2023. urteko lehen egunean, 112.891 auzi zeuden ebazpen baten esperoan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako auzitegietan; abenduaren 31n, 132.411 ziren, ia 20.000 gehiago. Pilatutako auzien multzoa igo eta igo ari da EAEko organo judizialetan, eta, datuen argitara, ez dirudi egoera aurki konponduko denik. Izan ere, norabide berean doaz neurgailu guztiak: auzien ebazpen tasa %6,2 apaldu da urtebetean, eta kongestio tasa —aurretik pilatutako auzien, kasu berrien eta ebatzitakoen arteko korrelazioa neurtzen duena— %10,2 handitu da denbora horretan. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eman ditu datuak, 2023. urteko memoria judizialean.
Txostenean, zenbait alor estrategikori erreparatu diete auzitegietako arduradunek, besteak beste baliabide faltari, indarkeria matxistaren biktimentzako babes neurriei, arrakala digitalari, justizia errestauratiboari, haur eta gazteei eman beharreko tratuari eta euskararen sustapenari.
Ebatzi gabeko auziak
Zama ezin arindu
Justizia organoen mantsotzea eta auzien pilaketa aspalditik datorren arazoa da, baina 2023an okerrera egin zuen. Iaz, 228.253 auzi berri erregistratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako justizia erakundeetan, eta horiei gehitu behar zaizkie aurretik konpondu gabe zeudenak: 112.891. Urte bukaeran, 207.799 ebatzi zituzten epaitegiek.
Prozesuen iraupenari dagokionez, lehen instantziako epaitegietako auzibideek 7,1 hilabete iraun dute batez beste, eta bigarren instantziako epaitegietakoek, berriz, 5,5 hilabete.
Hain zuzen, «kongestioaren» arazoari konponbidea emate aldera, zenbait neurri planteatu ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak urte honetarako: lehenik eta behin, egoitza judizialen plan bat ondu nahi dute, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako eraikinek dituzten «pilaketa arazoak konpontzeko». Txostenean planteatzen da, bestalde, «EAEko mapa judiziala» eratzea, eta lehentasun gisa jasota dago lehen instantziako epaitegi berri bat eraikitzea Donostian, eta gizarte arloko beste bat Bilbon.
Indarkeria matxista
Espainiako eta EAEko sistemak uztartu nahi dituzte
Indarkeria matxistari eskainitako atalean, 2022ra arteko salaketak jasota daude —txostena ondu zutenean, 2023ko datuak argitaratu gabe zeuden oraindik—. Datuetan ikus daiteke indarkeria kasu gehienak biktimaren bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoak direla (4.507 eraso) eta multzo handienetan bigarrena osatzen dute senide batek eragindako erasoek (1.116). Horiez gain, 520 sexu indarkeria kasu jaso dituzte txostenean. Guztira, indarkeria matxistari lotutako 6.143 «biktimizazio» ebatzi zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako auzitegiek.
Auzitegiak helburutzat dauka «genero indarkeriaren biktimei babesa emanen dien justizia eredu bat» ezartzea, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du «harrerarako eta laguntzarako espazioak» sortzea. Horren adibide gisa aipatu dute Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Epaitegietan eginiko egokitzapen lana, «biktimen eta biktimarioen sarbideak eta espazioak bereizita daudela bermatzeko».
2024rako erronken artean, memoriaren egileek beharrezko ikusten dute indarkeria matxistaren aurkako sistemak eta protokoloak uztartzea. Zehazki, Espainiako Barne Ministerioak duen Viogen Dos sistemaren eta Ertzaintzaren Eba sistemaren «elkarreragingarritasuna» planteatzen dute, «indarkeria matxistaren biktimei babes gorena bermatze aldera». Bestalde, salaketa aurkeztu nahi duten emakumeek dituzten eskubideei buruzko gida informatibo bat argitaratuko dute.
Justizia errestauratiboa
Eredu berrien bila
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du zalantzan jartzen egungo justizia eredua, baina justizia errestauratiboaren alde azaldu da txostenean, eta «entzuketa eta arreta beharrei» erantzuteko asmoa agertu du, eredu alternatibo horiek «egungoaren osagarri» izan daitezkeelakoan. Helburuen artean aipatu du 2020an onartutako justizia errestauratiborako protokoloa ebaluatzea, familia barruko bitartekaritza aztertzea eta bitartekaritza hori auzibide zibilen esparrura zabaltzea.
Horrez gain, 2024rako proposamenen artean, honako hauek jasotzen dira memorian: justizia errestauratiboari buruzko formakuntza tailerrak eskaintzea Irunen (Gipuzkoa) eta Getxon (Bizkaia) eta justizia errestauratiboari buruzko foroan parte hartzea.
Adingabeak
Barnahus proiektua eredu
Haurrentzako eta nerabeentzako espazio seguruak sortzea da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bere txostenean jasotako erronka nagusietako bat. 8/2021 Lege Organikoa oinarritzat hartuta, auzitegiko buruek protokolo berriak sortu nahi dituzte «haurrentzako tratu eta harrera onak eta espazio seguruak bermatzeko». Horiek horrela, eredu gisa dute Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak sustatutako Barnahus proiektua, eta horri laguntzeko asmoa berretsi dute: «Xedea da espazio lagunkoi bat sortzea, sexu abusuak sufritu dituzten neska-mutilei arreta integrala emateko; hartara, diziplina anitzeko profesionalen artaz gain, beharrezko baldintzak sortuko dira zigor auzibideetan aurrez osatutako frogak lortzeko». Hiru proposamen zehatz ere egin dituzte, aurten aplikatzeko: epaitegietan talde psikosozialak sortzea, magistratu eta epaileei formakuntza ematea eta Barnahus programaren plan pilotua martxan jartzea Araban.
Hizkuntza eskubideak
Euskarazko auzibideen promesa
Euskararen normalizazioaren eta hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldi judizial betean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bere burua aurkeztu nahi izan du «herritarren hizkuntza eskubideak aitortzen dituen» erakunde gisa. 2023ko txostenean irakur daitekeenez, auzitegi nagusiak «sustatu» egin du euskararen erabilera auzitegiak berak antolatutako ekitaldietan, «era progresiboan» betiere. 2024rako helburuen artean, hiru proposamen jaso dituzte txostenean: euskaraz eginiko epaiketen «proiektu pilotu bat» onartzea, herritarren eta justizia administrazioaren arteko harremanetan «komunikazio elebidunerako estrategia sendotzea» eta hizkuntza eskubideei buruzko kartel informatiboak paratzea epaitegietan.