15 guardia zibil epaituko dituzte urrian Sarasola eta Portu torturatzea egotzita

Epaiketa horrekin inkomunikazioa, tortura eta zigorgabetasuna bukatu nahi dute bi akusatzaileek

2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Urriaren 25ean hasiko da Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzea egotzita auzipetuak dauden hamabost guardia zibilen aurkako epaiketa. Horrela jakinarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak. Donostiako lurralde auzitegian epaituko dituzte urriaren 29a arte.

2008ko urte hasieran Guardia Zibilak atxilotu eta inkomunikatu eta gero, oso zauri larriekin agertu ziren Portu eta Sarasola. Guardia Zibilaren esku zegoen bitartean Portu ospitalera eraman behar izan zuten. Hainbat saihets hautsita zeuzkan. Horietariko batek zuloa egin zion birikan, eta oso larri eraman zuten Zainketa Berezietako Unitatera. Bertan hiru egun pasatu behar izan zituen. Horrez gain, aurpegia eta gorputza ubelduraz beteta zeuzkan, eta lepokoarekin agertu zen ospitalean egin zizkioten argazkietan. Sarasolak ere zauri eta kolpe asko zituen. Biek ala biek torturak salatu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean, baina Guardia Zibilak bere burua defendatu zuen, erranez zauriak atxiloketaren ondorioak zirela, ihes egiten saiatu zirelako.

Auzibidea abia dadin, tortura salaketa jarri zuten Donostiako Lurralde Auzitegian, eta haien bertsioa berretsi zioten bertako epaileari, nabarmenduz zauriek ez zutela deus ikustekorik atxiloketarekin, baizik eta ondoko orduetan emandako kolpeen ondorioak zirela. Horiek entzunik, epaileak auzibidean aurrera egiteko erabaki zuen, eta haien atxiloketan parte hartu zuten hamabost guardia zibilak deklaratzera deitu zituen. Haien lekukotasunek ez zituen, ordea, konbentzitu, eta haien bertsioa «hanka motza» gelditu zela iritzita, auzia epaiketara eramatea erabaki zuen. Defentsak helegitea jarri zuen, baina alferrik, Donostiako Lurralde Auzitegiko 3. sala osatzen duten hiru magistratuek ere salaketaren prozedura aurrera eramateko «zentzuzko nahiko zantzu» ikusi zituzten. Besteak beste, aintzat hartu zuten atxiloketaren lekuko baten bertsioa, atxiloketa ez zela bortitza izan, eta autobideetako kamerek guardia zibil batek adierazitakoa gezurtatu zuen. Tortura eta lesio delituen akusazioak aurrera egin zuen.

Fiskaltzak lau guardia zibili baizik ez die egotzi tortura, eta haientzat bi eta hiru urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu. Beste seiri lesioak egotzi dizkie. Delitu hori «falta» denez, hamar egunez «lokalizatuta» egoteko zigorra baizik ez du eskatu. Gainerako bost guardia zibilak auzitik kanpo uztea eskatu du.

Akusazioak, berriz, zigor handiagoak eskatu ditu, eta guztien aurka, sei eta hamazazpi urte arteko kartzela zigorrak, besteak beste. Polizia operazioaren arduraduna zen Juan Jesus Casas Garcia sarjentuarentzat eskatu du zigorrik handiena: 17 urteko kartzela zigorra eta 24 urteko inhabilitazioa. Portu torturatzea egozten zaien beste sei guardia zibilentzat 11 urteko kartzela zigorra eskatu du, eta 12 urteko inhabilitazioa. Sarasola torturatu zutenentzat, azkenik, 6 urteko kartzela eskatu du, eta 12 urteko inhabilitazioa.

«Neurri batean baikorra»

Amaia Izkok, Portu eta Sarasolaren abokatuak, baikortzat jo du auzia horretaraino heltzea. Nola bukatuko duen ez dakien arren, auziak torturaren presentzia agerian utzi duela ez dauka dudarik. «Zaila ikusten dut Espainiako Estatuan horrelako auzi bat zigor batekin bukatzea, baina gai horren inguruan dagoen zigorgabetasuna bukatzeko balio badezake». Funtsean berak zehazten duenez, kasu pertsonala baino haratago, hori da Porturen eta Sarasolaren asmoa, tortura, inkomunikazioa eta zigorgabetasuna bukatzea, alegia.

Gisa berean, ez daki egun hauetan Estrasburgoko AuzitegiakEspainiako Justiziari jarritako isuna tortura salaketa bat ez ikertzeagatik eraginik izanen duen 25eko epaiketan, baina horrek eretortura existitzen dela frogatzen laguntzen duela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.