Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara ekinaldiak jakinarazi dute 1976ko martxoaren 3ko sarraskian zauritu zituzten beste zazpi kide identifikatu dituztela. Era berean, Eusko Jaurlaritzari dei egin diote «leihatila bat» jar dezan aitortzarik jaso ez duten biktimek eskaerak bideratzeko. Hain zuzen, identifikatuetako bat, Manuel Pizarro, duela gutxi hil baita, «inolako aitortza ofizialik gabe».
Azken hilabeteetan egindako ikerketa lanaren ondorio izan dira aurkikuntzak, Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroaren diseinuaz arduratzen ari den taldeko buru Julen Diaz de Argotek eta Martxoak 3 elkarteko Nerea Martinez Aranburuzabalak azaldu dutenez. Talde memorialistek eta Gogora institutuak otsailean itxi zuten itun bat, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko memoria gunearen sorreran «koordinazio, aholkularitza eta partaidetza lanak egiteko». Eta azaldu dutenez, hura luzatu egingo dute datorren urtean, proiektuak «denbora, baliabideak eta biktimen eta talde memorialisten ezinbesteko parte hartzea» behar dituelako.
Haren bitartez, gertaera haren inguruko informazioa duten ehun liburu baino gehiago eta 60 aldizkari inbentariatu dituzte, baita «greba prozesua eta ondorengo errepresioa ulertzen laguntzeko» batzarretako eta auzitegietako dokumentuak ere. Era berean, grebei eta egun hartako sarraskiari lotutako ondare materiala ere bildu dute, biktimen senideek emandakoa. «Egun hartako sarraskia erakusten duten objektuak dira, hala nola zaurituetako batetik ateratako bala bat, tiroen markak, gomazko pilotak, ke poteak...», azaldu dute.
Halere, gogoratu dute oraindik lan asko dagoela «egia osoa» jakiteko. Beraz, Alcala de Henaresko Artxibo Nagusi Zentralean eta Ferrolgo artxibo militarrean sartzea beharrezkotzat jo dute, horietan gordeta dagoen «informazio sailkatua» aztertzeko.
Era berean, azaldu dute orain arte 70 elkarrizketa baino gehiago egin dituztela baina ez dutela lortu zaurituak izan ziren hogei bat lagunekin harremanetan jartzea. Horiei eta horien senideei dei egin diete elkartearekin harremanetan jartzeko.
1976ko martxoaren 3an, Espainiako Polizia Gasteizko San Frantzisko elizan bilduta zeuden beharginen kontra oldartu zen. Negar gasa bota zuten eliza husteko, eta, gero, tiro egin eta kolpeak eman zizkieten langileei. Bost lagun hil eta ehunka zauritu zituzten. Hala, elizan bertan gertaera haren biktimak oroitzeko zentro bat eraikitzea adostu zen, baina horri ekiteko bidea ez da erraza izan. Zazpi urtean, gorabeherak izan dira erakundeen eta memoria elkarteen artean, harik eta iaz patronatuaren osaeraren inguruko desadostasunak atzean uztea lortu zuten arte. Izan ere, Martxoak 3 elkarteak eta Memoria Gara-k salatu zuten prozesua ezin zela aurrera atera biktimek parte hartu ezean.