192 talde, Gabiria eta Barasoain arteko goi tentsio proiektuen aurka

Autopista Elektrikorik Ez taldeak salatu du 431 dorre eraikiko dituztela Nafarroa eta Gipuzkoa artean. Protesta eginen dute maiatzaren 29an

Ion Orzaiz.
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Goi tentsioko 431 elektrizitate dorre, paraleloan jarrita, Barasoain (Nafarroa) eta Gabiria (Gipuzkoa) herrien arteko 72 kilometroetan zehar. REE Espainiako Elektrizitate Sareak eta Forestaliak nork bere aldetik eraiki nahi dituzten goi tentsioko linea proiektuak Orbaibar eta Goierri arteko eremu horretan elkartuko dira, eta ekialdetik mendebaldera zeharkatuko dute Nafarroa, Gipuzkoaraino. Horren aurka, Lurkide izeneko hitzarmena sinatu dute inguruko herrietako 192 elkartek, eta manifestaziora deitu dute, gainera: maiatzaren 29an, elektrizitate dorreak eraiki nahi dituzten tokietara joanen dira protesta egitera.

Autopista Elektrikorik Ez plataformak azaldu duenez, bi proiektu elkartuko dira Nafarroa eta Gipuzkoa arteko lurretan: REErena, 92 kilometrokoa, eta Forestaliakoa, 244koa. Bien artean, 800 bat elektrizitate dorre eraikiko dituzte, eta horien erdiak baino gehiago, Barasoain eta Gabiria arteko eremuari dagozkie. Lurkide hitzarmenaren sinatzaileek «burugabekeriatzat» jo dute goi tentsioko lineak eraikitzeko proiektuak ugaritzea: «Hamar urteko borrokari esker, bi aldiz geldiarazi ahal izan dugu Itsaso-Castejon linea, baina orain, Forestalia enpresaren proiektuak batu zaizkio horri». Elkarteen arabera, halakoek ez dute loturarik elektrizitate beharrarekin, «putre funtsen interes espekulatiboekin baizik».

Sinatzaileen arabera, goi tentsioko proiektuok «mehatxu larria» dira ingurumenarentzat eta «eskualdeetako ondare eta garapenarentzat». Horregatik, esku hartzeko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari: «Proiektuen tramitazioa eta onespena Espainiako Erresumari dagokio, baina hori ezin da aitzakia izan herriak abandonatzeko, bertoko erakundeek ere mekanismoak baitituzte herritarren borondatea errespetatzeko bide demokratikoak zabaltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.