Orain hiru urte Jot Down aldizkarian Euskal Herriko 20062007ko bake prozesuaz zerbait erantzun zuen Jose Manuel Gomez Benitezek (Jaca, Espainia; Madrilen bizi da txikitatik; 1950), eta, oraingoan, lehen aldiz, prest azaldu da luze eta zabal aritzeko, BERRIArekin. Atzo zortzi izan zen hitzordua, Madrilen. Hiru orduko solasaldia. 2008-2013 artean CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidea izan zen, eta, besteak beste, Felipe Gonzalezen eta Baltasar Garzonen abokatu arituta dago. Zigor Zuzenbideko katedraduna da, eta berriki erretiratu da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.
Nork deitu zintuen 2006-2007ko prozesuan parte hartzeko?
Barne ministroak [Alfredo Perez Rubalcabak]. Konplutentsean biok irakasle ez-numerario ginenetik ezagutzen nuen; gero, harreman pertsonala izaten jarraitu genuen. Ez naiz PSOEkoa izan inoiz.
Zergatik deitu zintuen?
Pentsatzen zuen osatu egin behar zela gobernuaren negoziazio taldea. Alderdi sozialistarentzako abokatu gisa egin nituen kontu batzuetan lanean ikusi ninduen, eta iritzi ona zuen negoziaziorako nire gaitasunaz, oinarrizko eskubideei buruzko nire ezagutzaz, zigor zuzenbide prozesalaz, zigor eta espetxe eskubideaz, eta, halaber, esan zidanez, iritzi ona zeukan Euskal Herriko indarkeriaren arazoaz neukan jarreraz. Negoziazioaren une delikatu batean egindako apustu pertsonal bat izan zen.
Berehala onartu al zenuen?
Beti pentsatu izan nuen ETArekin hitz egin behar zela, negoziatu, soluzio poliziala ez zela ari funtzionatzen. Independentzia albo batera utzita, politikako eta espetxeetako esparru batzuetan posible zen akordioak lortzea. Baina, gainera eta batez ere, jende askoren sufrimendua bukatzen laguntzeko aukera eskaini zidatenean ezin nuen beste alde batera begiratu.
Zure lehen bilera 2006ko irailaren 26an izan zen. Josu Urrutikoetxearen azkeneko hitzordua izan zen. Xabier Lopez Peñak hartu zuen ETAren agintea. Garrantzitsua izan zen al aldaketa?
Garrantzitsua izan zen haren ordezkaritzaren buruzagi aldaketa. Oso garrantzitsuak dira pertsonak. Batek besteak baino gaitasun handiagoa zeukan negoziaziorako; haren ordezkaritzako aurreko buruzagiak gehiago zeukan negoziazioa buruan. 2006ko uztailean ETAn zerbait aldatu zen.
Ekaineko bileran, ETAko bozeramaileek «prozesua gelditzen ari da» adierazi zuten, atxiloketak, presio soziala eta abar baitzeuden. Iraileko bilera baino hiru egun lehenago, berriz, ETAk ekitaldi bat egin zuen Aritxulegin.
Presio giro bat zegoen. Negoziazioa ez da bileretan gertatzen dena bakarrik, baizik eta lehenago eta ondoren gertatzen dena ere bada. Nik neuk ulertu nuen hura dena iraileko bileretarako ETAk egindako prestakuntza zela.
Aurreakordio batzuk al zeuden ETAren eta gobernuaren artean?
Su-etenerako aurreakordio batzuk zeuden, soluzioak baino arazo gehiago sortu zituztenak. Batez ere, ETAk ezinezko interpretazio bat egiten zuelako; hau da, absurdoa. Eta uko egiten zion beste konpromiso batzuk betetzeari. Eta gobernuak zenbait muga zeukan, zerikusia dutenak zuzenbide estatu baten funtzionamendu normal eta ohiko batekin. Muga politikoak ere bazituen.
Zein zen ETAren «ezinezko interpretazioa; hau da, absurdoa»?
Sinplifikatuz, guk ez dugu hiltzen, zuek ez gaituzue atxilotzen, horretan zetzan ETAk akordioaren hein handi batez egiten zuen interpretazioa. Esaten genien erakundeko kide izateagatik ez ezik hilketengatik, bahiketengatik, legez kanpo armak eta lehergaiak izateagatik, autoak lapurtzeagatik... ere jazartzen zitzaizkiela epaileak eta poliziak.
