Bihar beteko da hilabete Hondarribiko alardea egin zutenetik. Aurten ere, emakumeak ezin izan dira alardean atera, eta Jaizkibel konpainia parekidean soilik izan dute desfilatzeko aukera. Alabaina, pausoak eman dira, eta, esaterako, Igor Enparan alkateak (Abotsanitz) lehenengo aldiz egin zion harrera Jaizkibeli. Atzo, parekidetasunaren aldeko beste urrats bat egin zuten herritarrek: Guztion Alardea taldeak 1.981 sinadura entregatu zizkien udal ordezkariei, aldarrikatzen dutenak, besteak beste, emakumeek eskubidea dutela alardean parte hartzeko.
19:00etarako, udaletxeko arkupeetan zeuden Abotsanitzeko, EAJko eta EH Bilduko zinegotziak eta ordezkariak; aldiz, PSE-EEkoak ez ziren agertu azkenean. Guztion Alardea taldeko kideak ere bertan ziren. Dozenaka herritarren babesean, agiri bat irakurri zuten «konponbidearen alde».
Herritarrek lau puntutan laburbildu dituzte eskariak. Bat: alardea hondarribiar guztien ondare immateriala dela aitortzea nahi dute. Bi: Hondarribiko emakume batek alardean «modu batean zein bestean» parte hartu nahi badu, uste dute horretarako «eskubide osoa» daukala. Hiru: sinatutako dokumentuan jaso dute alardeak «herriaren eskuetara» itzuli behar duela, «ospakizunaren etorkizuna bermatzeko». Eta lau: nabarmendu dute elkarrizketaren bidetik amaitu behar dela gatazka, «hori baita zauriak sendatzen hasteko modu bakarra».
Guztion Alardeak goraipatu du 1.981 herritarrek izenpetu dutela dokumentua: «Uste dugu testu hau ehunka pertsonak sinatu izanak argi erakusten duela herri honetan konponbidearen aldeko ahotsak gero eta gehiago garela eta konponbidearen aldeko bideak dagoeneko ez duela atzera-bueltarik». Gainera, udal ordezkariei eman bezala, alardea antolatzen duen Alarde fundazioari ere eman nahi zizkioten sinadurak, baina, esan dutenez, hark ez dio erantzun eskaerari: «Errespetu falta larria iruditzen zaigu euren burua herriaren alardearen arduradun izendatzen duten horiek ez ikusiarena egitea alardearen aferaren inguruan ia 2.000 herritar elkartu dituen egitasmo bati».
Horiek horrela, beren jarrera «birplanteatzea» galdegin diote Alarde fundazioari: «Errealitatearen aurrean beste aldera begiratzeak ez garamatza inora; bada garaia mahai batean eseri eta egoerari merezi duen konponbide duina emateko». Sinadurak hartu ez dizkietenez, gutun bat igorri dute fundazioaren egoitzara.
Alardea, herriaren esku
Guztion Alardeak entregatutako ia 2.000 sinadurak eskuan dituela mintzatu da Igor Enparan alkatea (Abotsanitz). «Esker ona» adierazi die «konponbidearen bidean» lan egiten ari diren herritarrei. Aitortu du eman dioten dokumentuak «herriaren babesa» baduela, eta lanerako prest agertu da: «Konpromiso irmoa daukagu konponbidearen bidean lan egiteko». Jarri du helburua: «Udalean argi daukagu herritarren berradiskidetzea ezinbestekoa dela aurrera begira jaiegun hauek giro alai eta parte hartzailean bizitzeko».
Galdetuta ea horretarako udalak antolatu beharko ote lukeen alardea, hauxe erantzuna: «Alkate honen iritziz, etorkizuneko konponbidea beharko luke herriaren ondarea den hori herriaren eskuetara itzultzea. Udala da ondarea babesteko dugun erremintarik egokiena, eta, alardea ondare immateriala den heinean, uste dugu bide horretan lanean jardun beharko genukeela».
2.000 lagunek eskatu dute andreek ere parte hartzeko Hondarribiko alardean
Guztion Alardeak sinadurak bildu ditu, eta Hondarribiko Udalari eman dizkio. Abotsanitzek, EAJk eta EH Bilduk hartu dituzte; PSE-EEk, ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu