Mendekotasun Legearen garapena atzeratzeko asmoak Hego Euskal Herriko 16.460 biztanleri eragingo dio behintzat. Mariano Raxoi Espainiako presidenteak agindutako urte bateko atzerapenak bete-betean eragingo die I. graduko 1. mailako mendekotasuna dutenei, aipatu 16.460 pertsona horiei. 2014. urtera arte itxaron beharko dute legeak aitortzen dizkien zerbitzu eta eskubideak baliatzeko, berez 2013an jaso behar zituzten arren. Horretaz gain, I. graduko 2. mailako mendekotasuna duten kasu berriei ere eragingo die.
I. graduko mendekotasunaren barruan autonomia pertsonalerako tarteka laguntza behar dutenak daude, edota eguneroko ohiko ekintzetan laguntza zehatzen bat behar dutenak —egunean behin, adibidez— ; beharren arabera, bi mailatan banatuta daude. Mendekotasun Legea 2011n hasi zen pertsona horien eskubideak aintzat hartzen. 2011n eta 2012an I. graduko 2. mailako mendetasuneko pertsonekin hasi, eta 2013an eta 2014an I. graduko 1. mailakoekin jarraitu behar zuen.
Espainiako Gobernuak egindako legearen aldaketak zulo bat egin du legearen garapenean. 2011ko abenduaren 31ra arte maila horretan sailkatutako pertsonen eskubideak bermatzen ditu. Ordea, 2012ko urtarriletik aurrera maila horretan sartzen diren pertsonek 2013ra arte itxaron beharko dute dagozkien zerbitzu edo laguntzak jasotzeko. Abenduaren 31ra bitarte, I. graduko 2. mailan sailkatutako 11.096 pertsona zeuden; horiei ez die eragingo atzerapenak, BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako legearen aldaketaren arabera.
Norbere autonomia sustatzeko zerbitzuak, urrutiko laguntza eta etxez etxeko laguntza eskaintzen dizkie legeak I. graduko maila dutenei, baita familia inguruko zaintzarako edo zerbitzuari lotutako laguntza ekonomikoa ere.
10.498 lagun prestazio gabe
Iragan urteko bukaeran eskubidea aitortuta zeukaten pertsonei eragingo ez dienez, III. eta II. graduko mendekotasuna duten Hegoaldeko pertsonei ez die eragingo aldaketak. Dena den, mendekotasuna aitortuta daukaten Hego Euskal Herriko 62.450 pertsonetatik askok ez dute inolako zerbitzu edo laguntzarik jasotzen. 10.498 pertsona daude egoera horretan —Mendekotasun Legearen babespean daudenen %16,8, Imserso Edadetuen eta Gizarte Zerbitzuen Espainiako Institutuko datuen arabera—.
Arazoak arazo, Hego Euskal Herrian Mendekotasun Legearen garapena ona da, adituen arabera. Espainiako Mendekotasunaren Behatokiak hamar puntutik hamar eman dizkio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten ari den legearen garapenari; Nafarroari sei puntu eman dizkio. Eraginkortasuna, inbertsioa, itxarote zerrenden kudeaketa, herritar bakoitzeko gastua eta beste irizpide batzuk hartu dituzte kontuan nota jartzeko.
16.460 ezindu laguntzen zain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu