Oroimenaren bideari eutsiko dio Nafarroako Gobernuak aurten ere. 2015ean Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak akordio programatikoa izenpetu zutenean, agerian geratu zen memoria historikoak hartuko zuen garrantzia. Aranzadi zientzia elkartearekin hitzarmena sinatuta, frankismoko biktimen hobiak atzeman eta gorpuzkiak identifikatzeko prozesua abiarazi zuten. Orain, plan horri eusteko eta, are, egitasmoa indartzeko asmoa iragarri du Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaritza nagusiak. Atzo aurkeztu zuten 2020. urterako bide orria.
Nafarroako Memoriaren Institutuak, esate baterako, hogei bat desobiratze eginen ditu datozen hilabeteetan, «1936ko kolpe militarraren biktimak aurkitzen eta identifikatzen jarraitzeko». Lan arkeologiko batzuei ekin diete dagoeneko; besteak beste, Eloko hobiaren prospekzioari.
Horrez gain, segida eman nahi diete aurretik abiatutako identifikazio prozesuei; besteak beste, Iruñeko atxiloketa zentroetatik atera eta fusilatutako herritarrena, Ezkaba mendiko Alfontso XII.aren gotorlekutik ihes egindakoena —43 presoren gorpuzkiak atera dituzte lurpetik orain arte— eta Bidankozen eta Goldaratzen hobiratutako gerrillari antifrankistena.
109 gorpu aurkitu dituzte
Nafarroako Gobernuak aurreko legealdian abiatu zuen frankismoko hobiratze guneak aurkitzeko eta biktimak identifikatzeko protokoloa, Aranzadi zientzia elkartearekin hitzarmena sinatuta. Senideen elkarteekin ere lankidetzan aritu dira ordutik. Elkarlan horri esker, errepresio frankistaren 109 biktimaren gorpuak atera dituzte hobitik.
Guztira, Nafarroako Gobernuak eta Aranzadik 57 gunetan egin dituzte indusketak: horietatik, 23tan aurkitu dituzte hobiratzeak, eta gainerakoetan ez dute arrastorik topatu. Gorpuzkiei dagokienez, 23 pertsonarenak identifikatu ahal izan dituzte, Nasertic enpresa publikoak kudeatutako DNA bankuari esker. Senideei itzuli dizkiete identifikatutako biktimen hezurrak. Aurreko legealdian, lurpetik ateratako dozenaka biktimaren arrastoak modu duinean hobiratu zituzten Iruñeko hilerrian, gerrako biktimen omenezko panteoian. «Batzuek esaten dute ekitaldiok zauriak berriz irekitzen dituztela, baina egiazki zauriak ixten laguntzen dute», aldarrikatu zuen Ana Ollo kontseilariak.
1936ko biktimen gorpuak topatzeko plana indartuko du Txibiteren gobernuak
Memoriaren Institutuak hogei desobiratze eginen ditu 2020an, Aranzadi elkartearen bidez. Plana ezarri zenetik, 109 gorpu atzeman dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu