G7koen goi bilera. Christophe Castaner Euskal Herrian

13.200 polizia eta jendarme ekarri dituzte goi bilerarako

Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak Frantziako eta Espainiako segurtasun zerbitzuen arteko elkarlana goraipatu du. Mehatxu guztiei erantzuteko prest agertu da

Miarritzeko Villa Fal kolegioan ezarri duten ministerio arteko aginte postua bisitatu zuen Castanerrek atzo arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Kolore guztietako poliziak eta jendarmeak bilduak ziren atzo Miarritzen (Lapurdi) Christophe Castaner Frantziako Barne ministroari harrera egiteko. G7koen goi bileraren segurtasun neurriak kudeatzeko ministerio arteko aginte postua bisitatzera joan zen atzo, ikuskatze lanak egitera, eta poliziekin egoteko tarte bat ere hartu zuen. Segurtasun maila «gorena» iragarria dute ondoko egunetarako, eta hala ikus zitekeen Miarritze inguruetan. Bidegurutze anitzetan nabari zen Poliziaren presentzia, eta, aireportu ondoan, istiluen kontrako poliziak bilduak ziren ur kanoi eta guzi. Ministroak adierazi zuenez, 13.200 polizia eta jendarme izanen dira Ipar Euskal Herrian goi bileraren garaian, militarrekin batera. 400 suhiltzaile eta bestelako sorospen zerbitzuak ere alertan egonen dira.

Ministroarentzat «ohore» bat da G7koen goi bilerari harrera egin ahal izatea. «Errepublikako presidenteak gure herrialdeko hiririk ezagunenetakoa eta gehien estimatuetakoa ohoratu nahi izan du». «Eskualdeak» duen «nortasun indartsua» nabarmendu du, erranez hori dela Frantziaren edertasuna egiten duena, «bere aniztasuna».

Goi bilera «erabakigarria» izanen dela berretsi du, eta Frantziak hautatu dituen gai zentralak landuko dituela: gizonen eta emazteen arteko ezberdintasunak, berotze klimatikoa, segurtasunik eza... Erran du zazpi estatuburuek lehentasuntzat dutela ezberdintasunak gainditzeko denen artean gogoetatzea dela.

Hiru mehatxu

Barne ministroaren funtzioa, goi bileraren segurtasuna bermatzea dela azpimarratu du, nazioarteko elkarrizketa «lasaitasunean» iragan dadin. Hiru mehatxu nagusi aipatu ditu: lehena, istilu arriskua; bigarrena, mehatxu «terrorista». Alerta berezirik ez badute ere, goi bilera bat ekintza «terrorista» baten jomuga izan daitekeela erran du, «arriskua etengabekoa» delako. Eta hirugarrenez, zibersegurtasuna, goi bileraren zaintzaren erdigunean dela ohartarazita. «Frantziak badaki gisa horretako goi bilerak antolatzen».

Ministerio bat baino gehiago aritu dira lanean urte guzian zehar, prefetura zerbitzuekin eta tokiko instituzioekin batera. Espainiako zerbitzuekin ere elkarlan estua, «ohiz kanpokoa», izan dutela adierazi du. Ertzaintza, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila «kopuru bereziki garrantzitsuetan» mobilizatuko direla adierazi du, eta informazio zerbitzuen arteko kolaborazioa ere aipatu du. Larunbatean G7koen kontra egitekoa den manifestazioa Hendaiatik Irunera iraganen denez, Hego Euskal Herrian ere istiluei aurre egiteko prestatu direla erran du Castanerrek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak tanke txiki bat mobilizatu du egun horietarako.

«Ez dugu istilurik onartuko»

Atzoko agerraldian, Frantziako Barne ministroak behin eta berriz erran zuen ez dela beraien asmoa iritzien adierazpen askatasuna oztopatzea. «Kontragailurra baldintza onetan iragan behar da, segurtasun baldintza onetan, eta ordena publikoaren errespetuan. Frantziako eta Espainiako segurtasun indarrak helburu horrekin mobilizatuko dira». Estatuko zerbitzuak kontragailurraren antolatzaileekin harremanean direla adierazi zuen, eta Eric Spitz prefetaren gain jarri zuen dena ongi iragatearen erantzukizuna. «Eztabaida eta kontraesan politikoak erabat legitimoak dira; bortizkeriak ez. Ez dugu istilu bakar bat ere onartuko. Gertatzen badira, erantzunen dugu». Haien helburua, istilu posibleak berehala sakabanatzea eta «bazter nahasleak» atxilotzea dela azpimarratu zuen.

Azken helburu gisa, goi bilera garaian biztanleek, saltzaileek eta turistek bizi baldintzarik «onenak» izanen dituztela bermatzea dela adierazi du. Hautetsien lana goraipatu du alde horretatik, eta erran segurtasun perimetroak haiekin adostu dituztela, eta biztanleak informatzeko lan egin dutela. «Gure helburua segurtasun maila gorena bermatzea da, ahalik eta traba gutxienarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.