Gogora institutuak jakinarazi duenez, 1936ko gerrako biktimen desobiratzearen hirugarren fasea abiatu dute Zornotzako hilerrian (Bizkaia). 2023ko abenduan eta aurtengo martxoan egin zituzten aurreko indusketak, eta 86 gorpuzki aurkitu zituzten. Aldi honetan, uztailaren 28a arte eginen dituzte bilaketak. Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen Eusko Jaurlaritzako sailburua eta Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendaria bertara joanen dira ostiral honetan, bilatze lanak ikustera.
Indusketa lanak egiten ari diren hilerri zatiak ez du kalterik izan gerraz geroztik. Dokumentu historikoen arabera, gerla garaian hil zituzten hainbat pertsona bertan lurperatu zituzten. Ondoko egunetan eginen dituzten aurkikuntzek zehaztuko dute ea indusketa gehiago egin behar dituzten ala ez.
Gogora institutuak oroitarazi duenez, maiatzaren 13an eman zizkieten familiei identifikatutako lehen bien gorpuzkiak, eta senideek Zornotzako hilerrian bertan berreskuratu zituzten. Identifikatutako pertsonak Adolfo Zengotitabengoa Izurza eta Jaime Iñiguez Nieva dira —Muskizkoa Izurza eta Ortuellakoa Nieva—, biak Euskadiko Alderdi Komunistari atxikitako Perezagua batailoiko milizianoak. Gogora institutuak adierazi duenez, biak egun berean hil ziren, 1937ko apirilaren 7an, Zengotitabengoa Barazarko frontean, 31 urterekin, eta Iñiguez Zornotzako ospitale militarrean, 19 urterekin, «seguru asko, frontetik bertatik zaurituta eraman ondoren».
Maiatzean, zundaketak egin zituzten gerlan hildakoak hobiratu zituzten hilerriko eremuan. Dokumentuen arabera, guda zelaian hildako gudari eta milizianoak, ospitale militarrean hildako zaurituak edota Zornotzako presondegian hildako emakume presoak izan litezke. Hala ere, orain arte aurkitu dituzten 86 gorpuzkietatik bakarra ere ez da emakumezko batena.
Iazko abenduan egin zituzten lehen desobiratzeetan 54 gorpuzki aurkitu zituzten. Guztiek zituzten antzeko ezaugarriak, hala nola oinetakoak, eta frontean hildako gudariak zirela interpretatu zuten, Gogorak azaldu duenez. Haatik, gainerako hobietan aurkitutako gorpuzkiek ez zeramaten oinetakorik, eta horietako batzuk izaretan bilduta zeuden. Guraize kirurgiko batzuk ere aurkitu zituzten, eta gizabanakoetako batek moztua zuen hanka bat. Horrek guziak erakutsi lezake ospitalean hildako borrokalarien gorpuzkiak zirela.