemira saria jaso zuen Larak 2019. urtean, zinemagintzan eginiko lana eskertzeko. Izan ere, denera 30 film luze eta 40 labur ekoitzi ditu. Azken horien artean, Asier Altuna eta Telmo Esnalen Txotx (1997), 40ezetz (1999), eta nazioarteko hainbat jaialditan aurkezturiko Topeka (2002) daude, besteak beste.

BERRIAri kontatu zion orduan nola hasi zen zinemagintzan. Angel Amigorekin hasi zen kamerari laguntzaile gisa, eta gero filmak ekoizten. Hego Euskal Herriko zinemako teknikarien elkartea sortzen lagundu zuen 1985ean.

Igande eguerdian askatu zuten Lara, epailearen aurretik pasatu gabe. Ukatu egin du poliziari borra kentzen saiatu izana, eta adierazi du bakarrik kargu hartu ziola polizia bati, han zegoen bati bizkarrez borra kolpea eman ziolako.

Salatu du, halaber, 1974. urtetik 1982ra arte ETApm-ko kidea izan zela nabarmendu dutela hainbat hedabidek, zineman eginiko ibilbidea aipatu beharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.