Ez dute itxi nahi. Are, berriro egin nahi dute: hutsetik. Hamar urte baino gehiago igaro dira Bateragune auziko auzipetuak atxilotu zituztenetik; Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek osorik bete zituzten Gorenak 2012an berretsitako zigorrak —31 urte guztira—. Gorenak berak zigor horiek baliogabetu zituen udan, baina auzitegiak ez zuen aski horrekin: auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean berriro egin dadila agindu du orain. Auzitegi berak egin du dena: zigorrak berretsi, baliogabetu, eta epaiketa errepikatzeko eskatu. Guztia ia hamar urteko tartean.
Atzo goizean hartu zuten erabakia Auzitegi Goreneko bigarren salako hamasei magistratuek —alegia, denek—, eta aho batez. Manuel Marchena Goreneko presidenteak ostiralean deliberatu zuen erabakiari halako pisua ematea, bilerara epaile guztiak deituta. Izan ere, aitzineko kasu batzuetan gertatu bezala, baliteke Gorenak doktrina bat jarri nahi izatea Bateragune auzia abiapuntutzat hartuta, auzitegiak hartu duen erabakiak aurrekari bat jar baitezake Estrasburgoko sententziak Espainian betearazteko moduan. Kontraerranez beteta dago horretara iristeko egin duten bidea, ordea.
Zer kontraerran ditu fiskaltzak?
Auzitegi Goreneko epaile taldeak men egin dio Goreneko fiskalaren eskaerari: hain zuzen, Marchenak irailean irekitako probidentzia bati arrapostuz eta 2011ko kasazio helegiteari erantzunez —ez zion zertan horri erantzun—, Goreneko Illana Navia Osorio fiskalak Bateragune auzia berriro egin zedila eskatu zuen azaroan. Kontraerranak daude fiskaltzaren irizpideetan, ordea; izan ere, Estrasburgoren 2018ko sententzia Espainian betearazteko egindako berrikuspen helegitea tramitatzerakoan, fiskalak ez zuen auzia berriz egiteko eskatu: zigorrak bertan behera uztea baino ez zuen galdegin. Joan den azaroan, ordea, Marchenak irekitako zirrikitua baliatuta, auzia berriz egin zedila eskatu zuen Navia Osoriok.
Hori ez dator bat Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalaren irizpideekin ere. Izan ere, AVT-Verde Esperanza biktimen elkarteak egindako eskaerari erantzunez, Auzitegi Nazionalak ez zuen onartu epaiketa berriz egiteko galdea, urrian emandako ebazpen batean: Auzitegi Nazionalak argudiatu zuen, bertzeak bertze, epaiketa berriz egiteak ez lukeela lege babesik —Espainiako Prozedura Kriminaleko Legeak ez du halakorik aurreikusten— eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dio «pertsona interesdunek» eskatuta soilik egin daitekeela auzia berriro. Alegia: Otegik, Diezek, Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak hala eskatuta egin daitekeela; ez bertzela.
Estrasburgoko epaiak honela dio: «Erreparazio modurik egokiena, printzipioz, auzia berregitea edo kasua berriz irekitzea litzateke, pertsona interesdunak hala eskatuta». Eta auzipetuek ez dute halakorik galdegin.
Zergatik aurrekari?
Goreneko epaileen erabakiak Estrasburgoren sententziak Espainian betearazteko irizpidearen aurka egiten du. 2015ean Botere Judizialaren Lege Organikoan egindako moldaketa batean argitu zuten nola betearazi behar ziren Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaiak Espainian: berrikuspen helegite baten bidez. 2020ko uztaileko sententzia halako helegite bati erantzunez iritsi zen, hain zuzen: eta Gorenaren 2012ko epaia baliogabetzea ebatzi zuen, ez bertzerik. Lehen aldia da halako zerbait egiten dutena: 2015etik honako Estrasburgoko sententzien aplikazioetan ez da halakorik gertatu, orain arte —ez Euskal Herriko gaiei dagokienez, ez bertzelakoetan—. Aurrekaria izan daiteke, beraz, eta, gainera, erabakia Goreneko epaile guztiek hartu izanak pisua ematen dio.
