Zubiak Eraikiz plataforma ahaleginetan dabil Eusko Legebiltzarrak tramiterako onar dezan eskola segregazioaren kontrako herri ekinaldi legegilea. 10.000 sinadura behar zituzten egitasmoa legebiltzarrera eramateko, eta 17.000 batu zituzten. Proposamena aurkeztean, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk babestu egin zuten. Orain, aldiz, bozketaren atarian, Eusko Jaurlaritzak kontrako irizpena eman du, esanez segregazioaren gaia hezkuntza legean jorratuko dutela. PSE-EEk bat egin du horrekin.
Agerraldia egin zuten atzo plataformako kideek legebiltzarrean, eta PSE-EEri eskatu zioten proposamenaren alde egiteko. Haren babesarekin, izan ere, gehiengoa lortuko lukete.
Legebiltzarreko agerraldiaren ostean hitz egin zuen BERRIAk Gonzalo Larruzea Zubiak Eraikiz plataformako kidearekin.
Zer espero duzue gertatzea legebiltzarreko bozketan? Zer itxaropen duzue?
Eusko Jaurlaritzak gure proposamenaren kontrako jarrera azaldu zuenetik, panorama ilundu egin da. PSE-EEk ere ez bagaitu babesten, ez dugu legebiltzarreko botoen gehiengoa aterako, baina azken momentura arte ez dugu esperantza galduko. Izan ere, baliteke azken unean aldaketak izatea. Hori dela eta, itxaropentsu egongo gara bozketara arte.
Izan duzue harremanik PSE-EErekin?
Izan ditugu kontaktuak PSE-EErekin; kasu batzuetan harreman zuzena izan dugu, eta beste batzuetan, zeharkakoa. Badakigu barne eztabaidak izaten ari direla. Zenbait ahots kritiko azaldu dira alderdiko kideen artean, baina, oraingoz, horrek ez du ezer esan nahi. Gu PSE-EEri begira gaude, eta espero dugu azken momentuan hutsik ez egitea, orain arte babesa eman digute eta.
Eusko Jaurlaritzak azaldu du segregazioaren gaia hezkuntza legean jorratuko dela, eta, beraz, ez duela zuek egindako proposamena onartuko. Zer iritzi duzue argudio horren inguruan?
Esaten dute sentsibilizatuta daudela segregazioaren gaiarekin, legea laster datorrela, eta horren zain gelditzeko eskatu digute. Oso konplikatua izango da legea martxan jartzea agintaldi honetan. Horrez gain, pena da guk martxan jarritakoa zakarrontzira botatzea. Azken finean, Zubiak Eraikiz plataformak proposatutakoa alde batera uztea 17.000 hiritarri bizkarra ematea da. Gai konplikatua da Jaurlaritzarentzat, eta uste dugu legea laster iritsiko dela esatea foku mediatikotik ateratzeko modua dela.
Proposamena legebiltzarrera eramanda, eztabaida mahai gainean jartzea lortu duzue?
Legebiltzarrean gerta daitekeena alde batera utzita, gogobeteta gaude. Gaia pil-pilean egon da; hezkuntzako eragile guztiek egin diote erreferentzia gai horri. Ez dut uste gure plataformak martxan jarritakoagatik bakarrik izan denik, baina, neurri handi batean, esango nuke lortu dugula eztabaida horri garrantzia ematea. Guk aldaketa sozial batzuk planteatu nahi ditugu, baina argi izan dugu bakoitzak bere aldetik ezingo lukeela ezer lortu. Hori dela eta, indarrak batzea izan da gure nahia, eta sentsibilitate ezberdineko jendea batzea lortu dugu. Bakoitzaren desberdintasunak alde batera utzi, eta batasuna lortzen ahalegindu gara. Ederra da prentsaurrekoetan batera ikustea hainbat sindikatutako, gurasoen elkartetako eta plataformatako ordezkariak; oso lorpen polita da hori.
Balantze positiboa egiten duzue, beraz.
Prozesuaren balantzea oso positiboa da, baina horrek ez du esan nahi ez dela mingarria izango legebiltzarrak gure proposamena baztertzea.
Ikastolen Elkarteak adierazi duenez, segregazioaren jatorrietako bat da eskolatze batzordeek ikastetxe publikoetara bideratzen dituztela ikasturtea hasi eta gero iritsitako umeak. Hala ikusten duzue?
Uste dugu hori dela segregazioaren alderditxo bat. Berrikusi egin beharko litzateke eskolatze batzordeen funtzionamendua; batez ere, haren lana koordinatzeko. Nik Bizkaiko batzordearen funtzionamendua ezagutzen dut, eta ia-ia matematikoki egiten du banaketa. Gainontzekoetan, berriz, ez dakit nola jarduten duten. Hori dela eta, eskolatze batzorde guztiek irizpideak bateratu beharko lituzkete.
Azken hilabeteetan izandako mugimenduek izan al dute ondoriorik? Hobetu al da egoera?
Oraingoz, berdin jarraitzen du kontuak. Egoera aldatzeko, hezkuntza sistemaren aldaketa sakona behar da. Agintariek neurri eraldatzaileak hartu behar dituzte. Ziur nago itunpeko ikastetxe batzuk segregazioaren inguruan negoziatzeko prest egongo liratekeela, baina, negoziazio horiek posible izan daitezen, borondate politikoa beharrezkoa da, eta ez dut ikusten.
Gonzalo Larruzea. Zubiak Eraikiz plataformako kidea
«17.000 herritarri bizkarra ematea da ekinbide legegilea ez onartzea»
Eskola segregazioaren kontrako proiektua du esku artean Zubiak Eraikiz plataformak. Eusko Legebiltzarrak bihar erabakiko du herri ekinaldi legegilea tramiterako onartu ala ez; PSE-EEren babesa behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu