1936an fusilatutako hamar gorpuzki aurkitu dituzte Baternainen

Aranzadi zientzia elkarteak topatu ditu gorpuak. Nafarroako Gobernuak dio litekeena dela Ezkabatik eramandako presoen hilotzak izatea

Baternainen aurkitutako arrastoetako batzuk. IÑAKI PORTO / EFE.
Hodei Iruretagoiena - Iñaut Matauko Rada
2022ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Aranzadi zientzia elkarteak 1936an frankistek fusilatutako hamar lagunen gorpuzkiak topatu ditu Baternainen (Zizur, Nafarroa). Estatu kolpearen ondoren, 1936ko uda eta 1937ko urte hasiera artean nafar ugari fusilatu zituzten inguru hartan. Herritar baten lekukotzari tiraka, hilaren 20an hasi zituzten indusketa lanak, eta Baternaindik Iberora doan bidearen ondoan aurkitu dituzte gorpuzkiak, hiru hobitan, laborantzarako lursail batean. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanen kontseilariak azaldu du lehen ikerketen arabera litekeena dela Ezkabako kartzelatik eramandako presoak izatea.

2017an iritsi zitzaien abisua Nafarroako Memoria Institutura, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearen bidez. Baternaingo herritar batek eman zuen lekukotza, amak kontatu ziona gogoan: «Hamar edo hamabi lagun hil zituzten zelai hartan. Hantxe lurperatu zituzten, eta urte luzetan hondoratuta ikusten zen ingurua. Gero, makinekin lan egiten hasi zirenean, lurra berdindu egin zen».

Behin lekukotza entzunda, urte berean, 2017an, hasi ziren indusketa lanak egiten, baina ez zuten ezer aurkitu. Izan ere, lekukoak adierazi zuen Ibero herrira (Nafarroa) doan bidexkaren eskuinetan zeudela gorpuak. Hori dela eta, Baternaingo Udalbatzak bultzatutako ikerketei esker, deskubritu zuten 1936ko bidexka eta egungoa ez direla bera. Hala, bidexkaren ezkerrean egin dituzte indusketak aurten, eta bertan topatu dituzte arrastoak.

Gorpuetako batek eskuak lotuta zituen metalezko eskuburdinekin. Horregatik uste dute litekeena dela Ezkabatik eramandako presoen gorpuak izatea. DNA probak egingo dituzte orain NASERTIC laborategian, gorpuzkiak norenak diren argitzeko.

Nafarroako Gobernuak hainbat hitzarmen sinatu ditu Aranzadi zientzia elkartearekin 2016tik hona. Ollok adierazi du sei urte horietan «frankismoaren errepresioaren» 154 biktimaren gorpuak induskatu dituztela.

Baternaingo indusketa Nafarroako Gobernuaren Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Orokorrak diseinatutako Desobiratzeen Planaren barruan dago, Aranzadirekin sinatutako hitzarmenari esker. Aurten hamahiru indusketa egin dituzte orain arte, nahiz eta guztira 23 egiteko asmoa duten, eta horietako hirutan topatu dituzte gorpuak: Antsoainen hilotz bat topatu zuten; 23 Berriozarren, eta hamar Baternainen.

«Hipotesi asko»

Indusketa lanetan aritu da Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologoa, eta aurkikuntza garrantzitsua dela dioen arren, adierazi du oraindik itxaron egin behar dela ondorioak ateratzeko, «hipotesi asko» baitituzte.

Antropologoaren arabera, tiroz hil zituzten pertsona horiek, hezurduran zuloak eta inguruan balak topatu baitituzte. Hildakoetako batek eskuburdinak zituenez, hipotesi nagusia da «estrajudizialki» hil zituzten presoak zirela; izan ere, ez dago hilketa horien inguruko erregistrorik.

«Erreferentzia gutxi dugu. Ezkabatik ateratako presoak izan zitezkeen, edo presondegitik pasatu gabe hil zituzten pertsonak. Hobiratze moduagatik, ziurrenik denbora tarte txikian edo egun berean hil zituzten», Herrastiren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.