Nafarroako gizartea aldatu zen, baina ez hainbeste. Aldaketaren aldaketa etorri da. Herenegungo emaitzek agerian utzi dute duela lau urteko olatuak atzera egin duela, udaletan zein parlamentuan. Bi eremu horietan, Navarra Suma nagusitu da, baina erakundeetako gobernuen giltza berreskuratu du PSNk. Iraganeko agertokien antza hartu du Nafarroako politikak, baina oraindik ere laukoak babes handia du (parlamentuan 20 eserleku). Hurrengoa gobernua zer kolore politikokoa den argitzea falta da. Negoziazio prozesu konplexua hastear da.
NAVARRA SUMA
Batuketak balio izan die
Hauteskunde logikaren ikuspegitik, zalantzarik gabe, koalizioaren aldeko apustuarekin asmatu dute. Hiru indarrak batuta, eragotzi egin dute PPren gainbeherarekin milaka boto batzuk bidean galtzea; eta halaber, 2015ean ez bezala, Ciudadanosen botoek ere norabide berean bultzatu dute. Laukoaren aurkako diskurtso sinplistarekin eskuin sektorea mobilizatu dute, eta lausotu egin dituzte hiruren arteko desberdintasun politikoak. Voxek ez ditu batere higatu. Apirilaren 28an eskuin muturrari botoa eman zioten 17.660 herritarretatik hiru laurdenek oraingoan Navarra Sumari eman diote. Deigarria izan da Voxek ez duela batere kanpainarik egin. Hartara, hiru alderdiek 2015ean lortu baino 8.359 boto gehiago irabazi dituzte —18.352 gehiago baldin eta Ciudadanosen 9.993 botoek ez zutela balio izan kontuan hartuz gero—.
Hala ere, dena ez da urre koloreko. Hiru alderdik bat egin behar izan dute 2011n UPN zegoen tokira itzultzeko eta 19 parlamentari eskuratzeko. Zortzi urteko egoerarekin alderatuta, eskuinak 10.689 boto galdu ditu.
Nafarroako Gobernuari zein hainbat udali begira PSNren beharra dute, baina zailtasun handiak izango dituzte sozialisten babesa lortu eta iraganeko entente ezagunera iristeko. Sozialistek UPNrekin bat egin dute %90ean parlamentuan, baina PSNk ondo gogoan du 2007ko abuztuko kolpearen edo 2014ko martxoko erabakiaren ondorioz ordaindu zuten faktura, jasandako higadura.
Oraingoan, Ciudadanos eta PP bidaide izateak ez dio laguntzen UPNri, eta Txibitek Esparza ez duela babestuko zin egiteak urrundu egiten du aukera. Ez erabat, jakina. Zailtasunen jakitun, Navarra Sumak PSNren gaineko presioa areagotuko du. Atzo, Javier Esparza hautagaiak lehen telefono deia egingo zion Maria Txibiteri, konstituzionalisten arteko elkarrizketa eskatuz. Agintari sozialistak erantzun zion «gobernu aurrerakoia» osatuko duela. Esparzak, prentsaurrekoan, nabarmendu zuen PSNren posizioa «bideraezina» dela. «PSNk edo Navarra Sumarekin hitzartzen du edo EH Bildurekin».
Hala ere, kudeatzeko zaila den egoera du aurrean Esparzak. Eskuinaren diskurtso politikoa markatzeko autonomia galdu du. Iragan legealdian PPk baldintzatu egin zuen, eta ikusi beharko da zenbateraino gai den urrats propioak egiteko.
LAUKOA
Hirugarren zutarria falta da
Laukoak sei parlamentari galdu ditu lau urteotan. Geroa Baik 5.609 boto irabazi ditu, eta EH Bilduk 1.578. Igoera txiki horiekin, bi alderdi abertzaleak zeuden tokian geratu dira, diferentzia handi batekin. Bigarren indar izateko lehia horretan, PSN gailendu egin zaie, eta, horri esker, sozialistek negoziazioetan ekinaldia hartzeko zilegitasuna irabazi dute.
