1.300 pertsonak jaso dute Nafarroako Gobernuaren diru laguntza euskara ikasteko

Helduen euskalduntzerako diru laguntzak handitu ditu gobernuak, Euskarabidea institutuaren bidez. Iragarri dute aldaketak izanen direla Euskarabidean eta Euskararen Nafar Kontseiluan.

Ana Ollo lehendakariordea, Lourdes Oñederra euskaltzaina eta Jabi Arakama Euskarabideko burua, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ana Ollo kontseilaria, Lourdes Oñederra euskaltzaina eta Jabi Arakama Euskarabideko burua, euskaltegien ikasturte hasierako ekitaldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko abenduaren 21a
16:05
Entzun

Gaur egun, Nafarroako euskaltegietan 5.000 heldu baino gehiago ari dira euskara ikasten, eta horietatik 1.300ek jaso dituzte Nafarroako Gobernuak 2022-2023ko ikasturterako emaniko diru laguntzak. Iaz baino %30 gehiago dira. Datu horiek eman ditu gaur Ana Ollok, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak, Euskararen Nafar Kontseiluaren batzarrean.

Ollok berretsi du «euskara sustatzeko konpromisoa» duela gobernuak, eta horren isla dela «azken urteotan aurrekontua indartu» izana, besteak beste helduen euskalduntzearen alorrean. Kontseilariaren esanetan, bere departamentuaren helburua da «herritarrei euskara ikasteko eskubidea bermatzea», eta prozesu hori «doakoa» izatea. Horretarako urratsak egiteko prest azaldu da: «Doakotasunerako bidean, Nafarroako Gobernuak handitu egin ditu helduei ematen zaizkien banakako laguntzen zenbatekoak, baita euskaltegiei dirulaguntzak emateko deialdikoak ere». 

Ikasleentzako banakako laguntzei dagokienez, aurtengo ikasturtean 350.000 euro banatuko dira —iaz baino 50.000 euro gehiago—. Euskaltegientzako laguntza ere handitu dute 2023-2024ko ikasturteko deialdian: 2,46 milioi euro banatuko dituzte, iaz baino 360.000 euro gehiago —%17ko igoera—. Horrez gain, helduen euskalduntzea sustatzeko xedez, Euskarabideak 'Euskara ahora' kanpaina abiarazi du 33 toki erakunderekin eta sektoreko hainbat eragilerekin: Zubiarte euskaltegi publikoarekin, hizkuntza eskola ofizialekin eta gizarte ekimeneko euskaltegiekin (AEK eta IKA eta Bay&by).

Merituen dekretua

Helduen euskalduntzerako laguntzez gain, Euskararen Nafar Kontseiluko bileran aipagai izan dute Nafarroako Gobernuak onartzeko bidean duen merezimenduen dekretua. Nafarroako Gobernuak testua onartu du, eta, aurrerantzean, euskara meritu izanen da eremu euskalduneko eta mistoko lan deialdi publiko batzuetan —Osasunbideko deialdietan eta lekualdatzeetan, batik bat—, baina ez eremu ez-euskaldunekoetan. Dekretua indarrean sartu aurretik, txosten juridiko bat aurkeztu beharko du Nafarroako Kontseiluak.

Euskalgintzak gogor kritikatu du dekretua behin baino gehiagotan, eta Euskararen Nafar Kontseiluak berak ere ezezkoa eman zion iazko irailean argitaratutako irizpen batean. Gobernuaren arauak kontrako hamabost boto eta sei abstentzio jaso zituen bilkura hartan, eta aldekorik ez. Hala ere, Txibiteren gobernuak ez zuen erretiratu proiektua, ezta zuzendu ere.

Aldaketak Euskarabidean eta Euskararen Kontseiluan

Gaur goizeko batzarra baliatu du Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Jabi Arakamak, erakunde autonomoaren estatutu berriak aurkezteko. Horien bidez, Euskarabidearen barne antolamendua aldatu eta egitura handituko da, bi atal berri izanen baititu: Administrazioaren, Langileen eta Azpiegituren Kudeaketarako atala, batetik, eta Euskararen Azterlan eta Plangintza Estrategikoaren atala, bestetik. 

Euskarabidea institutuaren estatutuek eragina izanen dute Euskararen Nafar Kontseiluan ere, horietara egokitu beharko baitu. Gainera, legealdi berria hastearekin batera, kontseiluko zenbait kide ere aldatuko dira. Hortaz, gaur goizeko batzarra izan da kontseiluak gaur egungo osaerarekin egindako azkena. Iragarri dutenez, datorren urtearen hasieran beste bilera bat eginen dute, kide berriekin, «etapa horretan egonen diren erronkak lantzeko».

Nafarroako Gobernuaren kontsulta organoa da Euskararen Nafar Kontseilua, eta irizpenak ematen ditu hizkuntza politikarekin lotutako auzietan. Zehazki, txostenak prestatzen ditu hizkuntza normalizazioari buruzko proiektuen eta plan orokorren gainean, baina irizpen horiek ez dira lotesleak. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko kontseilaria da kontseiluko burua, eta, hartan, erakunde publikoak eta pribatuak daude ordezkatuta, bai eta euskararen eta euskal kulturaren eremu soziala ere.

Kontseiluan ordezkaritza dute Nafarroako Gobernuak –Euskarabideak eta beste departamentu batzuek–; Nafarroako Parlamentuak –bost kide proposatzen dituzte–; Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak; Euskaltzaindiak; Eusko Ikaskuntzak; Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak; Nafarroako Ikastolen Elkarteak; Nafarroako Kazetarien Elkarteak; Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak, eta euskara sustatzen duten kultur elkarteek; horrez gain, «euskararen arloan aitortutako ospea» duten pertsonak ere aritzen dira kontseiluan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.