David Campion

«100.000 tona hondakin sortzen dugu; arazo larria da»

David Campion 2019an izendatu zuten Iruñerriko Mankomunitateko presidente, eta karguari eutsi dio orain EH Bilduk, independenteek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu akordioa sinatu eta gero.

David Campion. IñIGO URIZ, FOKU
edurne elizondo
2023ko irailaren 22a
13:33
Entzun

Hondakinen auzia “gelan dagoen elefantea” dela aitortu du David Campion Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariak (Iruñea, 1969). 2019an hartu zuen kargua, eta bertze lau urtez eutsiko dio, EH Bilduk, independenteek, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu akordioa sinatu eta gero.

PSN Iruñerriko Mankomunitateko akordiotik kanpo gelditu da. Zergatik?

PSNrekin lan egin dugu azken lau urteotan, eta PSNrekin lan egiten segituko dugu. Ez dut zalantzarik.

Berriz hautatu zaituzte mankomunitateko presidente. Hasitako lanarekin segitzeko denbora behar zenuen?

Bai; hasitako proiektu anitz ditugu datozen urteotan garatzeko, eta eskertzen dut hori egiteko aukera izatea.

Zer-nolako proiektuak?

Hondakinak tratatzeko zentroko lanak, adibidez, hil honetan hasi ditugu. Lan handia egin dugu lau urteotan obrak martxan jartzeko. Orain, gainera, hurrengo urratsa zehazteko egin behar dugu lan.

Hondakinak tratatu eta gero, zer egin erabakitzeko?

Hala da. Hori oraindik ez dugu zehaztu.

Hondakinak tratatzeko zentroarena aspaldiko proiektu bat da. Denbora kontra duzue?

Europako Batasunak garbi du: 2035. urterako, hondakinen %10 baino ezinen da bota zabortegietan. Hondakinak tratatzeko planta erabat beharrezkoa dugu, hondakinik ez botatzeko tratatu gabe. Hori ari gara eraikitzen. Hurrengo urratsa egiteko premia ere badugu, noski; tratatutako hondakinekin zer egin erabaki behar dugu.

Zer asmo duzue?

Bide osoa dugu egiteko. Planta eraikitzea izan da orain arteko lehentasuna. Orain mahai bat osatuko dugu bertze mankomunitateekin, Nafarroako Gobernuarekin eta toki entitateekin, eta denon artean aztertu beharko dugu zer egin.

Zer egin nahiko luke Iruñerriko Mankomunitateak?

Gure asmoa da aukera guztiak aztertzea; Europako bertze hainbat tokitan zer egiten ari diren begiratuko dugu, eta kontsentsua bilatuko dugu lanean ari garen guztion artean.

Hondakinena da mankomunitateko egungo arazo nagusia?

Hondakinen auzia da gelan dagoen elefantea. Hitz egin dezakegu hamaika gairi buruz, baina urtean 100.000 tona hondakin sortzen dugu, eta horrek erran nahi du arazo hagitz larri bat dugula.

Kopuru hori murriztea da lehen helburua?

Hori egin beharko genuke, baina ez dago gure esku. Hondakinena erronka hagitz handia da, ingurumenean arazo hagitz larria eragiten baitu.

Ekonomian ere badu eragina.

Bai. Orain, hondakinak zabortegira botatzeagatik, berrogei euro ordaindu behar dugu tona bakoitzeko. Hau da, urtean lau milioi euro ordaindu behar dugu. Ez da gutxi.

Batzuen eta bertzeen interesek zer pisu dute hondakinen auzian?

Kontua da dugun sistema ekonomikoak hondakin anitz sortzen dituela. Interes anitz daude tartean, eta botere anitz duten enpresak. Presio talde hagitz boteretsuak daude, eta, horien eraginez, hondakinak sortzen eta sortzen ari gara.

Iruñerriko Mankomunitateak zer egin dezake?

Gauza anitz egin ditzakegu. Borondatea izatea da kontua. Egoera zaila da, baina ezin dugu ezkor izan. Lan egin behar dugu klima aldaketaren aurka, batetik, eta, bertzetik, egokitzen saiatu behar dugu. Gure esku dagoena egiteko prest gara gu. Zenbait arazo abantaila bilakatzeko aukera ere badugu.

Zer erran nahi duzu?

Petrolio merkea da globalizazioaren odola. Petrolio merkea amaitzen bada, globalizazio basati horri aurre egiteko gai izan gaitezke, agian. Hemen kontsumitzen ditugun tipulak, adibidez, ez daitezela Hego Amerikatik etorri.

Tokikoak hartu beharko luke indarra? Jokaleku horretan, zer egin dezake mankomunitateak?

Hiriek beti izan dute harreman estua inguratzen dituen lurraldearekin. Iruñerriko Mankomunitateak lan egin dezake bere eskualdean; 50 udal gaude mankomunitatearen barruan, eta haietako 30 baino gehiago gara landa eremukoak. Hiriaren eta herrion arteko harremana indartzen ahal dugu.

Hondakinen kudeaketaz gain, ur hornidura ere bada mankomunitatearen zeregin. Klima aldaketako egungo jokalekuan, zein da erronka esparru horretan?

Egia erran, mankomunitatearen egoera, urari dagokionez, pribilegiatua dela erranen nuke. Hiru iturri ditugu: Artetakoa, Eugiko urtegia eta Itoizkoa. Beraz, epe motzera, ur hornidura bermatuta dagoela erran dezakegu. Bertze abantaila bat dugu: ia ez dugula urik galtzen. Kontsumoak, gainera, behera egin du azken urteotan. Hiritarrei ezin diegu deus eskatu; ongi ari dira.

Mankomunitateak badu zer hobetu?

Ongi ari garela uste dut. Halere, hobetzen jarraitu behar dugu. Aurten, adibidez, udan utzi diogu Artetako ura hartzeari, ibaiaren emari ekologikoa bermatzeko. Bertze bi iturri ditugu; beraz, batek huts eginen balu ere, bertzea izanen genuke.

Itoizko ura, halere, ez da batere merkea, ezta?

Itoizko urtegia ez zuten egin Iruñerria hornitzeko. Ebroko Ur Konfederazioak, hasieran, ez zuen horretarako baimena eman ere. Azkenean, egin zuten akordio politiko bat, eta ezarri zuten ordaindu beharreko kanon bat.

Zenbatekoa?

Milioi bat euro ordaindu behar dugu urtean, Itoizko ura jaso ahal izateko. Garestia da. Orain arte, milioi hori ordaintzen ari ginen, ia urik kontsumitu gabe. Horregatik erabaki dugu udan Itoizko ura hartzea. Milioi hori ordaindu behar dugunez, erabiltzea erabaki dugu.

Iruñerriko garraio publikoa ere bada zuen ardura. Zer asmo duzue arlo horretan?

Pandemiak eragindako beherakadari buelta eman diogu. Pandemiarekin, hain zuzen, bidaiarien %90 galdu genituen. Iaztik, baina, bidaiarien kopuruak gora egin du etengabe, eta orain gure markak ontzen ari gara. Aurten, denera, 42 milioi bidaiari inguru izanen ditugu. Beti bada zer hobetu, noski. Finean, hiriak autoari egiten dio mesede. Erronketako bat da ibilbideak egokitzea.

Billabesetako gidariek protesta egin zuten Iruñeko sanferminetan, eta autobusen mantentze lanak okerrera egin duela salatu zuten.

Enpresaren ardura da; halere, ez dut uste mantentze lana txarra denik. Inoizko autobus flotarik berriena dugu. Orain zerbitzua adjudikatzeko prozesuan gaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.