Hamahiru salaketa jarri dituzte Ipar Euskal Herriko hiru ikastetxetan jasandako indarkeriengatik

Salaketetatik 11 Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa ikastetxean gertatutako erasoei lotuak dira; beste biak, Domintxineko ikastetxe katolikoari eta Angeluko San Josepe ikastetxe publikoari.

Gilles Parent Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa ikastetxe pribatu katolikoko biktimen bozeramailea, salaketak eskuan, goizean, Baionako auzitegiaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Gilles Parent Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa ikastetxe pribatu katolikoko biktimen bozeramailea, salaketak eskuan, goizean, Baionako auzitegiaren aitzinean. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko apirilaren 10a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Indarkeria fisikoagatik eta sexu indarkeriagatik hamahiru salaketa jarri dituzte Uztaritzeko San Frantses Xabierkoa ikastetxe pribatu katolikoko bost ikasle ohik, goizean, Baionako auzitegian. Hamahiru salaketetatik 11 Uztaritzeko ikastetxean gertatutako erasoei lotuak dira; beste biak, berriz, Domintxineko ikastetxe katolikoari (Nafarroa Beherea) eta Angeluko San Josepe ikastetxe publikoari (Lapurdi).

Goizean auzitegira joan diren bost gizonek 30 eta 60 urte artean dituzte, gutxi gorabehera. Ez dute ber adina, ezta ber bizia ere. Zerbaitek batu ditu, haatik: bostak urte batez edo gehiagoz San Frantses Xabierkoa ikastetxean egonak dira ikasle, eta bostek indarkeriak jasan zituzten han. Uztaritzeko ikastetxearen biktimen Facebook taldea otsailean sortu zen, Betharramgo afera zabaldu ondoan. Gaur egun 180 bat kide ditu taldeak, baina, gaur arte, nehork ez zuen salaketarik jarri.

Yves 1976tik 1977ra egon zen Uztaritzeko ikastetxean, eta Vincent, 2001etik 2005era. Yvesek aitortu du ikastetxea utzi zuenez geroztik «usu berriz pentsatzen» duela jasan zituen indarkeriei buruz: «Jakin nuelarik talde bat sortu zela, lotu nintzen, zeren on egiten baitigu zer bizi izan genuen partekatzeak. Nire inguruan aipatu izan dut, baina hain da bortitza kontatzen nuena... Usu iruditu zait ez nindutela sinesten».

Mintzatzera ausartu

Betharramgo aferak zera ekarri du, biktimak hitza hartzera ausartu direla urteak eta urteak isilik egon ondoan. Geroztik, Betharramgoaz harago ere zabaldu da afera: goizeko salaketak, kasurako, Ipar Euskal Herriko hainbat ikastetxetako indarkeriak agerian ezartzeari bide eman dio, azkenean. «Ez dakit zertara eramanen gaituen, baina on egiten du, gutxienez», erran du Yvesek. Vincent horrekin ados agertu da: haren ustez, talde horien sortzeak eta hitzaren hartzeak «aspaldiko traba batez hein batean libratzea ahalbidetu» die.

Domintxineko kasuei dagokienez, ikasle ohi baten salaketa jarri dute goizean, baina, horrez gain, Gilles Parent Uztaritzeko ikastetxearen biktimen bozeramaileak kontatu du beste bi biktimarekin harremanetan direla; horiek, ordea, «oraino ez dira prest salaketaren urratsa egiteko».

Ikastetxe horietan bizi izan dituzten erasoak biziki traumatikoak izan dira zenbait ikaslerendako. Vincentek uste zuen bakarra zela horiek bizi izan zituena: «Pentsatzen nuen neure errua zela», aitortu du. Vincentek eta Yvesek, biek uste dute izugarrizko arazoa izan dela, «erasotzaileak berak baitziren segurtasunaren babesle izan behar zutenak». Gauzak horrela, norengana joko zuten? Yves Uztaritzeko ikastetxeko erizainaz oroitu da, zeinak «ikasleen uspelak, anpuluak, odola» ikusten baitzituen harrera egiten zielarik. «Bazekien, baina deus ez zuen erraten».

Lekukotasunak sostengu

Vincentek jarri duen salaketa 2001etik 2005era gertatutako indarkeria kasuei lotua da; hots, denboran hain urrun ez. Elizako ordezkarien edo ordezkari politikoen artean —baita gizartean ere, noiztenka—, badago joera indarkeria kasu horiek «garai batekin» lotzeko; indarkeria horietaz ohartzen omen ez zen garai bat, hain zuzen ere. Vincentek ez du horretan sinesten: «Ez da beste garai bateko metodologia bat. Perbertsioa da. Holako terminoek arazoaren saihesteko besterik ez dute balio».

Funtsean, urte luzeetako jokamoldeak izan dira, eta badira oraino ere: Yvesek kontatu duenez, San Frantses Xabierkoa ikastetxean gertatutako erasoen kontaketak 1960 eta 2005 artekoak dira. Are gehiago, Betharramgo ikastetxeko erasoak 1950 eta 2024 artean gertatu dira.

Salaketak ezartzera jinak ziren bost biktimez gain, emazte bat ere agertu da auzitegira: izenik ez du eman nahi izan, baina azaldu du 2002 eta 2005 artean egon zela Uztaritzeko ikastetxean. «Irakurri dudalarik 2005eko salaketa bat ezarriko zutela, pentsatu dut: 'Orain artekoak zaharragoak ziren, baina nik ere ikusi ditut gauza batzuk, kontakizunak ere jaso ditut... Behar dut lekukotasuna utzi nonbait'». Gutun bat idatzi du, eta hamahiru salaketei txertatu diete dosierra auzitegiko harreran uztean.

Ikastetxe publikoetan ere bai

Betharramgo eta Uztaritzeko ikastetxeak arrazoi jakin batengatik ziren ezagunak: zorroztasuna. Guraso anitzek horregatik bidaltzen zituzten haurrak batera edo bestera. «Egurrezko erregelak buru gainean hausten zizkiguten...», oroitu du Parentek, Angeluko eskolan iragan zuen ikasturtetik. «Lan bat gaizki egin nuen behin. Irakasle batek nire gurasoei galdegin zien oren bat goizago eramatea biharamunean, lana berriz egiteko: oren batez jo ninduen; ene gurasoen konplizitatearekin, bai baitzekiten zertara eramaten ninduten».

Parentek bi salaketa jarri ditu: bat, Uztaritzeko ikastetxean jasan dituen indarkeria fisikoengatik, eta bestea, Angeluko San Josepe eskola publikoan jasan zituenengatik. Parenten ustez, ikastetxe pribatu katolikoetan gertatu diren erasoei begira, kasik «erraza» da Frantziako Estatuarendako: «Erraten dute 'axolagabekeria' izan dela, baina eskola publiko batean, hutsegite bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.