Batasuneko eledun Arnaldo Otegi espetxeratu egin zuten ETAren 2006ko su-etenetik astebetera.
Negoziazioa hondatzen saiatzeko PPk mendira jo zuen moduan, ezin dizut ukatu epaile eta fiskal batzuek arrasto berari segitzen ziotela. Ez dakit Otegiren atxiloketa hori oinarrituta zegoen ala ez. Baina atxiloketak ez ziren arazo bakarra.
Zein ziren besteak?
Bi bideko negoziazioa. Bi mahai bereizi adostu ziren: mahai politiko bat eta mahai tekniko edo militar bat. Baina, Loiolako elkarrizketen garapena ikusi zuenean, ETA ukatu egin zen Batasunaren esku uztera negoziazio politikoaren gidaritza. ETAk gobernuarekin zuzenean negoziatu nahi zuen politika. Beraz, bi bideek huts egin zuten ETAk Loiolan euskal alderdien arteko elkarrizketak hondatu zituenetik. Alderdien mahai politikoa gobernuarentzat ezinbesteko atala zen, erakundearentzat ez.
Loiolako elkarrizketak iraileko zuen bilera baino sei egun lehenago hasi ziren.
Prozesu horretan geneukan helburuetako bat zen Batasunari erakustea politika egin zezakeela ETAtik aldentzen bazen eta haren menpeko izateari uzten bazion.
Mahai politikotzat har zitekeen?
2006an mahai politiko batek egon behar zuen, zeina ez zen zehatz-mehatz Loiolakoa. Aurreikusitako mahai hori ez zen sekula bildu; Loiolako bilerekin ordezkatu zen.
Zer zen «aurreikusitako» hori?
Euskal alderdien artean gai politikoez eztabaidatuko zen mahai bat, Loiolako mahaia baino formalagoa. Baina ETAk mahai tekniko edo militarretik bereizita zegoen mahai politikorik ez zuen nahi.
2006ko ekainaren 29an, ETArekiko elkarrizketa iragartzean, Zapaterok esan zuen: «Demokraziak ez du inolako prezio politikorik ordainduko bakea lortzeko». Euskal herritarren erabakia errespetatuko zuela ere bazioen.
Mezua, esan zidatenez, oso pentsatua zegoen. «Euskal herritarrak» ez dira nafar herritarrak, eta, beraz, ez zen ari bi erkidegoetako erreferendum bakar bati buruz, ezta Nafarroako erreferendum bati buruz ere. Gainera, guztia, egitekotan, legezko bidetik egin behar zen. Horrez gain, mezuak esaten zuen ez zuela ETArekin politikaz hitz egingo.
Mahai teknikoan hartzen zenuen parte. Zer egiteko zeneukan?
2006ko bilerek ez zuten zerikusi handirik aurreakordioen mahai teknikoarekin, haren funtsezko edukiarekin: zer egin presoekin, errefuxiatuekin, iheslariekin, nola eraman aurrera armagabetzea eta ETAren egituraren desegitea... Ia ez ziren jorratu.
Egigurenen arabera, gobernuak preso bakoitzaren fitxa zeukan.
Oso plan zehatzak zeuden. Baina ETAk ez zituen entzun nahi izan.
Zer plan ziren?
Lehendabizi, espetxe legedia ezarriko litzateke geneuzkan planetan, baina legeak interpretazioak onartzen ditu presoen gerturatzeaz, espetxe sailkatze eta erregimenaren malgutze tramitazioaz... Proposamenak faseka eta delituen larritasunaren arabera aztertuta geneuzkan. Batzuetan, horrek lege erreformen beharra eskatzen zuen; hori ere mahai gainean zen.
2006-12-29, Zapaterok: «Duela urtebete baino hobeto gaude, eta urtebete barru gaur baino hobeto egongo gara».
New Yorken nintzen. Irakurri nuenean, ezin nuen sinetsi. Egun gutxi batzuk lehenago bukatu zen ETArekin azkeneko bilera. Urtarrilerako hitzartu genuen hurrengo bilera. Nahiz eta ez zegoen akordiorik, elkarrizketaren oinarri batzuk ezarri genituen; esate baterako, Alderdien Legeari buruz. Dena dela, Barne ministroaren aurrean abenduko bilera horiez egin nuen azken balorazioa «oreka ezegonkorrean» geundela izan zen. Gainera, ohartarazi nuen erakundea oso sentibera zela mezu triunfalistekin. Egiguren ere bazegoen.
ETAk ohartarazia zuen erantzun egin zezakeela. Historikoki inoiz ez zuen egin atentaturik menian.
Eta pentsatzen genuen ez zela inola ere ariko. Batasunak ere ez zuen uste, aurrera egiteko esparru bat baitzegoen. Hain zuzen, Otegik iritzi zion T4ko atentatuak [2006-12-30] ez zuela inolako zentzurik. Ez zen presio ekintza bat, ETAk zioen bezala; haustura ekintza bat zen. Aurrera egiteko esparru politiko bat egonik ?ETAk ez baitzuen independentzia planteatzen?, erreferendum bakar bateko eta boto sozialista gatibu zela autonomia estatutu bakarrera iristeko beharrik izan gabe, atentatu horrekin Batasuna ikusten hasi zen ETA zela traba negoziaziorako eta bere etorkizun politikorako.
Rubalcabak esan zuen T4koarekin ETAk «bake prozesua hautsi, akabatu eta amaitu» zuela.
Guk kontaktu ona genuen Erresuma Batuko Gobernuarekin eta Sinn Feinekin. Eta tentsio goreneko uneetan, T4koan bezala, denek adierazten ziguten beharrezkoa zela ETArekin harremana ez haustea. T4koaren ondoren, kontaktuak zeharkakoak izan ziren, Henri Dunant zentroaren bidez.
Zuen aldetik, nor zegoen?
2007ko maiatzera arte, ni.
Batasunak ETAri eskatu zion itzul zedila su-eteneko konpromisoetara. Urrats historiko gisa hartu zen hura. Zuentzat zer esanahi izan zuen?
Norabide onean gindoazen baieztapena zen. Bakea negoziatuta ez bazen lortzen, ezker abertzalea ETAtik aldenduz erdietsiko zen.
2007ko lehen bilera martxoan izan zen. ETAk zioen prest zela bere «borroka armatua indargabetzeko eta egitura militarrak desegiteko». Baldintza moduan jarri al zuen akordio politikoa?
Jakina hori zela baldintza. Batasuna eta Euskadiko Alderdi Sozialista EAEren eta Nafarroaren arteko lankidetzarako balizko organoez hizketan ari ziren, bi erkidego autonomoen arteko gerturatze prozesu bat diseinatzen saiatzen ari ziren... Sinn Feinek berak esan zion ETAri: «Zilegi da autonomia estatutu bakar bat nahi izatea zuek, baina zentzuzkoa ez dena da zuek exijitzea beste parteak, alderdi sozialistak, zuen jarrera defendatu behar izatea erreferendum batean. Hori bere garaian ikasi genuen guk Ipar Irlandan». Gobernua ez zegoen autonomia estatutu bakarra negoziatzearen eta are gutxiago defendatzearen alde, eta ETAk nahi zuen erreferendum hura ezin zen legezkoa izan. Horregatik hautsi zuen ETAk negoziazioa, nazioarteko bitartekari denen aurrean. Handik aurrera, mahai teknikoan erabat jarrera publizitarioa izatean oinarritu zen haren estrategia: armagabetzea eta egitura militarren desegitea eskaintzen zituen, eta galdetzen zuen ea zein zen, bada, arazoa.
Azken saio bat egin al zenuten?
Negoziazioa hautsita egon ondoren, azken ahalegin bat egin nuen. Nazioarteko bitartekariekin bilera bat antolatu nuen. Gobernua negoziazio politikoan ez inplikatzeko ministroaren aldetik nituen aginduak ez nituen bete, baina iruditzen zitzaidan hain dramatikoa eta hain absurdoa zela horrela bukatzea... Otegik pentsatzen zuen bazegoela berriro negoziazioari heltzerik, informazio hori neukan, eta nazioartekoei esan nien gerturatze baterako beste bide baten saioa egin zezatela. ETAko ordezkariak, han geratzen zen bakarrak, esan zuen hori bukatu zela.
Otegik maiz esan du ezker abertzalea indartsu sentitzen zela politikari buruz hitz egiten zenutenean ?adibidez, lurralde auzian?, eta gobernua, ahul.
Gobernuak ez zuen nahi Batasuna heltzen zen tokira iristerik. Hori nabarmena da. Eta Barne ministroa egoera zailean zegoela ere nabarmena da; izan ere, batetik, negoziazioa aurrera atera nahi zuen, bakea lortu, baina, bestetik, porrotaren ondorio politikoak aurreikusi behar zituen. Gainera, PP ez zen negoziazioaren gaian estatu politika bat egiten ari, baizik eta soil-soilik elektoralista.
Uste al duzu su-etena bukatzeko erabakia hartuta joan zela ETA Genevara, maiatzeko saioetara?
Bere proposamen politikoa osorik ez bazen onartzen, bai. Ez zuen izan inolako malgutasunik, eta Batasunak izan zezan ere ez zuen utzi. Nazioarteko bitartekariek egiaztatu ahal izan zuten Batasunak egin zezakeela politika ETAtik aldentzen bazen eta ETA zela eragozpena. Egokia izan zen gure estrategia. Nire iritziz, han hasi zen ETAren bukaera. Uste dut T4koarekin jada hasi zela aldentzea, eta Suitzan berretsi egin zen.
ETAk 2007ko ekainaren 6an bukatu zuen su-etena. Otegi ekainaren 8an atxilotu egin zuten.
Ez dut gogoan Otegiren une horretako egoera judiziala, baina ikuspuntu politikotik Otegi giltzarria zen, oinarrizkoa [Batasunak] ETAtik aldentzeko estrategiarekin segitzeko. Euskal Herriko bakegintzan ezinbesteko gizona izan da.
Suitzatik itzuli zinetenean, egon al zinen Rubalcabarekin?
Bai, hausturatik gutxira. Heriotza gehiago ez gertatzea lortu ez izanaren frustrazioaren barruan, nire balantzea zen positiboa izan zela negoziazio prozesua, aldi batean ETAk ez zuela inor hil eta ez zuela inor bahitu, ETA hobeto ezagutu genuela, eta pauso garrantzitsuak eman genituela ezker abertzalea etorkizunean ETAtik bereizi zedin.
Beraz, zergatik atxilotu zituzten, ezker abertzalearen eztabaida estrategiko betean, Otegi, Rafa Diez eta besteak 2009ko urrian? Diez oraindik kartzelan dago.
Pentsatu nahi dut ezker abertzalearen kontra politika gogortzeko gobernuaren erabaki bat baino gehiago, dinamika judiziala izan zela, nolabait esateko.
Ondorio gisa, zerk egin zuen huts 2006-2007ko prozesuan?
Besteak beste, prozesuaren hasierako diseinuak: aurreakordio tekniko nahasgarriak egon ziren. Agerian geratu zen bide bikoitz bereizia ?teknikoa, batetik, eta politikoa, bestetik? ez zela benetakoa. Eta Batasunak ez zuen ikasia ETAtik autonomoa izaten. Batasuna Otegiren bitartez aldentzen hasi zenean, kontu hark funtzionatu ahal zuen, baina dagoeneko bukaeran geunden. Beranduegi.
Pazientzia faltatu al zen?
Nire ikuspuntuaren arabera, ETA ez zegoen prestatua negoziatzeko.
Espainiako Gobernua?
Gobernua bai, baina PPren frontea zabalik zuen.
Espainiako gizartea?
Ez. Estatu barruan negoziazioaren aurkako fronte asko eta ahaltsuak zeuden, eta horiek ezin dira neutralizatu babes sozial argirik gabe.
Zure ustez, ETAk zergatik iragarri zuen jarduera armatuaren behin betiko bukaera, 2011n?
Ez nuen informaziorik, eta ikusle bezala diot. Batetik, oso jarduera polizial eraginkorra zegoen. Hedabideek kontatzen zutenez, erakundean hurrenez hurren jartzen ziren buruzagitzak atxilotzen ari ziren. Bestetik, ezker abertzaleak ETArekiko autonomiaren arrastoan segitu zuen argi eta garbi.
Elkarrizketaren bertsio luzea irakur daiteke BERRIAren atarian:
www.berria.eus
Jose Manuel Gomez Benitez. Espainiako Gobernuaren negoziatzailea 2006-2007ko prozesuan
«2007an, Suitzan hasi zen ETAren bukaera, Batasuna aldentzean»
Rubalcabak deituta sartu zen Gomez Benitez 2006-2007ko bake prozesuan Espainiaren negoziatzaileen taldean. Esan du saiatu zirela Batasunak politika egin zezan, baina ETAk ez ziola gidaritza aitortu nahi. Gaiari buruzko lehen elkarrizketa eman du (elkarrizketaren bertsio luzea).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu