12 urtetik beherako haurrek garraio publikoa doan izango dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Neurria ez da indarrean jarriko urtarrilaren 1etik aurrera, lurralde bakoitzeko garraio agintaritzek onartu behar baitute. Uztailetik aurrera 15 urtetik beherakoek bidaiatuko dute doan.

Herritarrak Bilbobusen autobusaren zain. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Herritarrak Bilbobusen autobusaren zain. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko abenduaren 23a
19:30
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Agintaritzak baiezkoa eman dio, baina lurralde bakoitzeko garraio agintaritzek onartzea falta da: 12 urtetik beherako haurrek doan erabiliko dute garraio publikoa —trenak, autobusak, tranbiak eta metroa—. Noiztik aurrera? «Urtarrilaren lehenengo asteetatik otsailaren hasierara bitartean» jarriko da indarrean. Erabakia berretsi behar dute Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Arabako Mugikortasun Agintaritzak, hurrengo egunetan egingo dituzten batzarretan. Orduan zehaztuko dute noiztik aurrera aplikatuko duten.

Gaur egun 6 urte bete arteko haurrek dute garraio publikoa doan; Gasteizko autobusetan (Tuvisa) 12 urte artekoek. 6 eta 12 urte arteko haurrek garraio publikoan doan ibili ahal izateko txartel pertsonalizatua izan beharko dute. Horretarako, gurasoek edo tutoreek garraio konpainien arreta bulegoetara jo beharko dute, urtarrilaren 7tik aurrera. Gaur egun txartel pertsonalizatua dutenek ez dute berri bat egin beharko.

Hurrengo urtetik aurrera 130.000 haur inguruk bidaiatu ahalko dute doan, Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, Eustaten datuetan oinarrituta: 65.000 inguru dira Bizkaian, 43.300 Gipuzkoan eta 22.000 Araban.

6 eta 12 urte arteko haurrek garraio publikoan doan ibili ahal izateko txartel pertsonalizatua izan beharko dute

Hala ere, neurria zaharkituta geratuko da laster, Espainiako Gobernuak gaur bertan esan baitu garraio publikoa doan izango dela 15 urtetik beherakoentzat uztailaren 1etik aurrera. EAEko Garraio Agintaritzako ordezkariek bazuten horren berri gaur arratsaldeko bilera hasi dutenerako, baina ez dute baloraziorik egin horrek izan dezakeen eraginari buruz.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Jasangarriaren Sailaren proposamena izan zen garraio publikoaren doakotasuna 12 urte arte luzatzea. Neurria babestu du Susana Garcia Chueca sailburuak EAEko Garraio Agintaritzaren bileran: «Neurria ezarri behar da, familien gastua arintzen baitu, eta belaunaldi berriek mugikortasun jasangarriaren aldeko ohitura har dezaten bultzatzen baitu». Sailburuak gogoratu du Eusko Legebiltzarrak neurri horren aldeko ebazpena onartu zuela 2022ko urrian.

Beherapenei eutsi diete

EAEko Garraio Agintaritzak beste erabaki bat hartu du, esperotakoa: eutsi egingo diela garraio publikoaren ohiko erabiltzaileentzako %20ko beherapenei. Espainiako Gobernuak iragan astean Podemosekin hitzartu zuen uztailera arte luzatzea garraio publikoaren ohiko erabiltzaileei aplikatzen dien %30eko beherapena, eta atzo onartu zuen lege dekretu baten bidez. Kopuru hori aplikatzen du betiere tokiko administrazioek eta garraio partzuergoek beste %20ko beherapena beren gain hartzen baldin badute, guztira %50eko beherapena aplikatzeko. Orain arte bezala, Eusko Jaurlaritzak %10 hartuko du bere gain, eta diputazioek, udalek eta garraio operadoreek beste %10. 2022ko irailean onartu zen lehen aldiz beherapen hori, Ukrainako inbasioak eragindako prezioen garestitzea arintzeko.

Renferen aldirietako eta distantzia ertainetako bonuak doakoak izango dira aurrerantzean ere, betiere baldintza batzuk betetzen badira: erregistratzea, berme bat ordaintzea, gutxieneko bidaia kopuru bat egitea... Aintzat hartu behar da Renferen aldiriak Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko direla urtarrilaren 1etik aurrera.

Bonu bakarra Renfen

12 urtetik beherakoek doan bidaiatzeko erabakiak ez du amaiera datarik, eta zaila litzateke halako neurri bat onartu eta gero atzera egitea. Beherapenek, ordea, iraungitze data dute: ekainaren 30ean bukatuko dira. Zer gertatuko da uztailaren 1etik aurrera? Espainiako Gobernuak gaur zehaztu du, eta gaur egungo beherapenen ordez bestelako neurriak hartuko ditu: garraio publiko kolektibo guztiak doan izango dira 15 urtetik beherakoentzat; beherapen bereziak izango dira gazteentzat; prezio merkeagoak ohiko erabiltzaileentzat; Renferen aldirietarako txartel edo bonu bakarra, hilean hogei euro ordainduta; eta laguntzak bizikletaren erabilera sustatzeko.

Espainiako Gobernuak txartel edo bonu bakarra ezarri nahi du Renferen aldirietan, edozein eremutan eta lekutan erabili ahal izateko. Hiru txartel edo bonu mota izango lirateke, adinaren araberakoak: hilean hogei eurokoa; hilean hamabost eurokoa 15 eta 26 urte arteko gazteentzat; eta urte osoko doakoa, 15 urtetik beherakoentzat.

Autonomia erkidegoen, diputazioen edo udalen esku dagoen garraio publikoan —Hego Euskal Herriko ia guztiak—, doan izango da 15 urtetik beherakoentzat eta %50eko beherapena izango dute 16 eta 25 urte arteko gazteek. Espainiako Gobernuak onartu eta ordaindu nahi dituen neurriak dira. Ikusteko dago Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, diputazioek eta udalek beherapen gehigarriren bat aplikatuko duten. 

Distantzia ertainetako trenetan beherapena %40koa izango da; %50ekoa 15 eta 26 urte arteko gazteentzat; 15 urtetik beherakoentzat, doan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.