120.000 herritar Osakidetzako espezialista baten kontsultara joateko zain daude

Alberto Martinez Osasun sailburuak emandako datuen arabera, itxaronaldia 68 egunekoa da, batez beste. Beste 23.328 herritar ebakuntza kirurgikoren bat egiteko ari dira itxaroten.

Errenteriako Iztieta auzoko osasun zentroa, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Errenteriako Iztieta auzoko osasun zentroa, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko uztailaren 10a
16:05
Entzun

120.000 erabiltzaile Osakidetzako mediku espezialista baten kontsultaren esperoan daude. EH Bilduk eta PPk egindako eskaerei erantzunez, datu hori helarazi dio Alberto Martinez Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrari. Itxaronaldia 68,5 egunekoa da, batez beste.

Espezialitateen barruan, traumatologiak ditu itxaron zerrenda luzeenak. Izan ere, ESI erakunde sanitario integratu batzuei buruzko datuak ere jakinarazi ditu Martinezek, eta horiek erakusten dute traumatologian zailtasunak daudela ordua lortzeko. Gurutzetako ospitalean 2.452 erabiltzaile daude kontsulta horren zain, eta Barrualde-Galdakaoko ESIan (Bizkaia), 3.105. Batez beste, herritarrek 51 egun itxaron behar dute Gurutzetako ospitalean, eta 103 egun Barrualde-Galdakaoko ESIan. Donostialdean 4.000 pertsona daude itxaron zerrendetan, eta 118 egun itxaron behar dute kontsulta lortzeko. Arabako ESIan, berriz, 3.089 pertsona daude zain, eta itxaronaldia 81 egunekoa da.

Beste espezialitate batzuek ere itxaron zerrenda luzeak dituzte: hala nola oftalmologiak, otorrinolaringologiak eta ginekologiak. Esate baterako, Donostialdean 2.000 emakume baino gehiago daude ginekologia kontsultara joateko zain; eta Araban, ia 3.000.

Bestalde, 23.328 herritar ebakuntza kirurgikoren bat egiteko zain daude. Horietatik laurehunek sei hilabete baino gehiago daramatzate ebakuntza egiteko itxaroten. Zerrenda luzeena Donostialdean dute: 4.416 erabiltzaile. Araban 3.935 daude zain; Gurutzetan, 3.816; eta Galdakaon, 1.683.

530

Ospitaleetan zenbat ohe kendu dituzten. Alberto Martinez Osasun sailburuak jakinarazi du udan ospitaleetako ohe batzuk kendu dituztela. Hilabete honetan, 530 kendu dituzte. Abuzturako, urteko beste hilabeteetan baino 777 ohe gutxiago izatea aurreikusi dute, eta irailean, 392 gutxiago.

Diagnosi probak egiteko ere itxaron beharra dute erabiltzaileek; gaur-gaurkoz, 51.328 daude zain Osakidetzan. Ekografiak, mamografiak eta OTA ordenagailu bidezko tomografia axialak egiteko daude itxaron zerrendarik luzeenak. Probak egiteko batez beste 34 egun itxaron behar den arren, ordua lortzeko beharrezko denbora aldatu egiten da ESI batetik bestera.

Bidasoko ESIan (Gipuzkoa) herritarrek sei hilabete baino gehiago itxaron behar dute ekografia bat egiteko, eta Gurutzetako ospitalean, 158 egun. Ekografia ginekologiko bat egiteko, egun bat eta erdi itxaron behar dute erabiltzaileek Donostialdean, eta bost egun inguru Gurutzetan. Araban, berriz, 38 eguneko itxaron zerrendak daude proba hori bera egiteko.

Martinezek adierazi duenez, bestalde, herritarrek 44.500 hitzordu eta 44.000 diagnosi proba utzi zituzten bertan behera urteko lehen lau hilabeteetan.

Pediatrak eta familia medikuak

Lehen arretan txanda lortzeko zenbat denbora behar den kalkulatzeko, erizainen, familia medikuen eta pediatren kontsultak hartu dituzte kontuan, eta administrazio arloari ere erreparatu diote. Erabiltzaileek batez beste bi egun egon behar dute zain, baina denbora hori aldatu egiten da, zertarako txanda eskatzen den.

Errenteriako (Gipuzkoa) Iztieta auzoko osasun etxean, esaterako, batez beste zortzi egun itxaron behar dute familia medikuak hartzeko. Pediatrek eta familia medikuek dute itxaron zerrenda luzeena. Martinezek esan duenez, edozein zentrotan «egunean bertan» eskaintzen diete arreta herritarrei baldin eta «uste badute ezin dutela itxaron».

Udako egoeraren berri ere eman du Martinezek. Jakinarazi du ospitaleetako ohe batzuk kendu dituztela, argudiatuta udan jarduna apaldu egiten dela eta langile gehienek oporrak dituztela. Hilabete honetan 530 ohe kendu dituzte, gehienak Gurutzetan. Abuzturako, urteko beste garaietan baino 777 ohe gutxiago izatea aurreikusi dute; eta irailean, 392 gutxiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.