1936ko biktimen legea onartu dute, UPNren abstentzioarekin

Gobernuko alderdiak aurkako boza eman zuen batzordean, baina orain abstenitu egin da; PPNk ezezkoari eutsi dio osoko bilkuranFusilatuen senideak izan dira Nafarroako Parlamentuan protagonista; 200 egon dira

edurne elizondo
Iruñea
2013ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Azken urratsa izan zen atzoko osoko bilkura: aldeko 27 botorekin, Nafarroako Parlamentuak onartu egin zuen 1936ko altxamendu militarraren ondorioz hildakoak eta errepresioa jasan zuenak gogoratzeko eta aitorpen morala egiteko legea. Ezkerrak proposatu zuen testua, eta talde horren babesa ez ezik, Bildurena, Aralar-NaBairena, PSNrena eta Geroa Baiko parlamentariena ere jaso zuen; PPNko lau parlamentariek kontra bozkatu zuten; eta UPNko hemeretziak, berriz, abstenitu egin ziren. Batzordean, lege proposamenari ezezko biribila eman zion alderdi horrek.

Atzoko saioan, 1936an fusilatutako 3.400 nafarretako hainbaten senitartekoak izan ziren Nafarroako Parlamentuaren egoitzan, eztabaidari so. 200 inguruk egin zuten bat han. Arretaz entzun zituzten parlamentarien solasaldiak, eta, bozketaren emaitza ezagutu zutenean, txalo zaparrada batekin ospatu zuten emaitza.

Kontent agertu ziren senideak. Eta kontent, halaber, legeari babesa eman zioten alderdiak. «Berandu dator, baina hobe berandu, inoiz ez baino», erran zuen Ezkerrako Txema Mauleonek. Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari hitz egin zion, zuzenean: «Gaur [atzo] Yolanda Barcina erranen dizut, ez zaitut presidente deituko, ez baitzara nafar guztien ordezkari», erran zion, haren alderdiak legea babestu ez izana salatzeko. Senideen testigantzak jasotzen dituen liburu bat eman nahi izan zion Mauleonek Barcinari, baina une horretan, behintzat, ez zuen hartu nahi izan Nafarroako presidenteak.

Bilduko Victor Rubiok orain arteko «isiltasuna» salatu zuen. «Loreak ere ezin zituzten eraman haien senitartekoen hilobietara; memoriarik ez duen gizartea ez da gizarte osasuntsua», erantsi zuen. Rubiok argi utzi zuen legea ez dela helmuga: «Abiapuntua da; lan handia dago egiteko».

Aralar-NaBaiko Xabi Lasak, hain zuzen ere, nabarmendu zuen onartutako legea, nolabait,motz gelditzen dela, ez duelako urratsa egiten «fusilatuen alargunen, arreben eta beste emakume askoren sufrimenduaren memoria berreskuratzeko». Aurrerapausotzat jo zuen, hala ere, onartutako testua. PSNko Roberto Jimenezek ere bai. «Bidezko legea da, eta beharrezkoa», erran zuen.

«Batasuna hautsi»

UPNko Javier Caballerok onartu zuen 1936ko biktimei aitorpen morala egitea «duintasun kontua» dela, eta elkartasuna agertu zien parlamentuan bat egin zuten senideei. Hala ere, Ezkerrak proposatutako legea ez dela batasunaren ondorio izan nabarmendu zuen. «Lege horretatik at utzi nahi izan gaituzte», erantsi zuen.

Arrazoi bera jarri zuen mahai gainean PPNko parlamentari Eloy Villanuevak. «Parlamentuak 1936ko gerrari buruzko txostena egin, eta talde guztien adostasunarekin testu bat onartu egin zuen. Lege honekin, batasun hori hautsi du Ezkerrak, bere interesen alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.