1979an eta 1980an izan ziren motibazio politikoko bortxaketak eta hilketak aitortzeko eskatu dute Errenterian

Argituz-ek egindako ikerlanaren arabera, bederatzi bortxaketa salatu zituzten sei hilabetean, eta haietako bi emakume hil egin zituzten, bat Bizkaian eta bestea Gipuzkoan.

Txelo Gerra, Nerea Barjola, Bertha Gaztelumendi eta Sabino Ormazabal, aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko azaroaren 29a
07:45
Entzun

1979ko azaroaren 14tik 1980ko maiatzaren 7ra artean motibazio politikoko bederatzi bortxaketa, bi hilketa eta hainbat eraso saio izan ziren Errenteria aldean (Gipuzkoa). Guztiek izan zuten jarduteko modu bera, garai eta espazio bertsuan. Gertaera haiek ez ahaztea, aitortzea, eta kasu horien erantzukizuna dutenei erantzukizuna horiek eskatzea galdegin dute. Gertaera haien bilduma egin du Argituz-ek, Errenteriako Berdintasun Kontseiluak sustatuta. Errenterian aurkeztu dute. Argituz-eko Sabino Ormazabal eta Bertha Gaztelumendiz gain, Nerea Barjola ikertzaile feminista eta Txelo Berra Berdintasun Kontseiluko kidea izan dira aurkezpenean. Arantxa Iraola BERRIAko kazetariak gidatu du saioa.

Ulertzea, bizitzaren bila. Emakume gazteen bahiketa eta bortxaketa, 1979-1980 izena du Argituz-ek aurkeztutako lanak. Argituz-ek giza eskubideen urraketak aztertzen eta biltzen ditu. Auzi honi lotuta bildu dituen kasu gehienak Gipuzkoan gertatuak dira, Errenteria, Irun eta Donostia aldean. Baina jaso dituzte Bizkaian gertatutakoak ere; bana hiru herritan: Loiun, Galdakaon eta Bermeon.

Egin duten bilduman argitu dutenez, salatutako eraso bakoitzean bi edo hiru gizon armatuk parte hartu zuten, autoz eramaten zituzten neskak babes gabeko lekuetara, ideologia politikoari buruzko galdeketak egiten zizkieten, zigorgabetasun osoz jarduten zuten, eta, kasu batzuetan, GAEren (Espainiako Talde Armatuak) edo BVEren (Batallon Vasco Español) izenean erreibindikatu zituzten erasoak. 

Hasi ziren moduan amaitu ziren, sei hilabeteren buruan. «Badirudi norbaitek agindu zuela geratzeko», esan du Ormazabalek. Polizia etxean salaketa jarri zutenen kasuetan, «bortxaketa arrunt» gisa sailkatu zituzten, baina ez zen haietako kasu bat bera ere argitu; ez zen egileen berririk izan. 

Gatazka su bizian

Talde feministak indartzen eta antolatzen hasiak ziren Euskal Herrian. 1970eko hamarkada amaieran, bortxaketa salaketak ere arrunt ugaritu ziren. Argituz-en txostenaren arabera, 1978ko urtarrilean, Iruñean, sei bortxaketa salatu zituzten. Honako hau argitaratu zuen orduan El País egunkariak: «Iruñean, bortxaketa bortitz eta traumatizatzaileen oldea gertatzen ari da, eta bortxatzaileen banda edo bandak zigorgabe geratzen dira [...] ezaugarriek argi erakusten dute ultraeskuindarrak direla». 

Era berean, abortatzeko eskubidearen aldeko borroka indartsua zegoen. Basaurin hamar emakume eta gizon bat epaitu zituzten abortatzea edo abortatzen laguntzea egotzita. Mobilizazio jendetsuak egin ziren, eta, abortuaz harago, ordura arteko familia egiturak eta harreman ereduak hasi ziren auzitan jartzen. 

Testuinguru hartan gatazka politikoa ere sutan zegoen. 1979ko azaro eta 1980ko maiatza bitarte, ETAk 34 pertsona hil zituen, eta Komando Autonomoek, hiru. Tarte horretan, talde parapolizialek eta eskuin muturrekoek 48 atentatu egin zituzten, eta zortzi pertsona hil, Argituz-ek jasotako datuen arabera.

