1.300 milioi euroko funts bat sortzea proposatu du EH Bilduk, enpresen errotzea sustatzeko

Beste industria politika bat sustatzeko neurriak proposatu ditu EH Bilduk. Ohartarazi du lantegien elektrifikazioa azkartu ezean enpresek arazoak izan ditzaketela bost urteko epean.

Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia, gaur, Bilbon, neurri ekonomikoak aurkezten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia, gaur, Bilbon, neurri ekonomikoak aurkezten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
aitor biain
2024ko apirilaren 2a
14:00
Entzun

Kalitatezko enplegua batez ere industriari lotuta dago Hego Euskal Herrian, eta, horregatik, EH Bilduk arreta berezia jarri nahi izan dio sektore horri apirilaren 21eko hauteskundeei begira. Azken urteetan sektore horrek ekonomian duen pisua galtzen ari dela eta, koalizio subiranistak uste du ezinbestekoa dela politika publikoen norabidea aldatzea, aurrez aurre dituen erronkei erantzuteko. Bada, Pello Otxandiano lehendakarigaiak industria politika berri bat bultzatzeko neurriak proposatu ditu gaur Bilbon, sektore publikoaren lidergoa indartzean eta enpresen errotzean azpimarra eginda. Azken horri lotuta, inbertsio funts bat sortzea proposatu du.  

EH Bilduk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiaren egoeraz egiten duen analisia «ez da katastrofikoa», baina BPG barne produktu gordina igo eta langabezia jaitsi egin dela esatea ere ez da «azterketa ekonomiko ona» egitea; are gehiago, «autokonplazentziaren adierazgarri» da, Otxandianoren hitzetan. Datuek erakusten baitute egun martxan dagoen ereduak ez diola erantzuten ekonomiak dituen beharrei.

Horregatik, Otxandianok uste du egoerak beste industria politika bat eskatzen duela. Izan ere, iritzi dio Eusko Jaurlaritzak eta berau babesten duten EAJk eta PSE-EEk «aspaldi iraungita» dagoen ereduari eusten diotela oraindik. Kontrako norabidean egin behar da arraun, haren hitzetan, «garapen eredu zaharkitu batetik XXI. mendeko politika ekonomiko batera» igarotzeko.

«Herri hau atzean geratzen ari da», ohartarazi du lehendakarigai subiranistak, eta nabarmendu bereziki energiaren alorrean dela adierazgarria gainbehera hori, baita teknologiaren eta berrikuntzarenean eta finantzenean ere. Bada, industriaren deskarbonizazioa azkartu eta lantegiak ahalik eta gehien elektrifikatzearen aldeko apustua berretsi du Otxandianok, eta gogorarazi norabide horretan lema kolperik eman ezean bost-sei urteko epean industria ondorioak nozitzen has daitekeela. «Berandu goaz», ohartarazi du. «Badakigu epeak zeintzuk diren; beraz, elektrifikatu daitekeen guztia elektrifikatu behar da». Ildo horretan, Petronorrek Jaurlaritzaren politiketan eragiteko egindako ahaleginak salatu ditu. 

Enpresen «demokratizazioa»

Lau ataletan banatzen da EH Bilduren proposamena, eta oinarriak ezarri nahi ditu industriari «bultzada publikoa» eman eta «inflexio puntu bat» eragiteko. Lehen atalean, enpresa txikien, ertainen eta handien «posizionamendua» hobetzeko neurriak jasotzen ditu. Koalizioaren ustez, ezinbestekoa da sektore publikoak «lidergoa eta izaera proaktiboa» hartzea.

Bada, finantza sistema indartzearen aldeko apustua egin behar dela uste du EH Bilduk. Euskaltelen, Gamesaren eta Ibermaticaren kasuak aipatu ditu Otxandianok, eta salatu du ez dela «ezer» egin enpresa horien erabakigunea Euskal Herrian mantentzeko. Hala, inbertsio funts bat sortzea proposatu du, enpresa estrategikoetan parte hartzeko eta lurraldean sustraitzeko: 1.300 milioi euro inguruko funtsa litzateke, eta, besteak beste, BGAE pentsio osagarrietan bilduta dagoen diruarekin elikatuko litzateke. Aurrezki horietan bildutako dagoen diruaren %5 inguru erabili daiteke horretarako, Otxandianoren hitzetan.

Berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustu irmoa egin behar dela ere adierazi du Otxandianok, «aldez aurretik eta modu estrategikoan lan eginez». Horretarako, uste du ezinbestekoa dela zientzia, berrikuntza eta teknologiaren sarea «indartzea».

Era berean, Lan Harremanen Euskal Esparru bat eratzea ezinbestekoa dela uste du, «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitate sozialari erantzungo dion eta eredu parte hartzailea sustatuko duen euskal enpresa eredua bultzatzeko». Gobernantza ireki eta gardeneko enpresak sustatu nahi baititu EH Bilduk, besteak beste, langileak erabakiguneetan txertatuko dituztenak.

SANCHEZ BABESTEA, BERMATUTA

Pello Otxandianok argi adierazi du apirilaren 21eko bozen emaitzek ez dutela Espainiako politikagintza baldintzatuko. EH Bilduko lehendakarigaiaren hitzetan, EH Bilduk Pedro Sanchezen gobernua babesten jarraituko du Madrilen, nahiz eta sozialistek egun Eusko Jaurlaritzan jeltzaleekin duten ituna berritu. Gogorarazi du koalizio subiranistaren xedea eskuina agintera ez iristea zela, eta hori lortu duela: «Egiten dugun hori esaten dugu, eta esaten dugun hori egin». 

EAJk argi adierazi du «eroso» dagoela PSE-EErekin Jaurlaritzan, eta bozen ostean ere itun horri eusteko nahia agertu du, baina mesfidati mintzatu da, sozialistek iritzia aldatzeko tentazioa izango dutelakoan. Hori dela eta, Pedro Sanchezek lasaitasun mezua igorri dio EAJri bart, eta nabarmendu PSE-EE berriro koalizio gobernua osatzearen aldekoa dela, «egonkortasuna» bermatzen duelako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.