116.000 euro behar ditu Integrazio Batzordeak

Dirua biltzeko urteroko kanpaina aurkeztu dute, ikastoletako haur elbarrituak laguntzeko. Administrazioak dosierrak aztertzen ematen duen denbora eta baliabide falta salatu dituzte.

Integrazio Batzordearen prentsaurrekoa, Kanbon. PATXI BELTZAIZ
Integrazio Batzordearen prentsaurrekoa, Kanbon. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Kanbo
2024ko martxoaren 6a
15:39
Entzun

Inklusioa, eperik gabe! lelopean, dirua biltzeko urteroko kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak. Seaskako ikastoletan elbarritasunen bat duten haurren inklusioan laguntzea du helburu guraso talde horrek, eta 116.000 euro bildu nahi ditu aurten, «gero eta handiagoak diren beharrei» erantzuteko. Salatu dute dosierrak aztertzeko gero eta denbora gehiago behar izaten duela horretaz arduratzen den Pirinio Atlantikoetako Departamenduko komisioak, eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dituela behar beste baliabide ematen haur bakoitzak behar duen laguntza eskuratu dezan.

«Ikastolak denendako irekiak dira, baita behar bereziak dituzten ikasleentzat ere», nabarmendu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Esplikatu du irakasleen prestakuntzan indarrak egiten dituztela irisgarritasunean hobetzeko, baina haur batzuek laguntza gehigarria behar izaten dutela. Halakoetan, MDPH Elbarrien Departamenduko Etxean dosier bat osatu behar dute gurasoek eskaera egiteko; Frantziako Gobernuaren arabera, 3,9 hilabetekoa izan behar luke eskaera tratatzeko batez besteko epeak, baina Ipar Euskal Herrian 11 hilabetekoa da. 

Egoera hori «bortitza» dela erran du Gisele Etxeberri Integrazio Batzordeko kideak. «Ahalmen urritasunen bat duten haurrentzat, eta baita haien familientzat ere. Onartze urrats batean dira, aterabideak xerkatzen dituzte, bereziki eskolan baldintza ahal bezain egokietan segitu ahal izateko». Epea 11 hilabetekoa izateak eragiten du ikasturte oso bat itxaron behar dutela beren beharren araberako laguntza eskuratzeko. 

Diru falta

Beste arazo bat ere aipatu dute: Frantziako Hezkuntza Ministerioak behar berezietarako aurreikusitako aitzinkontua bukatua izaten da urrirako. Ondorioz, ondotik aztertzen diren eskaerek ez dute jasotzen behar duten laguntza. Halakoetan, Integrazio Batzordeak bere gain hartzen du laguntzailea ordaintzeko ardura, eta horregatik du diru beharra Integrazio Batzordeak, preseski.

Egun, Seaskako 158 haur dira inklusio programaren batean, hiru laguntzaile bere gain hartzen ditu Integrazio Batzordeak, eta laster beste bat ere izanen da; halaber, IEP Inklusio Egitura Pedagogikoan diren bost ikasgela dituzte Seaskako bost kolegioetan. 

Ikasle elbarriez arduratzen diren AESH laguntzaileen estatusa ere auzitan jarri dute Seaskak eta Integrazio Batzordeak, eta langile horien «prekaritatea» salatu. Frantziako Gobernuaren irizpideen arabera, ez dute 25 ordu baino gehiagoko lan kontraturik izaten ahal, sei urtez lan kontratu mugagabean izan behar dute, eta biziki lansari apala dute. «Baldintza horiengatik, gero eta zailagoa zaigu laguntzaileak aurkitzea».

KANPAINAKO EKITALDIAK

  • Martxoaren 17an. Jantzi hustea, Lakarran (Nafarroa Beherea). 
  • Martxoaren 17an. Itsas laminen korrika lasterketa, Angelun (Lapurdi). 
  • Martxoaren 23an. Partaide Eguna. Informazio mahaiak eta laguntza deialdiak herri anitzetan.
  • Apirilaren 7an. Neska Korrika, Azkainen (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.