Bat eginik azaldu dira zuzenbide arloko ehun aditu baino gehiago, 13/13 auziko prozesuan atzemandako irregulartasunak gaitzestea helburu; tartean dira, esaterako, bost katedradun. Guziak elkarturik, idazki batean zerrendatu dituzte kritikak; batik bat, gogor deitoratu dituzte epaileek ETAri buruz esandakoak, bai eta auzipetuen eskubide urraketak ere. Gaur goizean aurkeztu dute manifestua, Bilbon.
Besteak beste, legelariek «harridura» azaldu dute Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den asteko epaiketa saioan aurkezturiko argudioen harira. Batik bat, gogora ekarri dute auzitegiak ukatu egin duela ETA desagertu izana; legelariek gogor gaitzetsi dute baieztapen hori. «Mezu horri nekez euts dakioke, gertatutakoak azterturik». Hala, juristek oroitarazi dute ETAk 2017an utzi zituela armak, eta desegin egin zela ondotik. Arrazoi hori eutsita, manifestuko sinatzaileek nabarmendu dute beharrezkoa dela salbuespen legedia eta jurisdikzio berezia «deseraikitzea». Izan ere, haien esanetan, arau horiek «jadanik desagertua den errealitate batean daude oinarriturik».
Gainera, non bis in idem printzipioa jaso dute manifestuaren bigarren atalean. Printzipio horrek dio pertsona bat ezin dela behin baino gehiagotan gertaera berarengatik zigortu. Kontrara, legelariek deitoratu dute hori ez dela errespetatzen ari 13/13 auzian. «Auzipetuetako batzuk dagoeneko kondenatuak izan dira talde armatuko kide izatea egotzita, eta betea dute horri loturiko zigorra. Hala eta guztiz ere, epaiketa saioetan idatzitako autoetan jasoa dagoena ikusirik, badirudi bigarrenez zigortu nahi dituztela akusazio berari eutsita, argudiatuta aurretik ebatzitako epaietan akusazioa ez zela talde armatuko kide izatea», adierazi dute.
Auzipetuetako batzuek jasandako torturen harira eginiko salaketek ere izan dute tokia manifestuan. Hain zuzen, «tratu txarrak eta torturak» aipatzen ditu testuak. «Giza eskubideen halako urraketa larria izan dela ikusita, beste deus gutxi gehi daiteke», berretsi dute.
Bestalde, juristek gaitzetsi dute defentsarako eskubidea ez dela beti bermatua izan. Nabarmendu dute, besteak beste, epaiketetarako erabilitako txostena osoki izan dela CNIk ekoitzia, eta, gainera, azpimarratu dute ez dela egon haien gaineko inolako kontrol judizialik. Halaber, epaiketaren luzapenei egin diete erreferentzia zuzenbide arloko adituek, 2010ean hasi baitzuten bidea. «Ezin dira ulertu, ezta onartu ere», adierazi dute.