Carlos Garaikoetxea. Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia

«1987an amaitu zen estatu egiturak lortzeko aukera; niretzat, ezinbestekoa»

Etzi aurkeztuko dute 'Carlos Garaikoetxea, lider bat lehendakari' liburua, eta, denborak ematen duen ikuspegiagatik, lehendakari ohiak uste du une aproposa dela. Ibilbide arrakastatsuan arantzak ere izan zituen, baina suminik gabe mintzo da iraganaz. Bideoa albistearen amaieran.

IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun

Elixabete Garmendiak idatziriko Lider bat lehendakari liburuak Carlos Garaikoetxearen ibilbide politikoa aztertzen du, eta politikariaren atzean dagoen pertsona ulertzeko ere balio du. Etzi aurkeztuko dute liburua, Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta, azken uneko gonbidapenak lotzen buru-belarri diharduela, Iruñeko bulegoan hartu du BERRIA Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariak (Iruñea, 1938).

Zertzelada pertsonal ugari daude liburuan. Kostatu zaizu leiho hori irekitzea?

Ez. Lehenik eta behin, kontatzen dudana ez da lotsatzeko modukoa, inondik inora. Txikitatik nolakoa nintzen, nire senideak nolakoak ziren... Oso harro sentitzen naiz. Gero, euskararekiko nire sentimendu sakona azaltzen dut liburuan. Euskara izan zen sentimendurik eraginkorrena kultur munduan eta politikagintzan sartzeko. Hilzorian ikusten nuen euskara Nafarroan, eta izugarrizko ezinegona eragiten zidan.

Nafarroako ikastolen sorreran buru-belarri sartu zinen 70eko hamarkada hasieran, eta, horregatik, duela gutxi saria eman zizuten. Esan izan duzu sari guztien artean hunkigarriena dela.

Bai. Nirekin batera, Jose Mari Satrustegiri, Jorge Cortes Izali eta Jesus Atxari eman zieten domina hori. Hirurak oso pertsona garrantzitsuak izan ziren euskararen defentsan Nafarroan, Euskal Herrian ere bai, eta harro sentitzen naiz horregatik.

Aurten 50 urte bete ditu euskara batuak, baina lehen Eusko Jaurlaritza hark apustu egin zuen euskara batuaren alde. Zer garrantzi izan zuen urrats hark?

Handia. Gure eginkizunetan gauza garrantzitsuenetako bat izan zen, eztabaida handia baitzegoen. Batzuek zioten euskalkiek existentzia galduko zutela, eta polemika zegoen h-arekin ere. Pentsatzen genuen, hainbeste hizkuntzarekin gertatu den bezala, derrigorrean behar genuela hizkuntza batu kultu bat. Bestela, grafikoki arazoa azaldu nahirik, ezin liteke euskara bat erabili Bilboko campusean, beste bat Nafarroakoan, eta beste bat Gipuzkoan. Hasieratik gogoan genituen komunikabideak —irratia eta telebista— eta derrigorrean aurrerapauso hori eman behar genuen. Zaila izan zen, baina Koldo Mitxelenaren laguntzaz, eta Hezkuntza sailburu gisa Pedro Miguel Etxenikeren lana ere azpimarratu nahiko nuke, aurrerapauso hori eman genuen. Oso apustu zaila izan zen benetan, baina derrigorrezkoa, nahi bagenuen hizkuntza kultu eta batu bat izatea gure nazioan.

Oso-oso denbora gutxian, garai politiko berezi, nahasi eta interesgarri baten erdigunean suertatu zinen. Une hartan ardura horren kontzientzia osoa zenuen?

Nire bizitzan, saiatu nintzen zintzo jokatzen; batez ere, nire gurasoekin. Sakrifizio handia egin zuten zazpi seme-alabak aurrera ateratzeko. Bi karrera atera nituen aldi berean. Nire bokazio argiena zen abokatu penalista izatea, baina bizitzak bide arraroetatik eramaten zaitu, eta, azkenean, enpresa munduan izandako atsekabearen ondoren bufetea antolatua nuenean, han hasi ziren [Manuel] Irujo batetik eta [Juan] Ajuriagerra bestetik politikan sartzeko eskatzen.

Zer ikasi zenuen biengandik?

Hainbeste sufritu ondoren atzerrian edo klandestinitatean, haien moderazioak harritu ninduen. Ajuriagerra espetxean izan zen; Irujo, berriz, atzerrian, eta a zer baldintzatan! Gu beti erradikalagoak ginen, eta haiek beti neurrian. Zer pentsatu ematen zuen. Gogoan dut Irujo nire alboan, Foru Parlamentuan, «mutil, ez izan hain gogorra» esaka. Orkatilak more-more uzten zizkidan [barrez]. Esperientziak hala aholkatzen zien, baina ideologiari inoiz uko egin gabe. Ajuriagerrak zeharka eta Irujok mezu anonimoekin bultzatu ninduten politikan sartzera, baina behin betiko bultzada Pello Irujok, ilobak, eman zidan. Niretzat, abertzale eredugarria izan zen, sakrifizioz lanean, inongo saririk jaso gabe.

Trantsizio garaiaren hasieran, lau lurraldeen batasunaren aldeko gehiengo bat bazegoen, baita Nafarroan ere, baina ez zen gauzatu. Zergatik?

Arazo nagusia alderdi sozialistaren aldaketa izan zen. Garai hartan lau lurraldeen batasuna onartzen eta bultzatzen zuen, eta Iruñean, sinbolikoki, itun autonomiko delako hura sinatzea proposatu zuten. Maisonnave hotelean bildu ginen, Rubial presidentea eta zuzendaritza nagusia. Gogoan dut sinatu ondoren gure hitzalditxoak gazteleraz egiten ari ginela Crespo abizeneko sozialista batek oihukatu zuela: «Eta gure euskara, non dago?». 1977ko hauteskunde orokorretan, ezker abertzalea ez zen aurkeztu, eta oker izugarria izan zen. Momentu hartan hautatu behar ziren diputatu eta senatariak, eta haiek erabaki behar zuten Nafarroa Kontseilu Nagusian sartu bai ala ez. Bide bat edo bestea hartzeko une hartan, D'Hont legeak lagundu egin zion UCDri, eskuinari, gehiengoa lortzeko, eta gakoa izan zen. Hori, eta PSOEren aldaketa.

Konstituzioan zirrikitu bat irekita dago, laugarren xedapen orokorrarekin. Egun, UPNk kosta ahala kosta kendu egin nahi du. Negoziazio zailak izan ziren?

Bai, oso zailak. Hasieran nahi zuten hori onartzeko gehiengoa nafarren %75 izatea; gero, bi herenera jaitsi zuten langa, eta, azkenean, gehiengoa sinplea onartu zuten, baina behin eta betiko bozketa bazen. Ni han nengoen Ajuriagerrarekin. Esan genien gehiengo sinplea eta errepikatzea epe logiko batean, bost urtean. Hori onartu zen. Zergatik onartu genuen? Negoziazioa oso gogorra zen, eta zetorrena oso-oso larria zen: erkidegoen arteko federazioen debekua. Errepublikako konstituzioak ere debeku hura zekarren, eta hura saihesteko lortu behar genuen derrigorrean irteera berezi bat guretzat. Niri gustatuko litzaidake bidea sinpleagoa izatea, baina hori izan zen irteera bakarra.

1978ko eztabaida hark guztiak, bere alde on eta txar guztiekin, zer irakaspen utzi dizkio abertzaletasunari aurrera begira?

Oso esperientzia garrantzitsua izan zen. Erabaki genuen bide berezi bati jarraitzea. Derrigorrean ezinezkoa zen independentzia lortzea, are eta gehiago giro politiko hartan, frankismoa oraindik bizirik zegoela. Nahiko boluntarista baina teorikoki balekoa den irakurketa historiko baten arabera, jatorrizko foruak eredu monarkiko konfederal batean oinarritzen ziren; hots, koroak baieztatzen zituen Bizkaiko jaunaren edo Nafarroako erregearen izendapenak —Nafarroa formalki erreinu izan baitzen 1841era arte—. Ondorioz, foruak bururaino berrezartzeko interpretazioak aurrera begira bide zehatz bat ezartzen zigun negoziazio politikorako, bestela gaindiezinak izan zitezkeen oztopoak saihesteko.

Konstituzioaren negoziazioa oso gogorra izan zen. Kontseilu Nagusiak abiapuntu gisa hemen beti aldarrikatu den formula hartu zuen, aldebikotasuna: hau da, eskubide historikoak berrituko dira estatuko eta foru lurraldeetako ordezkarien hitzarmen bidez. Planteamendu hori defendatu nuen Madrilen, baina atsekabe handia hartu nuen, Madrilen, Xabier Arzalluzek konstituzioaren batzordean beste formula hitzartu zuelako: eskubide historikoak berrituko zirela «Konstituzioaren eta autonomia estatutuen esparru barruan». Horregatik, Senatuan abstenitu, eta esan genuen Konstituzio hura ez zela geurea. Aitortu beharra dago Konstituzioaren eta estatutuen esparruari egiten zaion dei horrek gerora joko handia eman duela; adibidez, kontzertu ekonomikorako. Eremu teorikoan mugitzen ginen. Batzuetan, oztopoz betetako lasterketa baten ordez ate bat irekita utzi nahi baduzu, saiatu behar duzu arlo teorikoan negoziazio politikorako eremua ahalik eta irekien uzten.

Lehen Jaurlaritzari begira, euskararenaz gain, zer beste lorpen nabarmenduko zenuke?