Ahal Dugu amildu da, batik bat. Espainia osoan Podemosek izan duen lurrikara ere Nafarroara heldu da. Azken urtebetean taldean izan duten krisiak ez die lagundu: ahotsik gabe geratu dira parlamentuan, ekaitzari aurre egiteko baliabiderik gabe. Hauteskundeek baieztatu dute aldaketaren alde ahula zela, baina ezin da ahaztu ere, haren bat-bateko agerpenak ekarri zuela aldaketaren gehiengoa. 30.083 boto galdu ditu, eta horiek ez dira joan ez Geroa Baira ez EH Bildura ere.
Ezkerrari apustua herren atera zaio. Ahal Dugu-ren barne krisia profitatuko zuela uste zuen, baina ez du gora egin, alderantziz baizik. 2.256 boto jaitsi, eta ozta-ozta saihestu du hondamendia, parlamentutik at geratzear egon baita —gainera, oraindik ez dago argi hala izango den, haren eserlekua dantzan baitago, azken kontaketaren zain; eta litekeena da Navarra Sumaren hogeigarrena izatea ere. Bihar dira erabakitzekoak—.
Orain, ikusi beharko da zer jarrera hartzen duen alderdi bakoitzak. Ezkerra eta Ahal Dugu-ren kasuan, ikusi beharko da egunotan zer ondorio hartzen dituzten galeraz, eta etorkizun hurbil zein luzera begira norantz jotzen duten galdutako eremua irabazteko norabidean. Emaitza txarrek eraman dezakete pentsatzera, oposizioaren diskurtso antiabertzaleak kalte egin diela, eta, ahultasunetik bada ere, PSNren negoziazio jokoan sartzea delibera dezakete.
Beste aukera da laukoak, bere osotasunean, kohesioari eustea:gutxieneko jarrera batzuetan oinarrituta, lau urtetan eraikitakoari eusteko.
PSN
Doinua jarriko dute
Maiatzaren 26ko irabazle garbia izan da, baina, orain, biharamuna kudeatzea egokituko zaio. Legealdi osoan, parlamentuan eskuinaren eskutik joan diren sozialistek Espainiatik zetorren olatua baliatu dute, eta 24.979 boto irabazi dituzte 2015etik hona.
Negoziazioei begira, lehen partida udaletan jokatuko da. Iruñean edo Lizarran, bere botoak erabakigarriak ez badira ere, Maite Esporrinek «agur, Asiron» esateak laburbiltzen du euren asmoa. Halere, kartak beste hainbat udaletan azaldu beharko dituzte batik bat: Burlata, Eguesibar, Uharte edo Barañainen, alkatetza Navarra Sumari edo beste hautagaitza bati emateko giltza dute.
Duela lau urte negoziazioen gidaritza Geroa Baik hartu zuen modu berean, orain Uxue Barkosek zilegitasun bera aitortu dio Maria Txibiteri. Hala ere, joko eremua marraztu dio: udaletan gertatzen denak garrantzia izango du, eta akordioa lortu beharko dute «anbizio posizioei uko eginda». Ikusi beharko da zer eduki eta proposamen mahai gaineratzen dituen PSNk: lau urtetan eraikitakoa eraitsi nahi duen edo haren gainean eraiki. Edo PSN edo Navarra Suma... Ezbai hori planteatuz eta eskuinaren mehatxua astinduz, indar posizioa bila dezake bazkideen aurrean.
Ezin da ahaztu PSNk marra gorria ezarri diola EH Bilduri. Hemen ere indar posizioa bilatu nahiko dute, Iruñeko alkatetza eta ziurrenik beste hainbat udal kendu ostean, abstentzioa doan eskatzera behartuz. Azken finean indar posizio batetik, solaskideakestu sartuz, PSNk ahalik eta gehiena lortzea du helburu, ahalik eta gutxiena ordainduta. Ikusi beharko da laukoak nola jokatuko duen ur nahasi horietan. Laukoaren kohesioa izan daiteke estrategia hori desaktibatzeko baliabiderik egokiena, eskuinaren eta ezkerraren artean aukeratzera behartuz PSN. Eta guztien gain, erlojuaren tiki-taka. Hiru hilabete dituzte aurrean, eta bozen errepikapena ezin da baztertu.
Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena
2015eko olatuak atzera egin du
Ezkerrak eta Ahal Dugu-k 32.339 boto galdu dituzte, PSNren mesedetan. Txibitek Esparzari azaldu dio «gobernu aurrerakoia» osatuko duela, eta hark erantzun dio bere posizioa «bideraezina» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu