Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeak 2021-2027 aldirako POCTEFA diru laguntzen barnean AFOMEF Mendebaldeko Eremu Funtzionalerako abiatu duten proiektu deialdia aurkeztu du Hendaian (Lapurdi) egin duen prentsaurrekoan. 14,8 milioi euroko diru zama banatuko dute, lurralde eremu horretarako proiektu egituratzaileak sustatzeko. Hiru ardatzetako proiektuak aurkeztu daitezke, betiere mugaz gaindiko izaera kontuan hartuta: mugikortasuna, enplegua, eta euskara eta eleaniztasuna. Urriaren 23 arteko epea dago proiektuak aurkezteko; 700.000 euroko aurrekontua izan behar dute gutxienez.
Espainia, Frantzia eta Andorra arteko mugaz gaindiko proiektuak laguntzen dituen POCTEFA programaren seigarren aldia da hau, baina lehen aldiz bost eremu geografiko berezi identifikatu dituzte. Horietako bat da AFOMEF. Funtsean, Euskal Herriko eremua da, Biarnoko (Okzitania) Baretos haraneko eremua gehituta. Hala, euroeskualdea osatzen duten hiru administrazioez gain, Euskal Hirigune Elkargoa, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Pirinio Atlantikoetako departamendua ere integratu dituzte proiektu deialdiaren lanketan.
Instituzio guzietako ordezkariak kontent agertu dira lankidetza berri hori abiatzearekin. «Aukera berriak» sortuko dituela erran du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak. Adierazi du erakunde publikoen eta gizarte ekimeneko eragileen arteko elkarlanean oinarritzen dela deialdia, eta mugaren bi aldeetan bizi diren herritarrak izanen dituela protagonista. «Muga aukera iturri da; ez da hesiz osatutako oztopo bat».
Muga «malgutzea» da helburuetako bat, Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europako Batasunerako zuzendariaren hitzetan. Proiektu deialdiaren bidez hainbat arlotako «interkonexioa» bultzatuko dutela erran du, «mugaz gaindiko garapen integratu eta jasangarria» lortzeko helburuz.
Mathieu Berge Akitania Berriko hautetsiak «mugaz gaindiko herritartasuna» lantzeko beharra aipatu du, proiektu deialdiaren hiru ardatzei erreferentzia eginez: «Mugaz gaindiko herritartasun bat nahi badugu, beharrezkoa da jendea elkarrekin mintzatu ahal izatea, mugitu ahal izatea eta lan egin ahal izatea, mugaren bi aldeetara». Eragileei dei egin die, elkarlanean aritu daitezen, egituratzaileak izanen diren proiektuak garatzeko.
Joseba Erremundegi Euskal Hirigune Elkargoan mugaz gaindiko kooperazioaren ardura duen hautetsiak ere azpimarratu du lehen aldia dela Euskal Herriko eremuarentzat halako diru funts bat lortzen dutena, «Euskal Herriaren erronkei erantzuteko». Lehen aldia izanen da Euskal Hirigune Elkargoak horretan parte hartzeko aukera izan duena: «Parte hartu du estrategiaren definizioan, eta baita diru laguntza horiek esleitzeko erabakietan ere». Iker Goiria Gipuzkoako ahaldun nagusiaren kabineteko aholkulariak, berriz, «gobernantza kolaboratiboa» laudatu du, eta Gipuzkoari proiektuan parte hartzeko eskaini zaion aukera eskertu.
Hiru ardatz
14,8 milioi euro banatuko dituzte AFOMEF programaren bidez, baina 21 milioi arteko proiektuak izanen dira funtsean, proiektu-eramaileek finantzaketaren heren bat inguru eman behar dutelako. Horrez gain, Euskal Herria osatzen duten hiru administrazioetako eragileak bildu beharko dituzte. Lauzpabost urterako proiektuak izanen dira.
Bergek aletu du hiru ardatzetako bakoitzean zer gisatako proiektuak espero dituzten. Mugikortasunaren arloan, mugaz gaindiko garraio sareak garatu nahi dituzte, baita bidaia txartel bateratuak ere. Halaber, bizikletan ibiltzeko mugaz gaindiko sareak garatzeko beharra ere aipatu du. Baiona eta Donostia lotuko lituzkeen tren zerbitzuaren proiektuari buruz galdetuta, erran du ez dela proiektu horretan sartuko, baina beranduenez hemendik zazpi edo zortzi urtera martxan izanen dela baieztatu du.
Hizkuntza politikari dagokionez, euskara ardatz izanen duten proiektuak egonen dira batetik: euskararen irakaspenaren eta erabilpenaren garapena mugaz bi aldeetara. Horrez gain, eleaniztasunari buruzko ekintzak ere lagundu nahi dituzte. Euskal Herriko hiru hizkuntzen arteko bizikidetza proiektuak aipatu ditu Bergek. «Hizkuntza politikan edo hizkuntzari loturiko ekintzetan parte hartzen duten eragile publiko edo pribatuen parte hartzea irudika dezakegu, hala nola hedabideena».
Enpleguari buruz, azkenik, mugaz gaindiko enplegu eremua sendotzeko beharraz aritu da Akitania Berriko hautetsia. Horretarako langileen ezagutza, informazioa eta laguntza indartu behar direla erran du.