Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur iragarri ditu aurtengo txertaketa kanpainaren xehetasunak, eta berritasun bat nabarmendu dute: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2 eta 5 urte bitarteko haurrak sudurretik txertatuko dituzte gripearen aurka. Neurri horren bidez, ez diete indizio baten bidez txertoa jarriko, eta txertatuen kopurua handitzea espero dute horrela. Sei eta 24 hilabete bitarteko umeei ziztada baten bidez jarriko diete txertoa, baita arriskuan dauden 5 urtetik gorakoei ere. Urriaren 7an ekingo diote txertaketa kanpainari.
5 urte baino gutxiago dituzten haurrei ez ezik, 60 urte baino gehiagoko herritarrei eta arrisku taldeko kideei ere jarriko diete gripearen aurkako txertoa. Osakidetzaren wegbunearen bidez edo osasun zentroetan hitzar daitezke ja txertatzeko eguna, lekua eta ordua.
Gainera, herritar horiei COVID-19aren aurkako txertoa aldi berean jartzeko aukera ere eskainiko die Osakidetzak. Borondatezkoa den arren, gomendatu egin du Enrique Peiro Osasun sailburuordeak: «Prest egon behar dugu udazken honetan gripea eta COVID-19a batera agertzeko». Txertoa jasotzeko lehentasuna 60 urte baino gehiagokoek eta arrisku taldekoek izango dute. Hauek dira: patologia kronikoren bat duten pertsonak —biriketakoa, bihotzekoa, diabetesa...—, haurdun dauden andreak, hainbat profesional —osasun langileak, gizarte zerbitzuetakoak eta zaintzaileak— eta zahar etxeetan bizi diren pertsonak.
Horiek lehentasuna izango duten arren, gainerako herritarrek ere eskubidea izango dute gripearen eta COVID-19aren aurka txertatzeko. Azaroaren 4tik aurrera eskatu ahalko dute ordua.
Itxaron zerrendak
Txertaketaz gain, itxaron zerrendek ere eman dute zer esana gaur. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak gobernuari eskatu dio azter dezala adimen artifiziala erabiltzeko aukera itxaron zerrendak kudeatzean. PSNk bultzatu du mozioa, eta, nabarmendu duenez, adimen artifiziala erabiltzeak lagundu lezake orduak zehazten, bai eta historia klinikoaren bidez zenbait gaixotasun aurreikusten ere. Parlamentuko talde gehienek babestu dute mozioa, eta UPN abstenitu egin da.
Nafarroako Parlamentua ez da itxaron zerrendez jardun den erakunde bakarra. Eusko Legebiltzarrean EAJk, PSE-EEk eta PPk adostu dute Eusko Jaurlaritzak sei hilabetean behin argitaratu beharko dituela Osakidetzako itxaron zerrenden datuak. Aurreko legealdian Osasun Sailak datu horiek argitaratzeari utzi zion, eta horrek zaildu egin zuen itxaron zerrenden neurria hartzea. Argitaratu zituzten aldi gutxiak oposizioak hala eskatuta baino ez ziren gertatu.
Itxaron zerrendak gutxitzea da Eusko Jaurlaritzaren helburuetako bat, eta erabaki hori osasun arloko itunean jasotzea ere buruan dute. Itun horri buruz jardun dira gaur OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak koordinakundeko kideak. Gaitzetsi dute mahaikide izatera ez gonbidatu izana itun hori adosteko. Are, Alberto Martinez Osasun sailburuari bilera bat egiteko eskatu zieten duela aste batzuk, baina, salatu dutenez, oraindik ez dute erantzunik jaso.