Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak ––PSE-EEren esku dago gaur egun–– DBHko eta Batxilergoko laurehun ikasle elkartu ditu Barakaldoko BECen, efemeride hau aitzakiatzat hartuta: Ezker Abertzaleak Oldartzen txosten politikoa onartu zuenetik 30 urte bete izana. ETAren indarkeriaren biktimen testigantzak entzun ditzaten elkartu dituzte ikasleak. Hedabide gehienek «oinazearen sozializazioarekin» lotu zuten berehala Oldartzen txostena, beste zenbait hausnarketaren artean jasotzen baitzuen «kate politikoko katebegirik apalenari eraso eginez gero kolpearen ondorioa handiagoa» izango zela eta horrek «kate guztiari» eragingo ziola.
Ikusi gehiago
Oldartzen testuinguru jakin batean onartu zuten Herri Batasuneko militanteek, 1995. urtearen hasieran, gatazka politikoaren eboluzioan aurretik eta ondoren izandako zenbait gertaeraren itzalean. Mahai Nazionalaren txosten ofizialarekin batera, Errenteriako (Gipuzkoa) herri batzordeak aurkeztutako Iratzar txostena ere eztabaidagai izan zen, alternatiba gisa, baina lehena gailendu zen, botoen %71,23 bilduta. 5.322 militantek bozkatu zuten 211 herri batzordetan, eta soilik %16,63k egin zuten Iratzar txostenaren alde. Hura kritikoagoa zen ETAren jarduerarekin.
Zinegotzien aurkako atentatuak
1995ean, arrakala handi bat azaleratu zen euskal gizarte zibilean, oso argi azaleratu ere, gizartearen bi parteren artean. Bakearen Aldeko Koordinakundekoek xingola urdinak jarrita egindako elkarretaratzeak eta Euskal Herria Askaturenak aurrez aurre zeuden kalean, eta irudi horiek muturreko egoera erakutsi zuten.
Urte horren hasieran, urtarrilaren 21ean, Donostiako PPko zinegotzi Gregorio Ordoñez hil zuen ETAk; «espainiar inposizioaren ordezkari nagusi» izatea leporatu zion. Urte askoan PPko eta PSOEko zinegotzien aurka egindako atentatuen zerrenda luze bateko lehena izan zen hura. Nolanahi ere, Ordoñezen atentatuak gogor jo zuen gizartea, eta protesta jendetsuak izan ziren. Besteak beste, pitzadura bat sortu zuen ezker abertzalean. Begoña Garmendia Donostiako udal taldeko bozeramailea zen orduan, baita Herri Batasuneko kidea ere, eta «erabateko desadostasuna eta arbuio tinkoa» adierazi zituen atentatu haren aurka. Patxi Zabaleta orduko Mahai Nazionaleko kideak bat egin zuten Garmendiarekin.
1995. urtearen hasieran, Donostiako PPko zinegotzi Gregorio Ordoñez hil zuen ETAk. Zinegotzien aurkako atentatuen zerrenda luze bateko lehena izan zen hura
Era berean, egun horietan zabaldu zen Jose Amedo eta Michel Dominguezen lehen testigantzen berri, zeinak GALen gerra zikinaren auzia berriro irekiarazi baitzuten. Sokari tiraka, Rafael Vera orduko Segurtasuneko estatu idazkariarengana iritsi zen Baltasar Garzon epailea, baina baita PSOEko kargudun Julian San Cristobal eta Ricardo Garcia Danborenearengana ere. 1995ean, GALekin lotutako akusatu batzuk espetxeratu egin zituzten estreinakoz, eta Felipe Gonzalezen gobernuak jeneral izendatu zuen Intxaurrondoko koronel Enrique Rodriguez Galindo. Ordurako, Galindo bera eta Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartela ikertzen hasiak ziren.
1995eko martxoaren 21ean, Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren gorpuzkiak azaldu ziren Alacanten (Herrialde Katalanak). GALek torturatu eta hildako bi gazteen gorpuzkiak Hondarribira ekarri zituztenean, Euskal Herriak bizi zuen garai dramatiko horren beste mugarri bat jarri zuten Espainiako Poliziak —aireportuan oldartu zen— eta Ertzaintzak, Tolosako hilerrian senide eta lagunen aurka gogor eginez.
Handik aste gutxira, auto batean jarritako lehergailu handi bat zartarazi zuen ETAk Madrilen, Jose Maria Aznar PPko presidentegaiaren aurka, baina onik atera zen, haren autoa blindatua zegoenez gero. ETAk eragindako eztandak, ordea, handik gertu bizi zen emakume bat hil zuen.
Indarkeriaren gurpil eroa
Saminari saminarekin erantzuteko dinamikak ez zuen etenik izan urte osoan, eta, 1998ko irailean Lizarra-Garaziko prozesua iritsi arte, oinazea zabaldu baino ez zen egin Euskal Herrian. 1995erako, edonola ere, oso argi islatu zen euskal gizartea erdiz erdi banatzen zuen arrakala. Urte horretan, Jose Maria Aldaia enpresaria bahitu zuen ETAk, eta, handik egun gutxira, Bakearen Aldeko Koordinakundeak manifestaziora deitu zuen Donostian. Herri Batasunak deituta, berriz, milaka pertsona joan ziren Donostian ibilbide bera egitera. Xingola urdinak eta Euskal Herria Askatu aurrez aurre berriro.
Ertzainak oldartu egin zitzaizkien Tolosako hilerrian Lasa eta Zabalaren gorpuzkiekin jazotakoa salatzeko elkartu zirenei. Gomazko pilota batek sabelean jo zuen Rosa Zarra, eta emakumea hil egin zen handik astebetera
Ertzaintza Donostiako estadioaren inguruan oldartu zen; 1995eko ekainaren 22a zen, eta ertzainak oldartu egin zitzaizkien Tolosako hilerrian Lasa eta Zabalaren gorpuzkiekin jazotakoa salatzeko elkartu zirenei. Gomazko pilota batek sabelean jo zuen Rosa Zarra 58 urteko donostiarra, eta emakumea hil egin zen handik astebetera.
Hori gertatu aurretik, apirilean, eta Herri Batasunak Oldartzen txostena onartu ondoren, ETAk Alternatiba demokratikoa proposamena plazaratu zuen. KAS alternatiba gaurkotzen zuen hark, negoziaziorako esparru bat zehaztuta. Ordurako, ordea, Espainiako Gobernuak hartua zuen Herri Batasunaren aurkako estrategia gogortzeko deliberoa, eta, 1996an Jose Maria Aznar Espainiako presidente bihurtu ondoren, jazarpen judizialak espetxera eraman zituen Mahai Nazionaleko 23 kide; 1997ko abenduan izan zen hori. Bi urte geroago aske geratu ziren, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe utzi ondoren bakoitzari zazpi urteko kartzela zigorra ezartzen zion epaia.