Osakidetzan lan eskaintza publiko (LEP) ugari egin dituzte 2016tik, eta deialdi bat bera ere ebatzi gabe hasi zen 2025. urtea duela ia hilabete. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, ordea, hasia da irtenbide bati forma ematen. Alberto Martinez Osasun sailburuak gaur aditzera eman duenez, 2018-2019 aldiko LEParen postu guztiak adjudikatu dituzte, eta martxorako ebatzita egongo dira 2020tik 2022rako LEPak, baita 2021ean egin zuten egonkortzeko LEPa ere. Guztira 11.057 postu emango dituzte bi hilabetean, beraz.
Egonkortzeko lan eskaintza publikoko 3.723 postuak hil honen amaieran adjudikatuko dituzte; eta 2020ko, 2021eko eta 2022ko LEPetako 3.919ak, berriz, martxoan. Osasun Sailak aurreikusi duenez, postu horiek esleitutakoan Osakidetzako behin-behinekotasuna %10,72koa izango da.
Osasun sailburuaren arabera, adjudikazio horien bidez Osakidetzaren xedea zera da: «Batetik, Eusko Jaurlaritzak ezarritako helburua betetzea, hau da, Osakidetzako langileei egonkortasuna eskaintzea; eta, bestetik, erakundea Europako estandarrera egokitzea enplegu publikoaren behin-behinekotasun tasari dagokionez». Izan ere, Europako Batasunak eskatuta —besteak beste— ari dira administrazioak langile publikoak egonkortzen.
2016-2017ko deialdi ezaguna ez dute ebatziko, epaitegietan dagoelako oraindik. Auziak 2018an egin zuen eztanda: azterketetan filtrazioak egon zirela salatu zuten. EAEko Fiskaltzak oposizio horietan iruzurra izan zela esateko zantzu argiak sumatu zituen, eta, haren salaketa zela medio, Gasteizko epaitegiaren esku geratu zen. LAB eta ESK sindikatuak jardun ziren akusazio partikular gisa. Sei urteko instrukzioaren ondoren, auzia artxibatzea erabaki zuen epaitegiak iazko abenduan. Argudiatu zuen ez dagoela zantzurik adierazteko hemeretzi ikertuetatik hamazazpik informazioa filtratu zutela. Beste bi lagunen kasuan ere artxibatu egin zuen auzia, baina behin-behinean.
ESK sindikatuak, ordea, helegitea jarri zuen filtrazioen auzia artxibatzearen aurka. Osasun Sailak adierazi duenez, behin betiko epaia iritsi arte ez dute LEP hori ebatziko.
Beste LEP eredu bat
Adjudikazioak adjudikazio, oposizioek ez dute etenik Osakidetzan. 2023an, 1.265 postutarako lan eskaintza publikoa egitea onartu zuten; 1.896rako, iaz; eta 1.084rako, aurten. Postu horiek —guztira, 4.000 inguru— eskuratzeko oposizioetara deituko dute ekainetik aurrera, eta azterketak datorren urtean egiteko asmoa dute.
Osasun Sailak aditzera eman duenez, Osakidetzako mahai sektorialean adosten ari diren LEP eredu berria izango du deialdi horrek. «Lehen mailako arretako lantalde guztiak egonkortzeko aukera emango du, lehiaketa eta lehiaketa-oposizioko sistema arinagoen bidez», adierazi du Osasun Sailak ohar baten bidez.
Dena dela, eredu hori negoziatzen ari dira Jaurlaritza eta sindikatuak. Irailean adostu nahi du Jaurlaritzak, oposizioak abenduan onartzeko eta azterketak datorren urtean egin ahal izateko. Horrez gain, lanpostu funtzionalen dekretua onartu asmo dute, espezialitate berriak ere deialdi horretan sartzeko.
Postu horiek ematean, Osakidetzako langileen behin-behinekotasun tasa %9 ingurukoa izango dela aurreikusi du Jaurlaritzak.
Beste 200 postu
Legealdia hasi zenetik, betetzeko zailak ziren postuei buruz hitz egiten ari da Osasun sailburua, eta jada esan du noiz egingo den horrelako 200 postu inguru adjudikatzeko lehiaketa: apirilean. Lehiaketa hori ere sindikatuekin negoziatzen ari da mahai sektorialean, eta postuak ekainean ematea aurreikusten du. 200 postuz gain, 2028tik 2022ra bitarteko LEPetako postuen adjudikazioan bete gabe geratuko diren postuak ere eskainiko dituzte lehiaketa horretan.
Zeintzuk dira, ordea, betetzeko zailak ziren postuak? Gaur xehetasun gehiago eman ditu Martinezek, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean. Landa eremuan dauden osasun zentroetako eta «herriguneetatik oso urrun» dauden lekuetako familia medikuentzat, pediatrentzat eta psikiatrentzat dira postuak; Turtzioz, Ataun, Oion, Errigoiti, Igorre, Bergara, Arrasate eta Arabako lautada aipatu ditu. Indize sozioekonomiko baxua duten metropoli eremuetako postuak eta etengabeko arretako gune guztietakoak ere lehiaketa horretan eskainiko dituzte.
Postu horietan egongo diren sendagileei zenbait pizgarri eskaini nahi dizkie Osasun Sailak, eta hauek proposatu asmo dizkio sektoreko mahaiari: lantokira joateko behar den denbora lanorduen barruan sartzea, eta LEPetako merituen parte bihurtzea postu horietan lan egitea, besteak beste. Betebehar bat ere izango dute lehiaketa publiko horretan postua lortuko dutenek: gutxienez hiru urtez egon beharko dute lehiaketa publiko bidez lortutako lekuan.