Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi duenez, gaurgero 200dik goiti artistak eman diete atxikimendua. Tortura, demagun epe hori amaitu dela izeneko manifestua izenpetu dute guziek, eta larunbat honetan Iruñean eginen duten manifestazioan parte hartzera deitu dute. Torturaren Biktimak Babesteko Nazioarteko Egunaren bezpera da larunbata, eta horren karietara deitu dute protestara: 18:00etan abiatuko da, Iruñeko autobus geltokitik. Torturatuentzako «aitortza eta ordaina» eskatuko dituzte manifestazioan, eta gaia hasia da instituzioetan bidea egiten, pixkanaka: izan ere, Nafarroako Gobernuak 1979tik gaurdainoko torturak aztertzeko deialdia adjudikatu zuen joan den astean. EHUko Euskal Kriminologiaren institutuak eginen du ikerketa, Pako Etxeberriaren gidaritzapean. Asmoa da, hala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako antzeko ikerketa bat egitea Nafarroan ere.
Nafarroako Torturatuen Sareak azaldu duenez, tortura jasan duten milatik goiti nafarrentzat «laguntza erreparatzailea» da atxikimendua eman duten sortzaileen zerrenda, baita «Nafarroako kulturaren lagin ikusgarria» ere: «Bertan daude, besteak beste, Juan Gorriti, Jorge Oteizarekin lehen urratsak eman zituena, eta Sarai Robles, 2014an lehen aldiz eszenatokira igo zena bertsotan aritzera; musikari eta musika estilo desberdinetako taldeak, hala nola El Columpio Asesino eta Serafin Zubiri; Floren Aoiz eta Pello Salabururenak bezain urrun dauden jarrera politikoak; Montxo Armendariz eta Aitor eta Amaia Merinorenak bezalako harreman zinematografikoak; Txema Aranaz, Jose Mari Esparza, Mari Jose Ruiz edo Xabier Olarra bezalako editore historikoak, belaunaldi berriekin batera bizi direnak, hala nola Lander Majuelo, Garazi Arrula edo Ane Eslava; Juan Gorriti, Dora Salazar, Xabier Morras edo Xabier Idoate bezalako artista nafarrak, Abel Azcona, Santos Bregaña edo Maite Mutuberria bezalako artistei lekua utzi dietenak; Marino Goñi, El Drogas, Aurora Beltran, Brigi Duque, Tonino Carotone edo Kutxi Romero bezalako musikari nafar historikoak, hainbat belaunalditako musikariekin batera».
Nafarroakoak ez diren 40 bat sortzaileren babesa ere jaso dute, sarearen hitzetan, «torturatuei babesa eman nahi izan baitiete jasan zutenaren salaketan eta eskatzen duten errekonozimenduaren aldeko borrokan». Horien artean nabarmendu dituzte nazioarteko hainbat sari lortu dituzten artistak, baita Noam Chomsky eta Slavoj Zizek bezalako pentsalariak ere. «Orain arte Nafarroan inoiz ez du mobilizazio batek garrantzi horretako babesik jaso», torturatuen sareak jakinarazi duenez: «Nafarroako Torturatuen Sarea osatzen dugun gizon-emakumeok eskerrak eman nahi dizkiegu, beren diziplina artistikotik, ospetik eta kulturaren arloan duten posiziotik, gure aldarrikapenak babestea erabaki duten pertsona guztiei». Aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea eskatu dituzte, «inoiz baino gehiago».