14an hasiko da inbestidura, gehiengo soila bermatuta

Saioa asteburuan egitea eragotzi dute eskuineko alderdiek. Nafarroako EH Bilduko militanteek ontzat jo dute abstentzioa baliatuz Txibiteren gobernuari bide ematea

Parlamentuko mahaikideen eta alderdietako eledunen arteko bilera, atzo. I.P. / EFE.
Iosu Alberdi.
2023ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Maria Txibite Nafarroako presidentetzarako PSNren hautagaiaren inbestidura saioak badu eguna. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak ebatzi du astelehenean egitea. PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aste hasieran itxi zuten Nafarroako Gobernurako akordioa, baina, gehiengo osorik gabe, Txibitek beste bozketa bat beharko du presidente bihurtzeko, gehiengo soilaren bidez. Hori asteartean izango da. Hartan, EH Bilduren abstentzioa behar du, eta koalizioaren Nafarroako Mahai Politikoak horren inguruan galdetu zien koalizioko militanteei. Eman dute emaitzen berri: afiliatuen %61,2k parte hartu dute, eta horien %82,7k egin dute abstentzioaren bidez Txibiteri bide ematearen alde; %12,7k kontra.

Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualderen asmoa zen inbestidura saioa asteburuan egitea; lehen bozketa, larunbatean, eta bigarrena, igandean. Parlamentuko Mahaiak, baina, atzeratzea erabaki du. Arrazoia:UPNren, PPren eta Voxen oposizioa. Eskuineko alderdiek araudian ezarritako epeak errespetatzeko eskatu dute; hau da, 72 orduko tartea igaro dadila Hualdek deia egin zuenetik inbestidura saiora bitarte. Hala egin ezean, UPNk helegite bat aurkeztuko zukeen, azaldu dutenez.

Horiek hala, Hualdek esan du «ziurtasun juridikoa» bermatzeko egingo dutela inbestidura astelehenean, UPNren helegite batek gehiago atzeratzea eragin zezakeelakoan.

Ez da epea murrizten den lehen aldia. PSNko eledun Ramon Alzorrizek adibide bat jarri du: Miguel Sanzen (UPN) azken inbestidura saioa, 2007an. Hala, kexu azaldu da eskuinaren jarrerarekin: «Beste behin, eskuinak eta eskuin muturrak bat egin dute legealdia hastea eragozteko, motibazio politiko argi batekin». Halere, adierazi du horiek ez dutela eragotziko gobernua osatzea: «Nafarrak lasai egon daitezke, Maria Txibite Nafarroako presidente izango baita, eta gobernu aurrerakoi bat egongo baita».

Alzorrizek eta Hualdek zenbait parlamentari oporretan egon daitezkeelako aitzakia ere kritikatu dute. Biek gogoratu dute Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak adostu zutela uztaila eta abuztua inbestidura prozesuarekin lotutako ekimenetarako erabilgarri izatea.

Beraz, astelehenean ekingo diote saioari, 09:30ean. Txibitek bere programa babestuko du. Ondoren, alderdietako ordezkariek harekin eztabaidatzeko tartea izango dute. Azkenik, bozketa egingo dute, 18:30 aldera. Ezusterik ezean, Txibitek aldeko 21 boto jasoko ditu (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa), eta kontrako 20 (UPN, PP eta Vox). Hau da, ez du eskuratuko lehen bozketan beharrezkoa den gehiengo osoa (26 boto). Hala, EH Bilduren abstentzioa erabakigarria izango da bigarren bozketan.

Hurrengo urratsa Txibiteren kargu hartzea izango da. Hualdek azaldu du ostegunean egingo dutela, 11:30ean. Egun berean, Espainiako Kongresuko mahaikideak hautatuko dituzte Madrilen. Ostiralean, berriz, kontseilariek hartuko dute kargua.

«Lehen geldialdia»

EH Bilduko eledun Laura Aznalen esanetan, jada garatzen ari diren bideari jarraipena emateko garaia da, eta horretarako «lehen geldialdia» da Txibiteren inbestidura. Hala, Aznalek «poza» adierazi zuen PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu akordioa itxi ostean. Hirurek herenegun aurkeztu zioten programa EH Bilduri, eta, bilkuraren ostean, koalizioak legealdi honetan «zorrotzago» lan egiteko prestasuna azaldu zuen, «zerbitzu publikoak indartzeko, eskubideak zabaltzeko eta Nafarroako autogobernuan aurrera egiteko». Hizkuntz politika ere berariaz aipatu du Aznalek.

Aurrez, koalizio subiranistak mahai gainean jarri zuen Txibiteren aldeko botoa emateko aukera ere, «negoziazioak desblokeatzeko asmoz», Aznalen esanetan. Hori, baina, ez da beharrezkoa izango, hiruko gobernuak nahikoa baitu koalizioaren abstentzioa. Nafarroako Mahai Politikoak hautu horren alde egin du, eta militantziaren «gehiengo zabal baten» babesa jaso. Galdera egitean, Nafarroako Mahai Politikoak egungo «testuinguru konplexuari» egin zion erreferentzia: «Agortzen ari den erregimenaren politika zaharraren eta bazterketarik eta konplexurik gabeko etapa berri baten artekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.