2.000 preso daude Hego Euskal Herriko espetxeetan

Zaballako espetxean daude presoen %40 baino gehiago. 1.674 zigortuta daude, eta 287, behin-behineko atxiloaldian.

Martuteneko espetxearen sarrera. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Martuteneko espetxearen sarrera. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2024ko abuztuaren 28a
16:45
Entzun

1.999 preso zeuden iaz Hego Euskal Herriko lau espetxeetan, Espainiako Barne Ministerioaren urtekari estatistikoaren arabera. Hamar presotik bederatzi ziren gizonak —1.834,  %91,7—; emakumeak, berriz, 165.

Preso gehien dauden espetxea Zaballakoa (Araba) da: 829 espetxeratu daude, Hego Euskal Herriko presoen %41,5. Martutenekoa (Donostia) da preso gutxien daudena, 333 preso. Iruñeko eta Basauriko (Bizkaia) espetxeetako datuak antzekoak dira: 425 daude Iruñean, eta 412 Basaurin.

Preso guztietatik 1.674 zigortuta zeuden, hau da, preso guztien %83,7. Beste 287 preso behin-behineko atxiloaldian zeuden, hau da, kautelazko neurria ezarri zaie, auzi judizial baten tramiteak egiten diren bitartean; gainerakoak, berriz, zentro psikiatriko batean daude edo delituren batengatik epaituta, baina besteren baten epaiketaren zain.

Horrez gain, 35 pertsona behin-behinean zigortuta daude; tartean dira askatasunaz gabetzeko neurriak dauzkatenak eta behin-behineko egoeran daudenak. Azkenik, hiru presok askatasunaz gabetzeko segurtasun neurriak dituzte jarriak. Bi talde horietako ia preso guztiak gizonezkoak dira. 

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak dauka Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen eskumena. 2021etik kontrolatzen ditu. 

Bertako zigortu gehienen adin tartea 41 eta 50 urtekoa da: 398 espetxeratu daude adin tarte horretan. Hurrengoak 31 eta 40 urte artekoak dira: 370 preso. 18 eta 25 urte artean 98 espetxeratu daude, eta 70 urte baino gehiago dituztenen artean, hamalau. Espainiako Gobernuak ez du zehaztasunik eman Nafarroako presoen inguruan.

Indarkeria matxista

Delitu motei dagokienez, ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituak egiteagatik zigortuak daude preso gehienak: 379. Delitu nagusietan bigarrena indarkeria matxista da: indarkeria matxistagatik 170 zigortu daude hiru lurraldeetan; askatasun sexualaren aurka egiteagatik, berriz, 141.

Bestalde, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bi zigortu daude lehen graduan, 828 bigarrenean, eta 443 hirugarrenean. Lehen gradukoak erregimen itxian egoten dira —banakako gelak dituzte, eta beste presoekiko harremana mugatua dute—; bigarrenekoak, erregimen arruntean —ikasi edo lan egin dezakete espetxean—; eta hirugarrenekoak, erregimen irekian —espetxetik ateratzeko aukera dute ordu edo egun batzuetan—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.