1978ko sanferminetako gertaera larriak argitu daitezela galdegin du parlamentuak

Mozioak argudiatu du krimen frankistak gizateriaren aurkakotzat jo behar direla. EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurkeztu dute, eta PSNk babestu du. UPN abstenitu egin da.

Geroa Baiko Mikel Asiain eta Pablo Azkona, parlamentuan. MIGUEL OSES / NAFARROAKO PARLAMENTUA
Geroa Baiko Mikel Asiain eta Pablo Azkona, parlamentuan. MIGUEL OSES / NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
Iruñea
2024ko ekainaren 13a
19:15
Entzun

78ko Sanferminak Gogoan taldeak landutako mozio bat bere egin dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, eta eztabaida Nafarroako Parlamentura eraman dute. Agiriak babesa adierazten dio talde horrek aurkeztutako kereilari, eta aldarrikatzen dute frankismoak egindako krimenak gizateriaren aurkakotzat jo behar direla. Hori litzateke modua 1977ko amnistiaren legea gainditzeko eta duela 45 urteko gertaera larri haiek argitzeko. 

Ordubete inguruko eztabaidaren ostean, mozioa aurrera atera da. PSNk bat egin du mozioa aurkeztu duten hiru taldeekin. UPN, berriz, abstenitu egin da. PPk eta Voxek kontra bozkatu dute.

1978ko uztailaren 8an, poliziek gogor jo zuten herritarren aurka zezen plazan eta hirian: sei orduz, su armekin 130 tiro eta 2.000 pilota jaurti zituzten. Bortizkeria haren ondorioz, German Rodriguez hil egin zen, eta 11 lagun balaz zauritu ziren. Orotara 150 pertsona zauritu zituzten. 

Iruñeko peñek ikerketa bat egin zuten, baina, ehunka froga eta testigantza bildu bazituzten ere, epaitegiek artxibatu egin zituzten auzibide guztiak. Lau hamarkada geroago, 2019an kereila bat bultzatu zuen 78ko Sanferminak Gogoan taldeak, Iruñeko Peñen Federazioak eta hainbat biktimak, baina Nafarroako Auzitegi Nagusiak artxibatu egin du aurtengo urtarrilean. Konstituzionalera jotzeko asmoa dute.

Delitu preskriba ezina

Mozioak babesa adierazten dio kereilaren bultzatzaileei. Gainera, gogora ekartzen du diktaduran zein trantsizioan frankismoak herritar zibilen aurkako «eraso orokortu eta sistematikoa» egin zuela, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren 1998ko Erromako Estatutuak zehazten duen bezala. Definizio lazgarri horren barruan kokatzen du Espainiako Polizia Armatuak 1978ko sanferminetan egindako eraso bortitza. 

Geroa Baiko Mikel Asiainek aurkeztu du mozioa, eta gogora ekarri du 2022ko Espainiako Memoria Demokratikoaren Legearen 2. artikuluan zehazten dela gizateriaren aurkako krimenak preskriba ezinak direla. Hartara, Asiainen arabera, 1977ko amnistiaren legea ezin da oztopo izan gertaera horiek ikertzeko: «Egia bilatzen jarraitzen dugu. Hori da gure helburua eta gure oinarria. Ez besterik». 

Nafarroan, berriki, segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek eragindako indarkeriaren lehen hamabi biktimak aitortu dira. Horien artean zeuden egun hartan su armekin larri zauritutako hiru lagun.

«Egia bilatzen jarraitzen dugu. Hori da gure helburua eta gure oinarria. Ez besterik». 

MIKEL ASIAIN Geroa Baiko parlamentaria

Maiatzaren 27an egindako aitortza ekitaldian haietako batek hitz egin zuen, Fermin Ilundainek. Hamazazpi urte zituen, eta izututa egon zen auto baten azpian. Bertatik ikusi zuen nola hil zuten Rodriguez. Ilundainen hitzak gogoan, Asiainek nabarmendu du justizia aldarrikatzen jarraituko dutela.

UPN abstenitu egin da, eta argudiatu du Nazio Batuei dagokiela zehaztea frankismoaren krimenak gizateriaren aurkakoak al ziren. Haren ustez, mozioaren babesleek auzitan jarri dute auzitegien lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.