Ana Sofi Telletxea. Caritaseko Analisi arduraduna

«2008tik ez genuen halako egoera bat izan. Krisi egoeretan gertatzen da»

CARITAS.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Zein da 2020ko datuetatik atera beharreko ondorio nagusia?

Pandemiak ekarri dituen arazo sozial eta ekonomikoak bereziki larriak izan dira lehendik ahul edo integrazio prekarioan zeuden pertsonentzat eta familientzat. Prekaritatetik pobreziarako saltoa eragin die.

Eta horrek pandemiaren aurreko egoerara ere eraman behar gaitu, gizarte eredu honetan pobrezia eta bazterketa estrukturalak direlako. Iaz Caritasera lehen aldiz jo zutenak aurretik ere ez zeuden integratuta, lanpostu prekarioekin edo kontraturik gabe baitzeuden. Enplegu mota horrek ez du babesik sortzen, eta, egoera gehiago zaildu denean, egun batetik bestera pobrezian jausi dira.

Nabarmen ugaritu dira Caritasera lehen aldiz jo dutenak.

2008tik ez genuen halako igoerarik izan. Krisi egoeretan gertatzen da, lanik ez dagoenean, etxeko gastuei ere aurre egitea arazo bilakatzen baita.

Askoz zailagoa da egun batetik bestera alda daitekeen egoera bati berriz buelta ematea, ezta?

Hala da, besteak beste, harreman sare baten falta dutelako. Bakarrik egonda, askoz zailagoa da arazoei aurre egitea. Pobrezian mantentzeko faktore nagusietako bat da. Hori, eta eskubideen arloan ere guztiz babesgabe daudela, askotan ez baitituzte betetzen ezta diru sarrerak bermatzeko errentaren moduko laguntza minimoak eskatzeko baldintzak ere.

Etxea, lana eta komunitatea dira oinarrizko hiru ardatzak?

Horiek ezinbestekoak dira, baina, eskubide sozial klasikoez gain, orain arte oharkabean igaro diren beste bi faktore aldarrikatzen ditugu. Bat eskubide digitala da, ahul daudenekiko arrakala nabarmentzen ari delako; faktore baztertzaile garbia da. Eta bestea inpaktu emozional eta psikologikoa da. Orain hasi gara horri buruz hitz egiten, baina gaia gizarteratuta daudenen artean zentratu da, eta ez hainbeste baldintza prekarioenean daudenengan, ezta haien seme-alabengan ere. Gurasoak hain egoera zailean ikusteak eragin handia du haurrengan eta gazteengan.

Gizarteak ispiluan begiratzeko garai egokia izan daiteke, ezta?

Eraldaketa sozialerako garaia da, bai. Egoera honek gure inkoherentziak azaleratu ditu: muturreko indibidualismoa, optimismoa, materialismoan oinarritutako zoriona... Hori guztia irauli egiten da gure ahultasun propioak ikusten ditugunean, eta beste alderdi batzuen garrantziaz jabetzen garenean: bizitzen zaintza, harremanak, paradigma komunitario eta publikotik denonak diren arazoei erantzutea... Hausnarketarako elementu batzuk ditugu, jasandako sufrimendu guztia alferrikakoa ez izatea egin dezaketenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.