133 urtera zigortu dute Montano militarra Ellakuriaren hilketagatik

Auzitegi Nazionalak esan du estatu terrorismoa izan zela Ellakuriaren eta beste lau jesuiten hilketa

Inocente Orlando Montano, epaiketako une batean, uda honetan. EFE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
1989ko azaroaren 16ko Ignacio Ellakuria eta beste lau jesuiten hilketa estatu terrorismoa izan zen, eta ekintzaren ideologoetako bat izan zen Inocente Orlando Montano, El Salvadorko Defentsa ministrorde eta armadako koronela izandakoa: hala ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurka ekainaren 8an abiatu zen prozesu judizialaren ondoren emandako epaian. Hildako bakoitzagatik 26 urte eta zortzi hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri diote, hau da, denetara 133 urte. Fiskaltzak 150 urteko zigorra eskatzen zuen harentzat.

Uda baino lehen hasi zen Montanoren aurkako epaiketa, eta bertan egindako deklarazioan esan zuen ez zuela gertakarietan parte hartu, eta ez zuela inoiz legea urratu. «Aginduak bete genituen: ez genuen jarduera terroristarik egin». Horrez gain, jesuiten aurka ezer ez zuela ere deklaratu zuen: «Ellakuria presidentearen gertuko pertsona bat zen, eta ez zegoen egiaztatuta FMLNarekin bat egiten ari ote zen. Ez politikoki, ez eta militarki ere».

Ellakuria eta beste lau jesuiten hilketa El Salvadorko gerra zibil betean gertatu ziren. Portugaleten (Bizkaia) jaiotako jesuita Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko errektorea zela hil zuten, eta gatazkari irtenbidea emateko bitartekari lanak egiten saiatzen ari zen FMLN eta gobernuaren artean. Montano Tandona taldeko buruen gertuko kidea zen, hau da, armadako ofizialen 1966ko promozioko kidea, eta agintera iristeko borrokan ari zen militar taldea. Ellakuria akabatzeko erabakia talde horretan hartu zela ziurtzat hartu du epaiak.

Gerra giro betean, El Salvadorko militarren eta eskuin muturreko kideen ustez, jesuitak «nazioarteko konspirazio komunista batean» parte hartzen ari ziren. Areago, herritarrek konspirazio horretan parte hartu zezaten bultzatzen ari zirela uste zuten. Hilketa hori gertatu aurretik, jesuiten aurkako eraso ugari izan ziren Erdialdeko Amerikako herrialde horretan. 1980. eta 1992. urteen artean iraun zuen gerra zibilean, 80.000 bat lagun hileta 8.000 inguru desagerrarazi zituzten.

Epaiketa prozesu luzea

Ekintza horiek El Salvadorren epaitu ziren, baina, Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera, epai hark ez zuen behar besteko zigorrik ezartzen. Hori dela eta, Auzitegi Nazionalak bere gain hartu zuen auzia, eta 20 bat militar ohi auzipetu zituen. El Salvadorko agintariek, ordea, ez diete jaramonik egin estradizio eskaerei. Montano, aldiz, 2015ean atxilotu zuten, AEBetan, eta bi urte geroago Espainiaratzeko aginduari oniritzia eman zion hango Auzitegi Gorenak. 2017ko azaroaren 29tik dago behin-behineko espetxealdian. Osasun arrazoiak eman ditu kartzelatua ez izateko.

Hilketetan sei jesuita eta unibertsitateko langile bat eta haren alaba hil zituzten. Montano ezin izan dute horien guztiengatik epaitu, AEBek estraditatzerakoan ez zituelako hilketa denak aintzat hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.