13/13 auziaren aurka agertu dira EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU

Sumarioa «denboraz eta lekuz kanpo» dagoela adierazi dute alderdiek, eta «salbuespenezko legediaren aurka» daudela berretsi dute

Auzipetuak, agerraldi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Datorren astelehenetik aurrera, Espainiako Auzitegi Nazionalak zortzi euskal herritar epaituko ditu, ETArekin lotura izan zutelakoan eta 2010ean egindako polizia operazio batean oinarrituta. Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre Arauko, Nerea Redondo Otamendi eta Juan Maria Jauregi dira auzipetuak; orotara, 77 espetxe urte eskatzen dizkiete.

Horren aurrean, EAJko, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioek adierazpen bat adostu dute. Horretan, «estatuko sektore batzuek bultzatzen duten estrategia politiko-judiziala» salatu dute: «Gure herrian irekitako denbora berriaren ostean, sektore hauek jarduera honekin jarraitzen dute, 'dena ETA da' printzipio salatzailea oinarri hartuta». Gaineratu dute 13/13 auzia «denboraz eta lekuz kanpo» dagoela: «Gure herrian bizikidetza demokratikoa eraikitzeko kontrako norabidean doa».

Hiru talde parlamentarioek azaldu dute «beti» egon direla «salbuespenezko legediaren aurka», eta berretsi dute «oso larria» dela «13/13 sumarioaren gisako epaiketekin jarraitzea». Era berean, «konpromisoa» agertu dute «guztion artean eraikitzeko bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna, euskal gizarteak eskatzen duen norabidean aurrera egitea oztopatzen diguten iraganeko estrategiak, jarrerak eta jokabideak alboratuz».

Gaur manifestazioak egingo dituzteDonostian eta Bilbon. Eguerdian izango dira biak, 12:00etan: Saguestik irtengo da lehena, eta Jesusen Bihotza plazatik bigarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.