Ez genuen idazmakinarik ia. Hutsetik hasi ginen, esperientziarik gabe. Banekien baliabiderik gabe ezin zela ezer lortu. Kontzertu ekonomikoa izan zen lehentasun nagusia. Horretan baliatu genituen aukera guztiak. Erregeak etorri nahi zuen Euskal Herrira. Hiru aldiz deitu zidan, eta hiru aldiz esan nion hobe izango zela hona ez etortzea gai horiek konpondu arte. Hirugarrenean, 1980ko urrian, esan zidan adorerik ez izatea leporatuko ziotela, eta hitzez hitz erantzun nion: «Ez da jai girorik izango kontzertua konpondua dugun arte». Hainbat sektore ari ziren oztopoak jartzen; tartean, PSOE. Ziur nago Suarezi agindua eman ziola, hilabete geroago hura etorri baitzen eta dena askatu baitzuen.

1981eko estatu kolpearen ondotik, kafea denontzat etorri zen. Uste zenuen zentralismoaren oldea egun iritsi den tokiraino helduko zela?

Zer esan behar dizut! Lehenik, etsigarria izan zen tabula rasa hura, gurea bezalako lurraldeen aldarrikapenak sekula halakorik izan ez den tokien pare jarri eta beheratu egin baitzituzten. Paralisi bat egon da geroztik. Garatutako eskumenen %80 lehen bi urteetan atera genituen. Horregatik, nire memoria liburuari Amaitu gabeko trantsizioa izenburua jarri nion, eta, horregatik, EAk, beste bidetik joanez, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea defendatu du. 1987an, Ajuria Enean sartzea proposatu zidaten, eta PSErekin eta EErekin negoziazioetan estatu egiturak osatzea jarri nuen baldintza gisa: Gizarte Segurantza, ogasuna eta enplegua. Trebiñun eztabaidan ari ginela, Madrilera deitu zuten ordezkari sozialistek, eta han argi utzi zien Madrilek ez zuela hori babesten. Negoziazioak eten ziren, eta EAJk eskaini zien prest zirela koalizioa osatzeko, baldintzarik jarri gabe. Han amaitu zen Gizarte Segurantza eta bestelako estatu egiturak lortzeko aukera; niretzat, ezinbestekoa. Han jarraitzen dute 37 eskumenek, oraindik egiteke.

EAJren barne krisian, hainbat arrazoi aipatzen dira liburuan. Zerk izan zuen pisu handiena?

Sinplifikazio bat egin da askotan, eta Arzalluzen eta bion arteko talka pertsonala aipatu da. Prozesu bat izan zen, eta Konstituzioaren garaitik genituen tirabirak. Gero, Nafarroa izan zen erabakigarria. Nik neuk nafarren jarrera babestu nuen. Nire telefonoa zulatuta zegoen, gero ikusi zen bezala. Azkenik, lurralde historikoen legean, alderdiko aparatuak ahaldun nagusien jarrera irmoarekin topo egin zuen, eta hura babestu.

EAk zer ekarpen egin dio bakegintzari?

Guk kongresu guztietan proposatzen genuen abertzaleen arteko elkar ulertzea. Nik neuk Otegiri hala esan nion 2007an: «Indarkeria amaitzen ez den arte, ezinezkoa; biharamunean, dena». Hori zen gure jarrera. Eraginkorra izan den? Ez dut goretsiko, baina bere saria izan du. Azkenean, zer proposatzen genuen guk duela 40 urte ia-ia? Bide baketsuak eta demokratikoak, indarkeriarik ez, eta erantzun aurrerakoi bat gizartearen arazoei [sozialdemokrazia]. Koherentea izan zen, irmoa, eta, aldi berean, emaitzak eman ditu. Emaitzengatik ezagutuko dituzue.

Otegiri esan zenion hura gogoan, beranduegi etorri da ETAren amaiera?

Bai. Penagarria izan da. «Zenbat eta beranduago okerrago pasatzen da historiara», esan nion. Historiak leundu egiten ditu pertsonen alde negatiboak edo jarrerarik eztabaidagarrienak. Erregimen frankistaren aurkako erresistentzia moduan, euskal esparruan eta estatuan txalotua izan zen. Lehenago amaitu izan balute, beste modu batera iragango ziratekeen historiara. Hori alde batera utzita, negoziazioetan aukera egon zen emaitzak lortzeko, eta ez bakarrik espetxe politikan, baita arlo politikoan ere. Akatsen akatsa izan zen irautea. Sufrimenduaren sozializazioaren moduko dinamiketan sartu ziren, euren irudi historikoa degradatu zen, eta lehenago etor zitekeen amaieraren eraginkortasuna galdu zen.

Nafarroan, nola ikusten duzu aldaketa?

Uste dut oso garrantzitsua izan dela, baina beste legealdi bat gutxienez behar-beharrezkoa da gauzak borobiltzeko.

[youtube]https://youtu.be/NFLHKtkKD6k[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.