13/13 auziaren sententziaren aurrean, auzipetuei elkartasuna adieraztera eta epaiaren ondoriozko «dezepzioa eta kexua» agertzera deitu zuten atzo epaituen herrietan sortutako plataformek eta bestelako eragile politiko, sozial eta sindikalek. «Epaiketa hau lekuz eta garaiz kanpo dago. Kaleko erantzunak sendoa eta bateratua izan behar du», adierazi zuen Ana Perez bozeramaileak, Bilbon EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean eginiko agerraldian. Larunbatean izango diren manifestazioetara parte hartzera deitu zuen: 17:30ean hasiko dira protestak; Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta, eta Donostian, Saguesetik.
Espainiako Auzitegi Nazionalak 13/13 auzian akusatutako lauri jarri dizkie espetxe zigorrak, ETAko kide izatea leporatuta. Arantza Zuluetari ezarri dio zigorrik gogorrena, zazpi urte eta erdikoa; Jon Enparantza lau urtera kondenatu du, Naia Zuriarrain hiru urte eta erdira, eta Iker Sarriegi hiru urtera. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo, berriz, absolbitu egin ditu —Zelarainen akusazioak urrian erretiratu zituen fiskalak—. Defentsa abokatuek iragarria dute helegitea aurkeztuko dutela Espainiako Auzitegi Gorenean, auzian hainbat eskubide eta printzipio urratu direlakoan.
Eragileek ere adierazi dute auzia «krudelkeria kate luze bat» izan dela auzipetuentzat zein haien gertukoentzat, baina erantsi dute zigorra ez dela haiengana mugatzen: «Bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustua egin duen euskal gizarte osoa ere zigortzea du helburu. Guk argi dugu nolako Euskal Herria nahi dugun, baina Auzitegi Nazionalak kontrako bidea hartzea erabaki du».
13/13ko epaiari erantzun «sendoa eta bateratua» ematea galdegin dute
Bihar Bilbon eta Donostian izango diren manifestazioetan parte hartzera deitu dute. Auzipetuetako lauri jarritako zigorrak gaitzetsi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu