Dezepzioak, penak eta amorruak ez dira «berriak», baina badira. Eta horiek adierazteko pausoak irmoak izan dira gaur arratsaldean Donostian eta Bilbon milaka lagunek eginiko manifestazioetan. 13/13 auziko epaiari erakutsi dizkiote «dezepzioa, kexua, pena eta amorrua», Espainiako Auzitegi Nazionalera deituak izan ziren zortzi auzipetuetatik lauk espetxe zigorra jaso baitute azkenean. Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi euskal herritarrek, hain zuzen.
Manifestazioen akaberan Luix Barinagarrementeriak Donostian eta Ana Perezek Bilbon adierazi dute 13/13 auzian «krudelkeria luze baten katebegiak» jarri direla agerian, «beste behin, dena ETA da lelo itsu-pelagikoaren baitan». Sakona baita sententziak utzi duen arrastoa: Zuluetari zazpi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, Enparantzari lau urtekoa, Zuriarraini hiru urte eta sei hilabetekoa, eta Iker Sarriegiri hiru urte eta egun batekoa. ETAko kide izatea leporatzen diete guziei, eta, Zuluetari, baita armak eta lehergaiak edukitzea ere.
Manifestazioan salatu dute, halaber, torturaren egia azaleratu dela, «gordintasun osoarekin»; baita «krudelkeriaren» bertze hainbat katebegi ere: «Legez kanpoko polizia operazioarena, miaketa eta telefono entzuketa irregularrena, CNIren lan ilun eta zikinarena, oinarrizko eskubideen urraketarena». Nabarmendu dute Euskal Herriak jasaten duenaren erakusgarri dela 13/13 auzia, «mundu osoan ezagutzen diren krudelkerien eta oinarrizko eskubideen urraketa erraldoien artean»; nahiz eta «herritar eta eragile gehienek bakea, justizia, egia eta bizikidetzaren aldeko apustua» egina duten. Hautu horren aurka doa epaia, Barinagarrementeriaren eta Perezen hitzetan: «Epai honek, euskal herritar batzuen zigorrarekin batera, euskal gizarte aske, justu eta bakezale bat ere zigortzen du». Ordea, azpimarratu dute Euskal Herriak «norabide aratza» hartua duela, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari «ozen eta garbi» adierazi diote ezinen duela «euskal herritarren gehiengoaren asmo garbi eta sendo hori zapuztu», ezta halako «gezurrezko» epaiekin ere.
Jauregiri omena
«Ez dok hamahiru» erranez hasi dute ekitaldia, baina baita «badonk 13/13» erranez ere, Barinagarrementeriaren beraren hitzetan «ukitu artistiko xumea eman nahian batere artistikoa ez den» egoerari. Ez baitu halakorik epaiak, haien ustez.
Epaiketa bera hasi baino lehen zendutako Juan Mari Jauregi auzipetua ere izan dute gogoan, manifestazioaren deitzaileen ustez «zilegi eta beharrezkoa» baita hura gogora ekartzea: «Juan Mari egiatarra, egiazko egiatarra, herri honen egiaren xerka bere azken hatsa eman arte ibilia, zerbait edota asko ezagutzen dugunok dakigun bezala», adierazi du Barinagarrementeriak Donostian. Salatu dute Jauregik ere jasan zuela «krudelkeria polizial-judiziala»: «Eta, horrekiko paradoxan, heriok absolbitu zuen, Auzitegi Nazionalaren azken sega jasan aurretik». Besarkada estua bidali diote haren etxekoei eta lagunei.