Euskal presoen defentsan aritutako zortzi abokaturen aurka martxan den 13/13 auzia «oinarrizko eskubideen urraketaz» eta «irregulartasunez» beteta dagoela salatu du defentsak. Auzipetuen bost abokatuetatik hiruk agerraldia egin zuten atzo Bilbon, Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren egoitzan, eta azaldu zuten prozedura judiziala «kutsatuta» dagoela, besteak beste, legez kanpoko entzuketak egin zizkietelako atxilotuei, «tortura ebidentziak» daudelako eta auzipetuetako batzuk bi aldiz epaitu nahi dituztelako delitu berarengatik. Hori dela eta, prozesuan izandako jardunbideak baliogabetzeko eskatuko dute.
Aurrez akordiorik lortu ezean, uztailaren 12tik aurrera zortzi lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean: Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre Arauko, Nerea Redondo Otamendi eta Juan Maria Jauregi. Guztira 77 urteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haien aurka, ETAko kide izatea leporatuta. 2010eko apirilean izandako polizia operazio batean du jatorria 13/13 auziak: hamar lagun atxilotu zituzten Bizkaian eta Gipuzkoan, tartean hiru abokatu.
Prozedura judizialean hainbat irregulartasun antzeman dituzte defentsa abokatuek, Aiert Larrartek eta Jone Goirizelaiak xehatu dutenez. Batetik, CNI Espainiako Zerbitzu Sekretuek «legez kanpoko entzuketak» egin zizkieten auzipetuei, gutxienez 2008tik aurrera. «Komunikazio esku-hartze horri buruzko espedienteak desklasifikatzeko eskatu genuen, baina eskuratu ditugun bi autoetan informaziorik funtsezkoena ezabatuta dago; ez dakigu zer dagoen paper horietan». Jardun hori ez dator bat prozedura kriminalaren legearekin, abokatuen arabera. Gogora ekarri dute, gainera, abokatuen Bilboko eta Hernaniko (Gipuzkoa) bulegoak miatu zituela Guardia Zibilak: «Bulego osoan ibiliziren, abokatuen kolegioko arduraduna eta idazkari judiziala etorri aurretik. Erregistro irregularrak eta baliogabeak izan ziren, eta sekretu profesionala urratu zen».
Tortura ere izan dute hizpide abokatuek. Operazioaren egunean, guardia zibilek agiri bat utzi zuten atxilotuetako baten etxean, ustez nahi gabe; «dokumentu operatibo eta organiko» bat zela azaldu dute Larrartek eta Goirizelaiak, eta bertan zehaztua zutela zer tratu eman behar zioten atxilotu bakoitzari: «Abokatuei, tratu bikaina; gainontzekoei, inputazio judizialak berresteko adierazpenak lortzera bideratutako tratua». Hain justu, atxilotuetako batzuek torturak salatu zituzten, eta tortura horiek egiaztatu egin ditu, besteak beste, Paco Etxebarria antropologoak Eusko Jaurlaritzarentzat egindako ikerketak.
Marlaskaren jarduna
Fernando Grande-Marlaska egungo Espainiako Barne ministroaren rola ere gogoan izan dute abokatuek, bera izan baitzen instrukzio epailea: «Marlaskak agindu zituen atxiloketak, baina atxiloketen egunean Baltasar Garzon epailea zegoen guardian; hark bazituen atxilotuen eskubideak bermatzeko tresna batzuk martxan, baina Marlaskak bertan behera utzi zituen». Nabarmendu dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak epaile ohia gaitzetsi egin duela zenbaitetan, hain justu, torturak ez ikertzeagatik.
Bestalde, 13/13 auziak oinarrian duen ikerketa ere funtsik gabea dela adierazi dute abokatuek. «David Plari buruz Guardia Zibilak egindako txosten batetik dator auzi hau. 2008ko maiatzaren 17an, ustez Pla ikusi zuten ETAko buruzagi batzuekin, baina egun hartan Pla kartzela batean zegoen, haren bikotekideari bisita egiten. Hori egiaztatuta dago, eta Frantziako Estatuan ez diote kausa hori leporatu. Hala ere, hortik sortu zuten prozedura hau».
Inputazioei begira, abokatuek uste dute non bis in idem printzipioa urratzen ari zaiela auzipetuetako batzuei, hau da, bigarrenez epaituko dituztela jardun beragatik: «Zortzitik lau jada zigortuak izan dira ETAko kide izateagatik edota euskal preso politikoei babesa eta laguntza emateagatik, eta horietako hiru 2019an epaitu zituzten Herrira-ren aurkako auzian; eta denek bete dituzte ezarri zaizkien zigorrak. Berriro epaitu nahi dituzte froga, dokumentu eta txosten berdinekin». Hortaz, abokatuen aburuz, ezin dituzte bigarrenez epaitu ETAko kide izateagatik: «Akusazioak bi garai bereizi ditu: bat, 2008tik 2010era, eta bestea, 2011tik 2013ra; bi garaietan egotzi diete ETAko kide izatea, baina auzipetuen lana berdina zen».
Akordiorik ez oraingoz
Hori guztia kontuan hartuta, defentsak uste du prozesuan gabezia handiak izan direla «kontrol judizialaren» esparruan, eta «legezkotasun eremu zalantzagarriak» eta «eskubide urraketa larriak» izan direla; beraz, txosten eta froga «irregular» horiek baliogabetzeko eskatuko dute, auzia epaiketara iristen bada. Izan ere, auzipetuek joan den astean adierazi zutenez, akordio bat lortzen eta epaiketa saihesten saiatuko dira. Asmo horiek ez dute fruiturik eman, Alfonso Zenon defentsa abokatuak esan duenez: «Oraindik ez dago akordiorik. Gure esku dagoen guztia egingo dugu, konponbide onena litzatekeelako. Auzi hau anakronikoa eta zentzugabea da».
Epaiketa iritsiko balitz, ez da giro samurrik espero Auzitegi Nazionalean. Zigor arloko 4. aretoak hartuko du auzia, eta Angela Murillok zuzenduko du, hots, besteak beste Bateragune auziko epaile nagusiak. Fiskala, berriz, Jose Perals izango da, Altsasu auziko berbera. AVT eta Dignidad y Justicia taldeak arituko dira akusazio partikular gisa.
13/13 auzia «irregulartasunez betea» dela salatu dute abokatuek
Prozedura judizialean zehar egindako jardunbideak baliogabetzeko eskatuko dute. Akordiorik lortu ezean, uztailaren 12an hasiko da zortzi abokaturen aurkako epaiketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu