120.000 euro isunetan, Curia kaleko istiluengatik

Iruñeko Udalak 12.000 euroko isun bana jarri die hamar pertsonari. «Segurtasuna urratzea» eta «tentsio egoera sortzea» egotzi die

Tentsio handiko uneak izan ziren uztailaren 7ko prozesioan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Uztailaren 7ko San Ferminen prozesioak soka luzea ekarriko du Iruñean. Auzitegietan bidea egiten ari den prozesuaz gain, bide administratiboa ere zabaldu du Iruñeko Udalak, egun hartan Curia kalean ziren hamar pertsonaren aurka. Zehazki, 12.000 euroko isun bana ezarri die bakoitzari, «herritarren segurtasuna urratzeagatik, San Ferminen prozesioan parte hartzen ari ziren ordezkari batzuk iraindu eta jazarrita». Besteak beste, «edariak jaurtitzea» eta «tentsio eta indarkeria egoera bat sortzea» leporatzen diete. Guztira, 120.000 euro kobratuko ditu udalak isunetan.

Tentsio handiko eguna izan zen uztailaren 7a. Jendetza batu zen Curia kalean, San Fermin eguneko prozesioa ikusteko. Iruñeko udaltzainez gain, Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko beste udalerri batzuetako agenteak bertaratu ziren errefortzu gisa, hala nola Gasteizkoak, San Sebastian de los Reyesekoak, Zaragozakoak eta Badajozkoak.

Urtero legez, udalbatzako zinegotziak atera ziren prozesioan, eta tentsioak gora egin zuen Curia kaletik igarotzean. «UPN kanpora» gisako oihuak entzun ziren, eta hainbat aldarrikapen zituzten kartelak atera zituen jendeak, Elizaren eta alderdi politiko eskuindarren aurka, besteak beste. Egun hartan grabatutako irudiek erakusten dutenez, oihuka ari zen jendearen aurka bortizki oldartu ziren zenbait polizia.

Protestan zirenetako batzuk atxilotu zituzten: zortzi lagun, guztira. Horietako bat espetxera eraman zuten, desordena publikoak eragitea, autoritatearen aurkako atentatua, gorroto delitua eta lesioak egotzita. Gainerakoak aske utzi zituzten Mari Paz Benito epailearen aurrean deklaratu ostean. Iruñeko Udalak akusazio partikular gisa parte hartuko du epaiketan. Prozesioa amaitu eta berehala, Maia alkateak esan zuen erasoak «talde antolatu» batek egin zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.