102 salaketara iritsi dira Betharramgo ikasle ohiek jasan indarkerien aferan

Betharramgo ikastetxe katolikoko biktima ohiek beste 26 salaketa jarri zituzten uztailaren 9an Paueko prokuradorearen eskuetan.

Betharramgo ikastetxe katolikoaren eraikina
Betharramgo ikastetxe katolikoaren eraikina. BERRIA
Iñaki Etxeleku.
2024ko uztailaren 16a
18:00
Entzun

Urtarriletik, arazoaren neurria plazara agertu duen Alain Esquerre ikasle ohiak 102 indarkeria fisiko, sexu indarkeria eta bortxaketa salaketa bildu ditu. 1960 eta 2000 artean Biarnoko Betharramgo ikastetxe katolikoan gertatutakoak dira, BERRIAk jada kontatu duen bezala. Beste 26 salaketa helarazi zituen uztailaren 9an Esquerrek Paueko auzitegira, beste biktima batzuek lagundurik. 102 biktimen artean, Euskal Herriko ikasle ohiak badaude. Kasu gehienak preskribatuak badira ere, baliteke batzuk hala ez izatea, besteak beste bortxaketetan egile berbera izateagatik.

102 salaketak Rodolphe Jarry Paueko (Okzitania) prokuradorearen mahai gainean daude. France 3 Frantziako telebista kate publikoari jakinarazi dioenez, lekukotasun guztiak bildu eta entzun, eta irailean hitza hartu beharko luke aferak auzitegian jarraipenik izango duenetz argitzeko. Ikasle eta biktima ohi batzuek salaketak zuzenki Frantziako jendarmerian egin dituzte, bestalde. Hor ere lekukotasun horien biltzen ari dira.

Jarry prokuradoreak France 3ri aitortu dio lekukotasun asko haurren kontrako sexu indarkeriak direla, baina ez duela zehaztu nahi izan «ekintza indibidualak» izan direnetz, edo lekukotasun frankotan agertu bezala «talde antolatuan» eginak izan direnak. Legez eragina izan dezake horrek krimen preskribatuak direnetz ebazteko.

Kasu berriagoak

Biktimen lekukotasunen biltzaile Alain Esquerrek Sud Ouest egunkarian joan den ostegunean egin elkarrizketan kasu berriagoak aipatu ditu. Azken aldietan iritsi zaizkion lekukotasunetan, badira 2000 eta 2010 artekoak. «Garai horietako kasuak heldu dira, zoritxarrez», adierazi du Esquerrek. «Ikusten baitugu sexu erasotzaile horietarik batzuk ikastetxe horretan edo beste batzuetan egon direla. Auzi horretan, sei hilabetez bildu 102 salaketez gain, badaude beste salaketa larri batzuk oraindik etortzekoak direnak», erran duenez.

Esquerre damutzen da, hainbeste salaketaren ondoren, auzitegiek zer eginen duten jakin gabe ere, gaur egun Beau-Rameau izena duen Betharramgo ikastetxeak bere barnetegia ez duelakoz oraindik zerratu. Indarkeria gehienak gertatu diren barnetegia da. Ikasleak hartzen segitzen du barnetegiak. Horrez gain, afera horretan Vatikanoak bere ardurak hartu behar lituzkeela uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.