Txostenak jasotzen dituen data horien testuinguruan, 1978ko maiatzean, orduko Espainiako Barne ministro Rodolfo Martin Villak aitortua zuen hainbat polizia «inkontrolatuta» zeudela. Guardia Zibilak jakinarazi zuen Intxaurrondoko bi agente kanporatu zituztela, «bortxatzaile gisa identifikatu ondoren».

Baina salaketa guztiek badute lotzen dituen kontu bat: ikerketa judizialak hutsalak izan ziren. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak 2008an egindako txostenean ondorioztatu zuen kasu horietan «konplizitatea, lankidetza edo inhibizioa» izan zela.

Zigorgabetasuna

Hari horri heldu diote Gaztelumendik eta Ormazabalek. «Zigorgabetasuna erabatekoa zen, eta emakumeak eta gizartea desaktibatzea zuten helburu». Azaldu dute haiek kontakizun bat bildu dutela, baina arakatzen segitu beharra dagoela: «Dena argitzeko dago».

«Zigorgabetasuna erabatekoa zen, eta emakumeak eta gizartea desaktibatzea zuten helburu»

BERTHA GAZTELUMENDI Argituz-eko kidea

Berdintasun Kontseiluak sustatuta plazaratu dute lan hau. Txelo Berrak hartu du hitza kontseiluaren izenean, eta ez du ahazteko orduko giroa: «Nik 14, 15 urte nituen hura gertatu zenean. Beldurraren oroitzapena dut, inpunitate osoa zutelako». Kontseilutik III. Berdintasun plana lantzen hasi zirenean, indarkeriari  buruzko atalean gertaera horien bilduma egin beharra zegoela iruditu zitzaien. «Denbora pasatu ahala, gainean hauts fin moduko batek gertatutakoa estaltzen du bestela, eta dena ahaztuz joaten da». Egin dituzte bestelako lan batzuen bildumak, eta esan du segituko dutela: «guk ez badugu kontatzen ez duelako beste inork kontatuko».

Barjolak argi du: «Aktibo politiko izan zitezkeenen kontrako erasoak izan ziren, eta lezioa ematea zen helburua». Txalotu egin du egindako lana, inpunitatea kolektiboa izan zen gisan, erreparazioak ere kolektiboa izan behar duelakoan. «Narratiba bat ulertu eta politizatzen dugunean, testuingurua jartzen diogunean, erreparazioan bide bat egiten ari gara».

«Narratiba bat ulertu eta politizatzen dugunean, testuingurua jartzen diogunean, erreparazioan bide bat egiten ari gara»

NEREA BARJOLAIkertzaile feminista

Testuinguruari eman dio garrantzia, orduko hartan eraikitzen ari zelako diskurtso bat ikusarazten zuena emakumeen aurkako erasoak ez zirela gertaera isolatuak, egitura baten parte baizik. Biolentzia sare osoa mahai gainean jartzen ari ziren. Testuinguru horretan bortxaketak kokatzeak gertatzen ari zenaren markoa ematen digutela azaldu du. «Sektore oso bat zegoen antolatuta, agentzia politiko, kultural eta soziala zuten emakumeak ziren». Horrekin guztiarekin amaitu nahi zuten, Barjolarekin irudiko.

Beldurra zabaltzea ere bazuten helburu. Horren aurrean talde feministek emandako erantzuna azpimarratu du: «Haiei zor diegu gaur egun perspektiba feministarekin lanean segitu ahal izatea».

«Ni han nengoen»

Dozenaka pertsona bildu dira aurkezpenera, gehienak emakumeak. Iraolak publikoari eman nahi izan dio hitza, eta Karmele Santosek hartu du: «Ni han nengoen», kontatu du. 22 urte zituen gertaera haiek izan zirenean. Talde feministan sartua zegoen, eta hamaika borrokatan parte hartutakoa da. «Beldurra geneukan, baina gure lana zen emakumeak etxean ez sartzea. Taldeak egiten genituen, lantokitik ateratzerakoan bakarrik ez egiteko bidea, eta beste. Mobilizazioak, erruz. Greba orokor bat ere egin genuen». Ez du zalantzarik Santosek ere: «Argi geneukan polizia zela. Borroka hura oso gogorra izan zen». 

Lehen bortxaketa.

 

1979ko azaroaren 14a. 16 urteko neska bat, M.A. mutil lagunarekin, J.A.P., 17 urtekoa, paseatzen ari zen Alaberga-Capuchinos auzoan (Errenteria, Gipuzkoa). Bi gizon armatuk paretaren kontra jarri zuten bikotea. [...] Erasotzaileetako batek mutila aparte eraman zuen, pistolarekin apuntatuz. J.A.P.-k burua itzuli zuenean, ikusi zuen M.A. Seat 850 urdin batean sartu zutela. [...]. Autoarekin tunel aldera joan ziren, Lezorantz; han, biluztera behartu, eta bertan bortxatu zuten biek. Erasoa amaitu ondoren, Errenterian utzi zuten; askatu aurretik, pistolekin apuntatu eta esan zioten atzera ez begiratzeko, eta bera eta mutil laguna hiltzeko mehatxua egin zioten, «zerbait kontatzen bazuten. ‘Ezagutzen zituztela’ esan zieten» (El Diario Vasco).

Errenteriako Emakumeen Taldeak manifestazioa antolatu zuen handik bi egunera. Deialdian hau zioten: «...kontua da antzeko kasuak gertatzen ari direla, baina ez direla salatzen, lotsagatik, edo errepresalien beldurragatik [...] Salatzen dugu ekintza hori, beste batzuekin batera, herria jasaten ari den errepresio-testuinguru orokorrean sartzen dela —atxiloketak, tortura, mehatxuak...—».

Bigarren bortxaketa.

 

1979ko abenduaren 15a. M.C.C.-k 14 urte zituen, eta paseoan zebilen ikaskide batekin (mutila), L.V.L.-rekin, Errenteriako udal hiltegiaren inguruan. Bi pertsona hurbildu zitzaizkien, pistolekin, banandu egin zituzten, eta neska Seat 124 berde metalizatu batean sarrarazi zuten. Lezoko tunelera eraman, eta biek bortxatu zuten. Amaitu zutenean, Errenteriatik Lezorako errepidean utzi zuten, esanez: «Lasai egon, ez zara azkena izango» (El Diario Vasco, abenduak 18). Errenteriako Emakumeen Taldeak agerraldia egin zuen, eta mobilizatzera deitu zuen.

Hirugarren bortxaketa.

 

1980ko urtarrilaren 4a. Hiru gizonek 19 urteko Irungo neska bat auto zuri batean sarrarazi zuten indarra erabiliz. Hirurek inongo erreparorik gabe bortxatu zuten, biktimak zehaztu ezin duen leku batean, eta handik ordu batzuetara Santa Elenako ur biltegi zaharrean utzi zuten. Leku hori «gutxienez beste hiru aldiz erabili da gauza bera egiteko», 1980ko urtarrilaren 10eko El Diario Vasco-ren arabera.

Laugarren bortxaketa, eta hilketa.

 

1980ko urtarrilaren 8a. Ana Tere Barrueta Alvarez, 19 urtekoa, ez zen etxera itzuli gau hartan Loiun, Bizkaian. Urtarrilaren 9an, hilda aurkitu zuten, etxetik ehun metrora, inguruan euskara ikasteko liburuak barreiatuta. Kamiseta zuen jantzi bakarra, eta zeharo odoleztatua zeukan, bortxatu eta jipoitu zutelako zantzuak zituen. Objektu zorrotz batekin egindako zauriak antzematen zitzaizkion. Bere gerrikoa lepoaren bueltan bildua zuen. Ez zioten ezer lapurtu. «Ez dira gaizkile arruntak» esan zuten emakumeen taldeek. Urtarrilaren 12an eta 13an manifestazio jendetsuak egin zituzten Bilbon, Irunen, Iruñean, eta Donostian.

Bosgarren bortxaketa.

 

1980ko urtarrilaren 13a. Mutil lagunarekin auto barruan zegoela, 18 urteko M.C. neska gaztea bahitu zuten Errenterian, pistolarekin mehatxatuta, eta, ondoren, bortxatu egin zuten Oiartzungo Arkale auzoan (Gipuzkoa). Hiru erasotzaileetako bat mutilarekin geratu zen; beste biek, berriz, bi ateko Seat 128 gorri batean Oiartzun aldera eraman zuten neska, eta, bortxatu aurretik, galdeketa egin zioten. Bortxaketaren ondoren, autoan sartu zuten berriro, eta Errenteriarantz itzultzen ziren bitartean, bortxatzaile batek besteari galdetu zion: «Hil egingo dugu?», eta besteak erantzun: «Ez, nahiko ondo portatu da». Bortxatzaileek aurpegia agerian jokatu zuten, ezagutuak izateko beldurrik gabe.

Seigarren bortxaketa.

 

1980ko urtarrilaren 13a. Aurreko salaketaren gau berean, 18 urteko neska bat bahitu zuten Trintxerpe-Pasaian (Gipuzkoa), eta bortxatu egin zuten. Errenteriakoak bortxatzaileen inguruan emandako ezaugarriekin bat zetozen Pasaiakoak ere. Igande hartako goizaldean, Trintxerpen, itsasargiaren inguruan, erasotzaile berberak beste bi emakume bortxatzen saiatu ziren, baina ihes egitea lortu zuten. Neska horiek polizia etxean egindako salaketa bat zetorren: Seat 128 gorria zen, bi atekoa. Urtarrilaren 16an, GAE Talde Armatu Espainiarrak-ek La Voz de España-ra deitu zuen, eta bere gain hartu zituen Errenteria aldean izandako azken bortxaketak.

Emakume taldeek deituta, mobilizazio jendetsuak egin zituzten. Urtarrilaren 17an, greba orokorra egin zuten. Bortxaketa gehiagorik ez, Erasorik ez erantzunik gabe eta beste lelo batzuk oihukatu zituzten. Biharamuneko egunkarian, La Voz de España-k lerroburura eraman zuen: «Erabateko lanuztea». Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia geratu egin ziren, emakume taldeek deituta. Ez zen ordura arte halakorik gertatu, baina sekulako indar erakustaldia egin zuten. 

Zazpigarren bortxaketa.

 

1980ko urtarrilaren 21a. 18 urteko neska bat bahitu zuten Galdakaon (Bizkaia). Bi gizonek autoan sarrarazi, herriaren kanpoaldera eraman, eta han bortxatu zuten. Egun hartan bertan, Irunen, beste bi gizonek 14 eta 16 urteko bi emakume bortxatzeko ahalegina egin zuten.

Zortzigarren bortxaketa.

 

1980ko apirilaren 13a. Bizkaian, Bermeoko 17 urteko bi neska auto-stop egiten ari zirela hartu zituen gizon batek, Mundakan. Matxitxakoko Talaiara joan, eta aparkatu egin zuen. Argiak itzali zituen, eta mehatxupean, bi nesketako bat bortxatu zuen, bestea pistolarekin mehatxatzen zuen bitartean, honako hau esanez: «Balak arin-arin ateratzen dira hemendik». Bukatutakoan, neskak Bermeora eraman zituen, eta Guardia Zibilaren kuartelaren ondoan aparkatu zuen autoa. Hurrengo egunean, erasoaren biktima amarekin salaketa jartzera joan zenean, autoa ezagutu zuen neskak. Epaiketa ireki zen, eta auzitegira deitu zuten salatua, baina ez zen agertu. Haren arduradunek ez zioten arma kendu, eta jaioterrira itzultzeko baimena eman zioten, Guadalcanalera (Sevilla, Espainia).

Bederatzigarren bortxaketa, eta beste bi biktima.

 

1980ko maiatzaren 7a. Maria Jose Bravo del Valle, 16 urtekoa, mutil lagunarekin zegoen, Francisco Javier Rueda Alonsorekin —16 urtekoa hura ere— Donostiako Loiola auzoko txoko batean eserita. 18:00etan ikusi zituen azken aldiz lekuko batek. Mutila buruan jo zuten objektu trinko batez, eta, konortea galdu baino lehen, neskaren oihuak entzun zituen. Mutila 19:20an aurkitu zuten, noraezean. Larri eraman zuten ospitalera, garezurra hautsita. Handik zortzi urtera hil zen, eraso haren ondorioengatik.

Bravoren gorpua biharamunean aurkitu zuten, Donostiako Zorroaga gaineko mendi hegal batean. Kolpe handiak zituen buruan, eta bortxaketaren eta tratu txarren zantzuak. Maiatzaren 9an, hainbat manifestazio jendetsu egin ziren. Maiatzaren 10ean, BVEk bere gain hartu zuen bikotearen aurkako erasoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.