Foro Sozial Iraunkorreko kide Agus Hernan eta Motibazio politikoko delituengatik presoei aplikatutako politikaren Behatokiko kide Teresa Toda 13/13 sumarioan auzipetutako Julen Zelarainekin, Naia Zuriarrainekin eta Arantza Zuluetarekin bildu dira gaur goizean, Bilbon. Hain zuzen, uztailaren 12an zortzi euskal herritar epaituko dituzte 13/13 sumarioaren barruan Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2010ean euskal presoen eskubideen alde egiten zuten lana «ETAren manupekoa» zelakoan; orotara, 77 espetxe urte eskatzen dizkie fiskaltzak.
Todak kezka adierazi du uztailean hasiko den epaiketak bizikidetza demokratikoan eragin negatiboa izan dezakeelakoan. «Epaiketa honen oinarri diren akusazioek eta zigor eskaeren tamainak historian atzera egitera eraman gaituzte. Epaiketa hauek gaindituta egon beharko lukete, baina, zoritxarrez, gaurkotasunekoak izaten jarraitzen dute». Horregatik, epaiketa aitzinetik alde guztiei akordioa bilatzeko eskatu die Todak: «Akordio erabakigarrien garaia da, eta epaiketa hau ezin da testuinguru horretatik kanpo utzi».
Epaiketa beraren instrukzioa zalantzan dagoela nabarmendu du Todak, hainbat akusatuk tortura salaketak egin zituztelako eta CNI Espainiako Inteligentzia Zerbitzuek abokatuen telefonoak legez kanpo kontrolatu zituelako, horien lana «kriminalizatuz».
Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesuan aurrera egiteko, konpondu gabe dauden hiru arazoei irtenbidea emateko garaia da, Foro Sozialaren hitzetan: egia, justizia eta erreparazioa biktima guztientzat, bereizkeriarik gabe; presoen, iheslarien eta deportatuen auzia konpontzea, eta memoria kritiko inklusiboa, etorkizunari begira egongo dena baina gertatutakoa ahaztu gabe. «Euskal gizarteak ezin du jasan horrelako epaiketa berri bat, neurriz kanpoko zigorrak eskatzen dituena eta Euskal Herrian bizi den itxaropen testuingurutik kanpo dagoena. Eta, hain zuzen ere, presoen auzia konpontzeko urrats erabakigarriak ematen ari diren garai berean ematen dena», nabarmendu du Todak.
Auzipetuek inoiz adierazi izan dute prest daudela fiskaltzarekin akordio bat egiteko «traba hau paretik kenduko» badute, baina Auzitegi Nazionaletik datozen zenbait zantzuk, adibidez Bateragune auzia berriro egiteko nahian tematzeak, ez dietela motibo askorik ematen baikorrak izateko.
Eragile ugariren babesa
Azken egunetan hainbat eragilerekin bildu dira 13/13 sumarioko auzipetuak, eta jaso duten iritzi orokorra izan da haien kontra abiarazitako auzibidea «iraganari» dagokiola eta «gainditutako egoera batera itzultzea» dela. Bertzeak bertze, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos alderdiekin batzartu dira, bai eta ELA, LAB eta UGT sindikatuekin eta EAEko Arartekoarekin ere, eta eragile gehiagorekin biltzeko asmoa ere adierazi dute. Uztailaren 10ean manifestazioak egingo dituzte Donostian eta Bilbon, Saguesetik eta Jesusen Bihotza plazatik abiatuta, hurrenez hurren, 13/13 epaiketari ez. Irtenbidera lelopean. Mobilizazio biak 12:00etan hasiko dira.