Era berean, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketa berriro egitearen aurka eman zituen argudioetan erran bezala, Espainiako legediak ez du aurreikusten epaiketa bat berriro egiteko aukerarik, berez. Espainiako Auzitegi Gorenak berak hala ebatzi zuen 2017an, Estrasburgok hala eskatuta Valladolideko Probintzia Auzitegiak emandako epai baten baliogabetzean auzia berriro egiteari buruz: «Aukera hori ez dago aurreikusita ordenamendu prozesalean, eta, gainera, egitate berengatik bi aldiz epaitua ez izatearen eskubidea urratuko luke». Bertzeak bertze, Manuel Marchena epaileak izenpetu zuen sententzia hori; Bateragune auzia berriro egiteko zirrikitua ireki eta epaile taldearen erabakia gidatu duen magistratu berak.
Zer argudio erabili dituzte epaileek orain?
Sententzia osoa ez dute oraindik plazaratu, baina, Goreneko iturriek jakinarazi dutenez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikulua oinarri hartuta erabaki dute auzia berriz egin dadila: auzitegiaren hitzetan, Bateragune auzikoa bezalako kasuetan epaiketa bat berriz egiteko debekua salbuesten du artikulu horrek. Gorenaren arabera, bigarren salaren jurisprudentzian ere oinarritu dira magistratuak. Miguel Colmenero txostengileak idatzitako sententziak bat eginen luke, era berean, Navia Osorio fiskalaren irizpidearekin, zeinaren arabera eragotzi egin behar den egitate batzuk epaitu gabe gelditzea. Ebazpen osoa datozen egunetan jakinaraziko dute.
Zergatik hamasei epaile?
Hasiera batean bortz epailek erabaki behar zuten Bateraguneko bortzak berriz epaitu ala ez: Julian Sanchez Melgar presidenteak, Miguel Colmenero txostengileak eta Vicente Magro, Eduardo de Porres eta Angel Luis Hurtado magistratuek, zehazki. Goreneko presidente Marchenak ostiralean erabaki zuen taldea zabaltzea, ordea, eta bigarren salako epaile guztiek erabakian parte har zezatela galdegin zuen. Horrek garrantzia ematen dio erabakiari.
Goreneko epaile gehienak eskuinekoak dira. Melgarrek, erraterako, Parot doktrina ezarri zuen 197/2006 sententzia idatzi zuen —Estrasburgok gibelera bota zuen gero—.
Zergatik aldatu dute irizpidea?
Ezin da zehatz jakin zergatik, baina irizpidea aldatzeak hurrengo auzi batzuen gainean ondorioak izan ditzake: errate baterako, Kataluniako independentzia prozesuari buruzkoetan. Epaileen asmoa izan daiteke Estrasburgotik datozen ebazpenak nolabait saihestu nahi izatea, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baliogabetzen dituen epaiketak berriro eginda. Espainiako justiziak Estrasburgorekiko autonomia nahi izatea egon daiteke gibelean.
Zer aukera dituzteorain auzipetuek?
Ez dute oraindik eginen dutenaren berri eman, baina Gorenaren erabakiaren aitzinean bi bide jorra ditzakete: Espainiako Auzitegi Konstituzionalean babes helegite bat jarri, edota Europako Batzordeko Kontseilura jo, gertatua salatzeko.
Baliteke kartzelara itzultzea?
Ez da halakorik espero. Are, baliteke zigor txikiagoak jasotzea. Testuingurua anitz aldatu da azken urteotan: auzipetuak atxilotu zituztenean ETA oraindik indarrean zen, eta ezker abertzaleko estrategia aldaketa artean finkatu gabe zegoen. 2011n ETAk jarduera armatua utzi zuen, ordea, eta 2018an bere burua desegin zuen. Jada existitzen ez den erakunde armatu bateko kide izatea leporatu nahi diete auzipetuei.
Kartzelara joateko arriskua txikia izan arren, dena den, epaiketa bat berriro egiteak dakarren kostu ekonomiko, psikologiko eta sozial guziari aurre egin beharko liekete auzipetuek.
'Bateragune auzia'. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia
11 urteren ondoren, hutsetik
Goreneko bigarren salako epaileek aho batez erabaki dute Bateraguneko bortzak berriz epaitzea. Erabakiak aurrekari bat jar dezake Estrasburgoko sententziak Espainian betearazteko moduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu