SERIEA: COVID-19ak bost urte (II)

Berrehun sintoma baino gehiago eta sendabiderik ez

Pilar Rodriguez Ledo adituak dioenez, oraindik ez da jakina zer mekanismo fisiopatologikok eragiten duten COVID iraunkorra, eta gaixotasunaren tratamendua eta diagnostikoa hobetzea dira orain helburuak.

Pilar Rodriguez Ledo COVID iraunkorrean aditua da. REICOP
Pilar Rodriguez Ledo COVID iraunkorrean aditua da. REICOP
edurne begiristain
2025eko otsailaren 19a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

COVID iraunkorra, edo COVID-19aren ondorengo sindrome iraunkorra, SARS-CoV-2 birusak eragindako infekzioaren ondoren luzaroan irauten duten sintomen multzoari deritzo. Gaitzaren inguruko ikerketa asko egin dira, baina oraindik bide luzea dago egiteko. Pilar Rodriguez Ledo (Bartzelona, 1962) COVID iraunkorraren aditu eta REICOP elkarte zientifikoko presidenteak gaitzaren inguruko jakingarriak kontatu dizkio BERRIAri.

1

Zer dakigu?

«COVID iraunkorrak organismoaren funtzionamenduari eragiten dio, eta paziente askori zaildu egiten die eguneroko bizimodua egitea, batez ere lan esparruan», azaldu du Rodriguezek. Berrehun sintoma baino gehiago identifikatu dira, eta nagusien artean honako hauek daude: buruko mina, neke kronikoa—«ahalegin fisiko txikiena egitean ere okerrera egiten dute»—, eta memoria eta kontzentrazio arazoak (laino mentala deritzona).

2

Zer falta da ezagutzeko?

Oraindik ez dira zehaztu COVID iraunkorra eragiten duten mekanismo fisiopatologikoak. Medikuaren arabera, ezinbestekoa da ikerketa gehiago egitea, «gaitzaren mekanismoak hobeto ulertzeko eta tratamendu eraginkorrak aurkitzeko».

Oraingoz ez dago sendabiderik, eta tratamenduek sintomak kontrolatu baino ez dute egiten. Ikerketa batzuk egin dira Txinan eta Japonian, eta sendatzeko aukera handiagoa duten pazienteak identifikatu dituzte. Mendebaldeko herrialdeetan, berriz, sendatze tasa oso txikia da (%5-7 ingurukoa). «Baina ikerketak aurrera doaz, eta helburua da tratamendu eraginkor edo, gutxienez, kontrolagarri bat aurkitzea».

 

3

Prebalentzia

Munduan 67 milioi pertsona inguruk dute COVID iraunkorra. «Gehienak osasuntsuak ziren gaixotu aurretik, edo, asko jota, alergiak edo bestelako gaitz immunologiko arinak zituzten». Hala ere, gaur egun oraindik paziente asko ez daude behar bezala diagnostikatuta, osasun sistema ez dagoelako behar bezala prestatuta.

36-55 urte artekoak dira gaixo gehienak, eta emakumeak —COVID iraunkorra dutenen %65 emakumeak dira—. Rodriguezek azaldu duenez, andrazkoen sistema immunitarioak eta hormonalak erraztu egiten du gaitza garatzea. Baina bada beste arrazoi bat: «Pandemian, zaintza lanak emakumeen bizkar geratu ziren, eta, birusarekin kontaktu estuagoa izan zutenez, gehiago kutsatu ziren».

4

Helburuak

Osasun profesionalentzako formakuntza eta gaixotasunaren diagnostikoa eta tratamendua hobetzea dira egungo xede nagusiak. Ikerketaren alorrean, COVID iraunkorraren mekanismoak eta tratamendu berriak bilatzea da helburua, eta prebentzioan, berriz, birusarekin ez kutsatzeko neurriak indartzea eta pazienteek lan munduan jarraitu ahal izateko neurriak garatzea.

Rodriguez: «COVID iraunkorra osasun arazo emergentea da, eta beharrezkoa da ikerketa gehiago egitea. Osasun sistemek paziente hauek identifikatzeko eta tratatzeko estrategiak hobetu behar dituzte, eta ezinbestekoa da gizartean gaixotasunaren inguruko kontzientzia sortzea».

COVID iraunkorra. Ikus-entzunezkoen taldea

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.