Isiltasunaren eta beldurraren gerizpean bizi ditu Buñuelek (Nafarroa) 1936ko udako hilketak. Uztailaren 21etik abuztuaren 26ra bitarte, 52 pertsona hil zituzten herrian: 51 gizon eta emakume bat, hain zuzen. 75 urte igaro eta gero, zauriak itxi gabe jarraitzen du, eta Buñuelgo Udalak ez ditu ofizialki onartzen hilketa horiek. Baina isiltasunak ez du eten biktimen garrasia. Herriko memoria historikoa azaleratzeko asmoz, abuztuaren 25ean liburu bat aurkeztuko du Pedro Jose Francesek, Como la mula al surco. Egun bat geroago, omenaldi berezi bat antolatu dute idazleak eta haren familiak 1936ko biktimak gogora ekartzeko. Oztopoak oztopo, herriaren historia ezagutzeko egun aproposak izango dira.
1936an hil zituzten 52ak ez ziren izan herriko biktima bakarrak. Hori argi utzi du Pedro Jose Francesen liburuak. Bertan, Luis Tajafuerce Morales buñueldarraren bizitza kontatzen da, lehen pertsonan, jaio zenetik 1936. urte ondorengo izuaren urteak pasatu arte. Tajafuercek berak idatzitakoa da lana, Francesek berridatzi eta apaindua. Apirilean aurkezten saiatu zen, baina datorren ortziralean aurkeztuko du azkenean.
Abuztuaren 26ko omenaldia
1936ko abuztuaren 26ko gau hura guztietan odoltsuena izan zen. Furgoneta batek herriko 25 gizon eta emakume bat bildu zituen ordu erdi eskasean. Hitz egitera zihoazela erran zieten senitartekoei, baina ez ziren itzuli etxera. Gaur egun, hamaika gorpu desagertuta daude oraindik. Astebete barru, egun horretan erori zirenak omentzeko ekitaldi bat antolatu dute lehenbiziko aldiz 75 urtean.
Ekitaldiaren ibilbidea zein izango den oraindik zehazteko dago. Izan ere, Buñuelgo Udalak (UPN) oraindik ez du baimenik eman herriko zenbait kale erabiltzeko. Omenaldian, furgonetak egin zuen ibilbidea eginen dute, eta bide guztian zehar kantuan arituko dira, Verdiren Nabucco-ko esklaboen kantuak lagunduta. Francesek kantuaren hitzak espresuki egokitu ditu ekitaldirako. Bukatzeko, afari bat eginen dute.
Datorren astea garrantzitsua izanen da Buñuelgo herriarentzat. Urte ilunak izan badira ere, 1936ko biktimak ahaztu ez dituztela gogorarazteko bai, bederen.
1936ko biktimen garrasi isila
75 urte bete dira Buñuelen 52 lagun hil zituztela. Galtzaileen bertsioa azaleratzeko, liburu bat aurkeztuko dute hilaren 25ean; biharamunean, omenaldia egingo diete. Udalak ez du baimenik eman hainbat kale erabiltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu