14 urtera arte hedatuko dute garraio publikoaren doakotasuna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

15 urtetik gorako gazteek, orain arte bezala, prezio erdia ordainduko dute, eta helduek, orain arte baino gehixeago, %50eko hobaria %40ra murriztuko dutelako. Uztailaren 1ean sartuko da indarrean hobari sistema berria.

Gasteizko tranbiaren irudi bat, Salburua auzotik igarotzen. GASTEIZKO UDALA
Gasteizko tranbiaren irudi bat, Salburua auzotik igarotzen. GASTEIZKO UDALA
kristina martin
2025eko apirilaren 3a
15:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskadiko Garraio Agintaritzak gaur onartu duen hobari sistema berriak umeei eta gazteei egiten die mesede bereziki. Izan ere, aurtengo lehen seihilekoan 12 urte artekoek musu truk bidaiatu ahal izan zuten, eta uztailaren 1etik aurrera 14 urtera arte hedatuko dute doakotasuna.15 urtetik gorako gazteek orain arteko hobariak izango dituzte, hau da, bidaiaren prezioaren erdia ordainduko dute. Helduek hobari txikiagoa izango dute: orain %50ekoa da, eta, uztailetik aurrera, %40koa izango da.

Gaurko bileran, beraz, Euskadiko Garraio Agintaritzak erabaki du bat egingo duela Espainiako Gobernuak urte hasieran onartutako hobariekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio publikoaren arloan eskumena duten erakunde nagusiak, Eudel eta trenen, tranbiaren eta autobusen sektoreko operadore nagusiak biltzen dira Garraio Agintaritzan. Bilera horretan adostutako neurriek uztailaren 1etik urtea amaitu bitartean izango dute eragina. Barik, Mugi eta Bat bidaia anitzeko abonuen eta txartelen erabiltzaileak dira hobari horien onuradunak.

Helduentzako hobaria, apalagoa

Garraio publikoaren erabiltzaileen diru laguntzak areagotzeko neurriak 2022ko irailean onartu zituen Espainiako Gobernuak, Ukrainako gerrak herritarren ekonomian izandako ondorioak samurtzeko helburuz. Hobari horien kostua Espainiako Gobernuak eta tokiko erakundeek finantzatuko dutela ezartzen du dekretuak. Ordutik hona, hobariak urtez urte luzatu izan dituzte, eta, urtarrilaren 28an, laguntzei eutsiko ziela berretsi zuen Espainiak, eta oraingoan hobarien kostuaren %20a bere gain hartuko zuela adierazi. Eusko Jaurlaritzak erabaki behar zuen dagokion %20a finantzatuko zuen aurrerantzean ere, eta Euskadiko Garraio Agintzaritzak gaur jakinarazi du kostu hori bere gain hartuko duela, gutxienez urtea amaitu arte.

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak ohar batean azaldu duenez, helduentzako hobaria murriztu dute Espainiako Garraio Ministerioak orain arte egindako ekarpena gutxituko duelako —%30etik %20ra—. Horretaz gain, 14 urte arteko doakotasuna behin-behinekoa dela ere argitu dute.

Espainiako Gobernuak baldintza batzuk ipini dizkie tokiko erakundeei laguntza horiek eskuratzeko, besteak beste, bidaia anitzeko txartelak izatea eta legez dagozkien emisio gutxiko eremuak jadanik indarrean izatea edo 2025 amaitu baino lehenago ezarrita izatea.

Iruñerrian, onartuta otsailetik

Eusko Jaurlaritzaren aurretik, Nafarroak egin zuen urrats hori. Izan ere, Iruñerriko Mankomunitateak garraio ordenantza berria onartu zuen otsailaren 24an, Espainiako Garraio Ministerioak iragarritako laguntzak aplikatzeko eta tarifa berriak ezartzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, haurrentzako tarifa berezia sortu dute 14 urte artekoentzat: erabiltzaile horiek ez dute ezer ordaindu beharko billabesen zerbitzua erabiltzean.

Halaber, gazteentzako tarifaren deskontuari ere eutsi dio mankomunitateak: hortaz, 15 eta 30 urte artekoek erdi prezioan ordainduko dute billetea. Iruñerriko Mankomunitatearen arabera, gutxi gorabehera 20.000 haur izanen dira doako zerbitzuen onuradun. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bezala, garraio txartela erabiltzen duten besteek ere deskontua izanen dute, baina, kasu horretan ere, apur bat apalagoa izanen da aurrerantzean: %40koa —%50ekoa zen orain arte—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.